Fedea eta Arrazoimena Santo Tomasengan
Errealitatea nolakoa den aztertzeko bi bide bereizi zituen: fedearena, teologiarena, bata, eta filosofiarena, arrazoimenarena, bestea. Abiapuntu ezberdina dute eta bide ezberdina jarraitzen dute. Filosofiari egia naturala dagokio, eta Teologiari naturaz gaindiko egia. Filosofiak arrazoimena erabiltzen du, behetik gora abiatzen da –zentzumenetatik abiatuz- eta arrazoimenaren egiak aurkitzen ditu. Teologiak errebelazioa du abiapuntu eta jainkozko autoritatean oinarrituz, fedearen eremuko egiak lortzen ditu. Bakoitzak bere aldetik egia lortu badezake (independienteak dira) ere, ezin du bien artean gatazkarik egon, arrazoimena eta fedea Jainkotik baitatoz. Arrazoimena buruaskia da egia lortzeko (San Agustineki ezberdintasun nagusia , hark arrazoimenak fedea behar duela adierazi eta bi eremuak nahasi egin baitzituen). Ezberdinak dira, baina ez kontrajarriak, ez dago egia bikoitzarik (kontraesana dagoenean bien artean akatsa dago, ez filosofian, baizik eta filosofoan). Metodologikoki ezberdinak badira ere eta egi irizpide ezberdina erabiltzen badute ere, helburu komuna dute, egia lortzea. Desberdintasun horien ondorioz, diziplina bakoitzak esparru propioa du, eta gizakiari biak beharrezko zaizkio egia ezagutzeko: Filosofiaren esparrua, egia naturalarena, arrazoimenaz lortua. Ezin daitezke fedeaz ezagutu, ez baitzaizkigu errebelatzen.,fede atarikoak ezik. Teologiaren esparrua, naturaz gaindikoa, fedeaz lortua. Jainkoarengandik etorriak izanik, ezin da okerrik egin. Ezin dira arrazoimenaz jaso, ulertezinak dira. Arrazoimena gainditzen badute ere, ez zaizkio kontrajartzen, beste maila batekoak dira. Filosofia eta teologiaren eremua. Arrazoimenaz zein fedeaz ezagutu daitekeen egien multzoa, fede atarikoak deituak. Errebelatu egin zaizkio gizakiari, beraz, sinetsi egiten ditugu, baina, aldi berean, giza arrazoimenak badu haiek ezagutzeko gaitasuna. Haien artean ditugu Jainkoaren existentzia eta arimaren hilezkortasuna. Bide aniztasuna ez da alferrikakoa, elkarlana baitago. Arrazoimenak fedeari laguntzen dio sinesmena indartuz, fede errebelatua argitzen lagun dezaketen datuak hornituz, eta fedeak arrazoimenari laguntzen dio, arrazoimenak fedearekiko kontrajarriak diren egiak lortuz gero, berraztertu egin behar direla azalduz. (Jainkoak bi tresna eman dizkigu bide intelektual hutsez iritsi ezin dutenek ere iritsi ahal izateko). Elkarri laguntzen badiote ere, jarduera filosofikoa mendekoa da, teologiaren zerbitzaria. Batetik, Teologia zuzena eta ergia da eta ez dezake hutsunerik egin. Bestetik, filosofiak asken kausak aztertzen dituenez eta gauza guztien azken kausa Jainkoa denez, Jainkoaren azterketa bilakatuko da filosofia.