Filosofia Presokratikoa: Munduaren Jatorria eta Izatea
Miletoko Filosofoak
Homero eta Hesiodo antzinako olerkariek asmaturiko kontakizunak munduko edozein gertakariren azalpenerako giltza ziren. Beraz, gertatzen zen guztia norbaiten eskuetan omen zegoen, alegia, jainko nahiz giza itxurako naturaz gaindiko indarren menpe. Miletotarrak, aitzitik, Europako lehenengo zientzialari bilakatu zirenak, jainkoen edo goi-izakien aipamena alde batera uzten hasi ziren, eta gauzen gertakarien galderei erantzun berriagoak eta libreagoak ematen ahalegindu ziren. Lehen filosofoen ikergai nagusia gauza guztien lehen ekaia, arjea edo lehendabiziko materia izan zen.
Tales Miletokoa
Mileton jaio zen. Joniarrek Egipto eta Babiloniarekin merkataritza-harremanak izan zituztelako, segur aski bere gaztaroan Egipton izan zen, eta bertako apaizekin hezi izan zen, Amasis faraoiaren agintaldian. Pitagoras ezagutu zuen, astronomia ikasten zuen, eta Anaximandro eta Anaximenes bere ikasleak izan ziren.
Naturaren Azalpena
Naturari buruzko (physis) galderarekin hasi zen, edo gauzen natura den printzipioarekin (ura, lurra, airea, sua...). Uste zuten urak eta lurrak, besteak beste, unibertsoko elementu guztiak sorrarazten zituztela, hau da, printzipio hori guztiaren sorrera zela. Printzipio horrek unibertsoko izaki guztiak eratzen zituela, hau da, sustratua zela. Unibertsoan gertatzen ziren eraldaketa guztiak azaldu behar zituela, hau da, kausa zela. Naturan posible zen sorrera, sustratu eta kausa izango zen substantzia, Talesek uste zuen funtzio hori urak betetzen zuela. Beraz, Talesek unibertsoaren lehen ekaitzat edo arjetzat ura hartu zuen. Baieztapen hori esperientzian oinarrituta dago, zentzu askotan ikus baitaiteke bizitzaren jatorria ura dela. Behar-beharrezkoa zaio ura. Gizakiaren jaiotzak berak ere jatorri urtsua du, isurkari amniotikoaren berri ere bazuten greziarrek. Talesek dio Lurra ur gainean dagoela eta hezetasunak gauza guztiak elikatzen dituela, ura gauza heze guztien iturria da.
Anaximandro
Talesen ikaslea zen. Lurrari buruzko mapa bat asmatu zuen, denbora neurtzeko bere itzala eskala neurtu batean proiektatzen duen objektu luzea (gnomona), izarren arteko distantziei buruzko ikerketak ere egiten zituen. Lurra zilindrikoa dela eta Lurra unibertsoaren erdian dagoela baieztatu zuen. Gauzen jatorritzat mugagabea (apeiron) proposatzen du. Apeirona betierekoa eta beti aktiboa da. Anaximandrok substantzia hau zerbait material gisa hartzen du, guztia sorrarazten duen substantzia 'jainkotiarra' da, alegia.
Anaximenes
Mileton jaioa, Anaximandroren ikaslea zen. Airea proposatzen du lehen gaitzat edo ekaitzat. Airea kondentsazioz eta zabalkuntzaz beste gauza guztietan eraldatzen da. Aireak kondentsazioz hodeiak sortzen ditu, hodeiak kondentsazioz ura, urak kondentsazioz lurra, lurrak kondentsazioz harriak eta mineralak sortzen ditu. Harriak zabalkuntzari esker lur, ur, hodei eta aire bihurtzen dira. Substantzia horien bitartez, beste gauza guztiak sortzen dira. Airea, gainera, bizitzeko ezinbesteko elementua da, arima-puztua da, arnasa airea baino besterik ez baita.
