Filosofia Analitikoa eta Wittgensteinen Tractatusa
Testuinguru Filosofikoa: Filosofia Analitikoa
XX. mendean zientzia-zaletasuna nagusitu zen, eta zientziaren aurrerakada ikaragarria ezagutu zen. Filosofo gehienek metafisikarekiko ezadostasuna agertzen dute, batez ere alemaniar idealismoaren (Kantena) aurkako jarrera, eta guztiek defendatzen dute enpirismoa eta positibismoa. Positibismoak metafisikarekin, eta bereziki idealismoarekin, bukatu nahi du, zentzurik gabekoa delako. Beraz, metafisikaren ordez, zientzia izango da positibismoaren eredua. Zentzumenen bidez hautematen dena izango da aztergai, eta hautematen ez dena, ezin da ezagutu.
Mende honetan, korronte filosofiko hauek ditugu:
- Marxismoa, existentzialismoa (Sartre, Schopenhauer) eta bitalismoa (Nietzsche).
- Hauez gain, Mugimendu Analitikoa: Filosofia berria, hizkuntza aztertzea helburu duena (Hizkuntzaren filosofia). Ez da teoria bat, jarduera bat baizik.
Hiru etapa bereizten dira Mugimendu Analitikoaren barruan:
Atomismo Logikoa
(B. Russell). Hizkuntza logiko-matematikoa, artifiziala aztertuko da. Hizkuntzek eta munduek egitura logiko-matematikoa dutenez, munduaren egitura ezagutzeko hizkuntzarena aztertu behar da. Wittgensteinek lehenengo etapan jarraitu zuen.
Neopositibismoa (edo Positibismo Logikoa)
Positibismo berria hizkuntzari aplikatua. Vienako Zirkuluak landua eta Tractatusean oinarritua. Zientzia egitea du helburu.
Filosofia Analitikoa
Wittgensteinek bigarren etapan jarraitu zuen. Hizkuntza arrunta kontuan hartzen hasiko da, eta hizkuntzari buruz ikuspegi desberdina emango du.
Wittgensteinen Tractatusa: Mundua, Pentsamendua eta Hizkuntza
Mundua ezagutu nahi dugu, eta horretarako pentsamendua dugu. Pentsamenduak mundua, errealitatea irudikatzen du, eta hizkuntza pentsamendua adierazteko tresna da. Hiruen artean erlazio zuzena dago. Beraz, pentsamenduaren mugak finkatzeko, lehenengo hizkuntzaren mugak finkatu behar dira.
Wittgensteinek “Zer esan dezaket” galderari erantzun nahi dio, eta hori guztia Tractatusean lantzen du, bere obrarik zehatz eta enigmatikoenean. Bertan teoria isomorfikoa lantzen du. Mundua, pentsamendua eta hizkuntzaren artean erlazio zuzena dago, eta hiruek egitura logiko berdina dute. Hizkuntzaren egitura logikoa argituz, munduaren egitura logikoa argituko da.
Mundua gertakari atomikoen (objektuen arteko erlazioak) multzo batez osatua dago, eta hizkuntza proposamen atomikoen (izenen arteko erlazioak) multzo batek osatzen du. Munduaren gertakari atomiko bakoitzari hizkuntzaren proposamen atomiko bakarra dagokio. Gertakariek eta honi dagokion proposamenek egitura logiko berdina dute. Objektu bati egokituko diogu izen bat, baina hori egitean, bien arteko erlazioa ez da logikoa, konbentzio bat baizik.
Beraz, proposamen atomikoak banan-banan aztertuz, gertakari atomiko guztiak ezagutuko ditugu, hau da, mundua ezagutuko dugu. Honela laburtu daiteke: esan daitekeena argi esan daiteke.