Fernando VII.aren Krisia eta Karlisten Sorrera (1823-1833)

Historia2,87 KB

Absolutismoaren Porrota eta Liberalen Errepresioa

Absolutismora itzultzeak, hala ere, ez zuen krisia gainditzea ekarri. Erregeak ezin izan zien ez barne ez kanpo arazoei aurre egin. Bestetik, liberalen aurka abian jarri zuen errepresioak Europako monarkiak larritu zituen, eta presioa egin zuten erregeak herritarren arteko adiskidetzea bultza zezan. Ondorioz, amnistia dekretu bat eman zuen, baina horrek ez zuen ia inor pozik utzi:

  • Liberalek salbuespen asko zituela uste zuten.
  • Absolutista kontserbadoreenak —apostolikoak deituak—, berriz, Inkisizioa ezarri ez zelako zeuden haserre.

Azken horiek Karlos Maria Isidro infantearen inguruan biltzen hasi ziren.

Liberalismoaren eta Absolutismoaren arteko Zatiketa

Absolutismo monarkikoa berrezarri zen arren, Hego Euskal Herriko eta Espainiako gizartearen zati garrantzitsu batek bereganatu zituen printzipio liberalak. Ideologiaren zatiketaren ondorioz bi bando bateraezin sortu ziren, handik gutxira gerra zibilean aurrez aurre egongo zirenak:

  • Sistema konstituzionala ezartzearen alde zeudenak (moderatuak zein erradikalak).
  • Monarkia absolutuaren alde zeudenak (Hego Euskal Herrian foruen iraupenarekin loturik zegoena).

Oinordetza Arazoa: Lege Salikoa eta Berrespen Pragmatikoa

Testuinguru horri lotuta, Fernando VII.aren erregealdiaren azken urteetan Espainiako tronuaren oinordetzaren arazoa planteatu zen. Fernando VII.ak oinordeko zuzenik ez zuenez, bere anaia Karlos Maria Isidrok bere burua Espainiako koroaren oinordekotzat hartu zuen. Egoera hori erabat aldatu zen Fernando VII.a 1830. urtean Napoliko Maria Kristinarekin ezkondu zenean eta hau haurdun geratu zenean.

Oinordetza kontuetan bazen Felipe V.ak 1713an emandako lege bat, Lege Salikoa, eta horren arabera, emakumeek ezin zuten koroa oinordetzan jaso. Erreginaren haurdunaldiaren berri izan zuen urtean, Fernando VII.ak Lege Salikoa bertan behera utzi zuen (Berrespen Pragmatikoa, emakumeei erregetza oinordetzan jasotzeko eskubidea onartuz).

Isabel II.a izango zenaren jaiotzak Don Karlos infantea tronutik baztertu zuen, eta ideologikoki kontrakoak ziren bi bando sortu ziren:

  • 1. Bando Karlista (Apostolikoak)

    Absolutismo monarkikoaren aldekoak ziren eta Berrespen Pragmatikoaren legezkotasuna ukatu zuten. Don Karlosek koroa berreskuratzeko zuen eskubidea defendatu zuten. Hego Euskal Herrian foruen iraupena ere aldarrikatu zuten, eta mugimendu karlista XIX. mende osoko indar politiko handienetarikoa bilakatu zen. Fernando VII.a hil zenean (1833), matxinatu egin ziren.

  • 2. Bando Liberala (Isabeldarra edo Kristinatarra)

    Joera guztietako liberalak bildu zituen. Isabelen alde egin zuten, adin txikikoa izateak erregetzaren gobernuan eragina izateko bidea irekitzen baitzien.

Deskargatu

PDF Word HTML