Heraklito
Heraklito Efesokoa (K.a. 535-475) ez zen ez fisikaria ez matematikaria, nahiz eta Tales Miletokoaren eta Pitagorasen pentsaeraren berri izan. Lehen ekaitzat elementu bereziren bat hartu beharrean, aldakortasunaren prozesua azaltzen du. Heraklitok ez du elementu berezirik behar; guztia isuri bat da, jario iraunkor bat, panta rhei, hots, ezer ez dago geldirik, dena mugitzen da, elementuak jario horren fase dira. Etengabeko aldaketak naturaren oinarrizko ezaugarriak ziren. Heraklitok fede gehiago zuela zentzumenetan Parmenidesek baino. «Dena etengabeko jarioan dago», ezerk ez du betiko irauten, «ezin dezakegun ibai berean bi aldiz igeri egin», guztiz une-uneko joan-etorri bat, «aurkakoen arteko borroka». «Borrokan eta ezinbestean gertatzen da oro» eta «gauza ororen ama eta erregina gerra da». «Gauzen benetako zerizanak ezkutatzea maite du». Zentzumenetara datorren aldatze hori ez da faltsua, baina ulertu egin behar da. Une oroko mugimendu orokorra Logosak gidatzen du. Logosa munduaren zerizana da, eta munduarekiko gure ezagutzaren izaera ere Logosa da. Logosa da gauza guztien iturburua eta lehen ekaia. Aurreko kontzeptuen zailtasuna bistan dago, baina gaur egungo zientziaren oinarri bihurtu dira zenbait kontzeptu. Zentzumenek ezagut dezaketenaren eta adimenak ezagutzen duenaren arteko desberdintasunak ez al du historia zientifikoaren zati handi bat markatu duen adimenaren eta zentzuen, teoriaren eta behaketaren arteko tentsioa adierazten? Ez da ahaztu behar greziarren artean ez direla oraindik bereizi «konkretua» eta «abstraktua», «materiala» eta «immateriala». Heraklitok sua arje gisa hartu zuen, bere materialtasuna azpimarratuz. Heraklitok azpimarratu zuen mundua etengabeko kontraesanez beteta dagoela. Inoiz gaixorik egongo ez bagina, ez genuke ulertuko zer den osasuntsu egotea. Inoiz gerra izango ez balitz, ez genuke jakingo bakea balioesten. Eta kontrasteen arteko etengabeko jolasa egongo ez balitz, munduak existitzeari utziko zion. «Arrazoi unibertsal» edo «Lege natural» hori guztiontzat komuna da.
Parmenides
K.a. 510. urtean jaio zen Parmenides Elean (gaur egungo Italia hegoaldean), eta K.a. 450. urtean hil zen. Elea hiriaren gobernuan parte hartu zuen, eta Sokrates gaztearekin elkarrizketatu zela ere esaten da. Haren idazlanetatik, «Naturaz Izateaz» mendebaldeko kulturan idatzi den lehena da. Izate Absolutuaren existentziaz dihardu, eta bere existentziarik eza ulertezina dela dio; baina, aldi berean, Izate Absolutuaren natura edo esentzia ulertezina dela dio, gizakiak pentsatzen duenaren mugetatik kanpo baitago. Parmenidesen pentsamendua Heraklitorenaren kontrakoa da, baina, haren antzera, itxuren azpiko batasun formalaz ere mintzatzen da. Honela mintzatu zen: «Izatea Bat baldin bada ezin daiteke ezer aldatu; zentzumenak, beraz, gezurtiak dira». Gure adimenak ezagut dezan eta arrazoitu dezan, beharrezko bidea kontraesanik gabe aritzea zela esan zuen lehena Parmenides izan zen. Izateak ez du hasierarik; ez-izatetik ezin baita izatea sortu. Izatea betikoa da: izaten den neurrian etengabea da. Izateak izaera jarraia du, ez du hutsik inon ere ez; ezin da, beraz, izatea zatitu, eta izateak itxi hesiturik egon behar du, eta biribila da. Errealitatea epaitzeko irizpide bakarra adimena da; baina, adimena kontraesanik gabe erabili behar denez gero, errealitatea bera ere kontraesanik gabeko zerbait da. Bide batez, ez-kontraesanaren printzipio ontologiko bihurtzen da: «pentsatzailea eta izatea gauza bera dira».
Zenon
Zenonek Parmenidesen filosofia indartu zuen. Oso ospetsuak dira haren paradoxak. Parmenidesen ez-kontraesanaren printzipioa hartu zuen. Zenonen paradoxa famatuek mugimendurik eza, hutsik eza eta gauza bakar baten existentzia frogatzen zituzten. Mugiezinezko errealitatea da ezagut dezakegun gauza bakarra; zentzumenek bideratzen digutenaz ez dugu arduratu behar.
Atomismoa
Atomismoak dioenez, errealitate materiala partikula zatiezinek eta hutsek osatzen dute. Demokritoren ustez, atomoak eta hutsa besterik ez dago. Atomistek mugimenduaren existentzia onartzen dute, atomoen artean hutsa existitzen delako; atomoak hutsean mugituz beren artean elkartzen dira, eta desberdinetan. Atomismoak errealitatearen azalpen materialista ematen du: dena da atomoen eransketa eta haien arteko konbinazioen ondorioa. Atomoak ez dira elkarren artean desberdintzen ezaugarri kualitatiboak direla-eta, baizik eta dimentsio kuantitatiboei eta geometrikoei esker. Osagai berberekin objektu desberdin asko sor daitezke, baina bat suntsitzen dugunean, ez dira suntsitzen hura osatzen duten atalak. Atomismoa izango da Heraklitoren eta Parmenidesen monismo joera horiek sintetizatuko dituen teoria: mugimendua aitortzen da izatearen iraunkortasuna ukatu gabe; aniztasuna aitortzen da bakartasuna hautsi gabe; materia aitortzen da adimenari ezetz esan gabe.
