Filosofia Analitikoa: Wittgenstein eta Hizkuntzaren Azterketa
Filosofia Analitikoa
Filosofia analitikoaren barnean hiru korronte nagusi bereiz daitezke:
Bertrand Russell eta Lehen Wittgensteinen Atomismo Logikoa
Logika eta hizkuntzaren filosofia hartzen dituzte abiapuntutzat. Beraien helburua hizkuntza arruntaren akatsak gaindituko dituen hizkuntza ideal (logiko) bat sortzea da.
Neopositibismoa edo Positibismo Logikoa
Tractatus-aren tesiak beraien filosofiaren oinarritzat hartu, eta hizkuntza zientifiko ideal baten bila aritu dira (fisikalismoa). Filosofiaren eginkizun bakarra zientziaren logika izatea dela aldarrikatzen dute.
Filosofia Analitikoa (Hizkuntza Arruntaren Analisia)
Analisi filosofikoaren bigarren etapa da. Analisia egiteko modu honi formalismoaren aurkakoak esaten zaio; izan ere, hizkuntza zientifikoa alde batera utziz, hizkuntza arruntaren analisia egingo du. Ez dago hizkuntza logikorik, perfektua denik, beste guztien eredua denik.
Wittgenstein I eta Wittgenstein II: Zer dute Komunean?
Filosofia ekintza bat da, eta ez jakintza. Ekintza hori hizkuntzaren analisian datza.
- Wittgenstein I (Tractatus): Hizkuntza formalari buruz aritzen zen; hitza objektuaren zeinua da, izena, haren ordez jartzen delarik.
- Wittgenstein II (Ikerkuntza Filosofikoak): Hizkuntza erabileraren ikuspuntutik aztertzen du; hizkuntza bizitzaren alde bat da.
Bietan, filosofiaren funtzio deskriptiboa eta terapeutikoa ematen da, nahiz eta modu desberdinean gauzatu.
Wittgenstein II: Azalpen Laburra
Tractatus-eko teoria: Hizkuntzaren eginkizuna errealitatea deskribatzea da. Hitzen esanahia izendatzen dituzten objektuetan datza.
Wittgenstein II.ak, aldiz, hitzak beste eginkizun batzuetarako erabiltzen ditugula dio, errealitatea adierazteaz gain. Garrantzitsuena nola erabiltzen ditugun jakitea da. Hizkuntza ikastea hitzak erabiltzen ikastea besterik ez da.
Ondorioak
- Hitzek ez dute erabilera bakar bat.
- Hizkuntza-jokoak: Beraien artean ez dute ezaugarri komunik (esanahia), familia-kutsua baizik.
- Hizkuntza erremintatzat hartzen da: Gauzak egiten ditugu hizkuntzaren bidez.
- Hizkuntza-joko desberdinek berezko erregelak dituzte: Ez dago hizkuntza-eredu bakar bat.
- Hizkuntza guztiak ondo daude, ez ditugu zuzendu behar logikaren bidez.
Funtzio Deskriptiboa
Filosofiaren lana, orduan, ez da ohiko hizkuntza zuzentzea, lehen bezala. Hizkuntza-jokoen erregelak aztertu eta deskribatu behar ditu. Jokoak nola funtzionatzen duen ulertu behar dugu. Filosofia ekintza bat da, eta analisian datza.
Funtzio Terapeutikoa
Garrantzitsua da arauak agerian jartzea; bestela, nahasteak sor litezke. Hizkuntza-joko baten arauak desberdin erabili, edo bi hizkuntza-jokoen arauak nahas daitezke. Hori gertatzen denean, arazo filosofikoak sortzen dira. Arazo filosofikoak ez dira benetako arazoak, errealitateari buruzko sasi-arazoak baizik.