Fisika Berria eta Iraultza Kopernikarraren Ondorio Filosofikoak
FISIKA BERRIA: GALILEO ETA NEWTON
Teleskopioari esker, Galileo Galileik, iraultza kopernikarreko protagonistetako batek, oso behaketa baliagarriak egin ahal izan zituen; adibidez, Jupiterrek satelite batzuk zituela, bere inguruan biraka.
Isaac Newton fisikari ingelesak azaldu zuen unibertsoko gorputz guztiak direla grabitate-indarraren jatorria, eta, aldi berean, indar horrek eragina duela haietan. Horrek esan nahi zuen lege berek gobernatzen zutela unibertso guztia, eta, hortaz, ilargi gaineko eta azpiko eremuen arteko bereizketak ez zuela zentzurik. Mundu-ikuskera aristotelikoa guztiz gaindituta zegoen.
ONDORIO FILOSOFIKOAK
Zientzian XVI. eta XVII. mendeetan izan zen aldaketari iraultza edo aldaketa kopernikarra deitzen zaio, izan zituen ondorioek zientziaren arloa gainditu eta unibertsoari eta gizakiari buruzko ikuspegi berri bat ekarri zutelako.
Sinpletasuna
Errealitate guztia lege gutxi batzuen bidez azaltzen zuen, eta lege horiek edozein gorputzen Lurreko nahiz zeruko mugimenduak azaltzeko balio zuten.
Mekanizismoa
Newtonen mekanika berriak munduaren bestelako ikuspegi edo ideia bat sortu zuen: mundua makina perfektu bat balitz bezala ikusten zen, erloju-mekanismo baten pare. Horregatik, errealitatea azaltzeko, neur eta kuantifika zitekeena bakarrik hartzen zuten kontuan, eta, hortaz, matematikoki formulatutako legeen bidez azal zitekeen. Hori dela eta, neurtu ezin zitekeen alderdi kualitatibo guztiak baztertu egingo ziren.
Determinismoa
Hasierako egoera jakin baten ondoren gertaera posible bakar bat izango da; alegia, baldin eta A gertatzen bada, ondoren B gertatuko da nahitaez. Informazio guztia bagenu eta lege fisiko guztiak bagenekizki, edozein fenomeno segurtasun guztiarekin iragarri ahalko genuke.
Jainkoaren lekua kosmologian
Iraultza kopernikarraren ondoren sortutako zientziak ez zuen Jainkoa ukatzen, baina bereizi egiten zituen unibertsoaren ikerketa eta Jainkoaren existentzia. Mundu-ikuskera mekanizistan Jainkoaren zeregina munduko makinaren eta haren legeen kreatzaile eta diseinatzaile izatea baino ez zen. Jainkoak, behin mundua sortuta, aurrerantzean ez du parte hartzen bertan.
Naturaren garrantzia
Erdi Aroan, Jainkoak eta gizakiak bakarrik zuten toki pribilegiatua errealitate osoan. Orain, naturak ere badu toki hori. Jainkoak sortu zuenetik eta bere legeak eman zizkionetik, bere kabuz eboluzionatzen ari da, Jainkoak parte hartu behar izan gabe. Neurri batean, gizakia naturaren mendean dago; izan ere, gutxienez, haren lege fisikoen mende dago.
Gizakiaren lekua kosmosean
Gizakia ohartzen da txoko ñimiño bat baino ez duela unibertso beharbada mugagabe batean. Unibertso horrek ez du helburu global agerikorik, eta ez dago batere garbi gizakiaren mesedetan diseinatu denik ere. Helburu global agerikorik ez izateak pertsonengan segurtasun falta sor dezake.
Arrazoimenaren indarra
Nahiz eta uste osoa izan lege fisikoen determinismoan, gizakia ahaltsuago ere sentitzen da lege horietako batzuk ulertzea lortu zuelako arrazoimenaren bitartez. Arrazoimenaren indarrean konfiantza izateak arindu egiten du unibertsoaren handitasun horren aurrean sortzen den babesgabetasun-sentipena.