Enpedokles
Enpedokles filosofo izateaz gain, sendagilea, magoa eta xaman ere izan zen. Pitagorasen ikaslea zen. Elementu bakar bat ez, baizik eta lau elementu jatorrizko konbinatuko ziren proportzio desberdinez, hasiera-hasieratik, espazio guztia betetzeko. Espazioa ez zen hutsa izango, betea baizik.
Anaxagoras
Anaxagoras geometra eta astronomoa izan zen. Anaxagorasek beste eredu bat azaltzen du: Bat-a. Bat-a azkenik gabe eta nahi hainbat zatituz, elementuaren mugagabetasuna aitortzen du. Gauzen zerizana, beraz, zatigarri izatea da, amaierarik gabe zatigarria. Eta elementu zatigarri horiek, beti erdibitzen direnez gero, txikiegi geratzen dira. Ezin esan daiteke gauza bat baino txikiagorik ez dagoenik. Txikitasun hori gorpuzdun izango da espazioan. Zerbaitez egina egon, hura bihurtzen dela gauza bat ala beste. «Oro dago orotan», «gauza bakoitzean gauza guztiak daude, denetatik dago denetan». Bizitzen hastea ala hiltzea konbinazioei dagokie, betidanik eta betiko baitira; nahasketak bakarrik iragaten dira. Parmenidesen Izate Bat-a aniztasunez apurtu du Anaxagorasek. Nondik datorke, ordea, konbinazioak ahalezko egiten dituen zerbait? Nous deritzo horri, «adimena». Ez du materialtasunik, baina materian dago. Anaxagorasek, beraz, bikoiztasuna barneratzen du naturan: alde batetik materia pluralista da, eta, bestetik, huraxe zuzentzen duen forma eraginkorra edo Nousa.
Demokrito: Ikuspegi Mekanizista
Pitagorikoen geometria pentsaerari lotuz, Demokritok atomo mota asko bururatu zituen, formaz eta itxuraz desberdinak. Atomoak zatiezinak dira, formak, tamainak, ordenak eta kokapenak bereizten ditu. Monismo materialista: Monismo materialista hutsa da atomismo berri hau. Materia ez da bizidunen edo biologiaren ideien arabera ulertzen.
Pitagoras
Zenbakia funtsezko entitatea da. Pitagorikoek gorpuzdunak ez diren izakiak, hots, zenbakiak eta irudi geometrikoak asmatu zituzten, eta izaki horiek ez dira senti daitezkeen izaki errealak, baizik eta pentsa daitezkeenak. Pitagorikoek, beren asmakuntzak bultzatuta, izatea berdintzen dute matematikaren objektuen izatearekin. Zenbakiak eta irudiak gauzen esentziak dira. Pitagorikoen matematika ez da zenbakien arteko ariketak egiteko teknika bat, baizik eta mugagaitzak eta betierekoak diren izaki berrien asmakuntza eta eraikuntza dira, gauza aldakorrak eta suntsikorrak ez bezala. Gauza guztiak zenbakitzat jotzen zituzten; zenbakizko erlazioetara mugatzen zuten guztia; Guztia zenbakiek osaturik zegoenez gero, horren muga unitateak izan behar zuen. Bat-a nahiz Puntua hartzen baitira unitatetzat. «Bat» edo puntu unitate hori da elementua, eta horren konbinazioak sorraraziko ditu munduko egitura guztiak. Gauza fisikoak eta izaki geometrikoak: hautsi ezina den elementuren batean sinestea (grezieraz atomos zeritzan hark, «zatiezin» esan nahi du). «Lerroa» bi puntuk osatzen dute; «planoa», hiru puntuk; eta funtsezko «solidoa», lau puntuk. Zientzia fisikoa sortzeko eta bilakatzeko hain funtsezkoa den ideia hori, mundua geometriaren bitartez eraikitzen dela. Itxuren azpitik, zenbakiak ematen du gauzen zerizana; munduko egitura zenbakien arteko erlazio bat izango litzateke, arrazoi matematiko hutsa. Mundutik zentzumenen oharpenera datorkigunak ulergarria izan behar du, haren azpi-azpiko zoru matematikoa ulergarria den antzera: zenbakia ulertzen duen adimenak mundua ere uler dezake; mundua arrazoiduna da, beraz.