Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894): Analisia eta Testuingurua

Historia4,09 KB

Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894): Testuingurua eta Analisia

Aurrean daukagun testua Euskeldun Batzokijaren estatutuak dira, 1894. urtean idatzia. Iturri primarioa da, 1894. urteari buruz hitz egiten duelako eta urte berean idatzi zelako. Bilbon idatzi zen eta Errestaurazio garaian (1875-1923) idatzi zen, Maria Kristina erregina zelarik. Espainiako herriari zuzenduta zegoen, batez ere langileei, beraz, publikoa da. Testu hau politiko-juridikoa da. Juridikoa artikuluetan banatuta dagoelako eta alderdi politiko baten estatutua delako, eta politikoa bertan nazionalismoaren ideiak agertzen direlako. Bere helburua herritarrak batzokiaren legeez informatzea da. Testuaren ideia nagusia batzokiaren eta nazionalismoaren oinarriak (ideologia) ezartzea da. Horrekin batera, bigarren mailako hainbat ideia azaltzen dira, hala nola, Jaungoikoa eta Lege Zaharra kontzeptuen azalpena, erlijioaren eta politikaren arteko botere banaketa edota euskal probintzien antolaketa.

Testuinguru Historikoa

Testuaren analisiarekin hasi baino lehen, hau denboran kokatu beharra dago. 1894. urtean idatzita dago, Errestaurazio garaian, goian aipatu bezala. Errestaurazio garaiak 1875etik 1923. urtera arte iraun zuen. Alfontso XII.a zen errege, Martinez Campos jeneralak Serranoren diktadura bukatzeko idatzi zuen Sandhursteko manifestuaren ondorioz. Canovas del Castillok jarri zuen martxan garai hau eta hiru oinarri garrantzitsuenak 1876ko konstituzioa, txandakatze sistema eta jauntxokeria ziren.

Errestaurazio Garaiaren Ezaugarriak

Errestaurazio garaia Alfontso XII.aren erreginaldiarekin hasi zen. Hau gazte hil eta 1885. urtean Maria Kristina bilakatu zen erregina, 1902. urtera arte. Canovas del Castillok eta Sagastak Pardoko Ituna sinatu zuten Errestaurazioko txandakatzeak jarrai zezan. Lehenengo bost urtean Sagasta egon zen eta gero 1890. urtetik aurrera biak txandakatzen ibili ziren behin eta berriz. Kubako Gerra ere eman zen 1895-1898 urteen artean eta azken urte horretan Pariseko Hitzarmena sinatu zen Kubari independentzia emanez Espainiak. Gerra honek porrot militarra eta koloniak galtzea eragin zuen.

Industrializazioa Euskal Herrian

Garai honetan ere Euskal Herrian industrializazioa eman zen. Hau Europako beste herrialdeekin alderatuz berandu eman zen. 1880. urtean Bizkaian hasi zen ematen eta gero Gipuzkoara hedatu zen. Hasierako garapen ekonomikoa burdin erauzketa eta industria siderurgikoa izan ziren. Abiada bizikoa izan zen eta probintzien arteko desberdintasunak latzak izan ziren. Lehenik, esan bezala, Bilbo eta ezkerraldea industrializatu ziren eta bertako enpresariak Gipuzkoan inbertitzen hasi ziren, 1900tik aurrera zonalde hauek industrializatuz, geldoago. Araba eta Nafarroa ez ziren industrializatu Frankismora arte. Merkatuak ez zeukan Espainiatik kanpo konpetitzeko gaitasuna eta horregatik neurri protekzionisten beharra zegoen, testu honetan aipatzen direnak.

Industrializazioaren Faktoreak

Industrializazioa gertatzeko hainbat faktore eman ziren:

  • Ohiko industrigintza bazegoen, eskulan gaitua zegoen eta merkatal burgesia.
  • Kapital metaketa zegoen Ameriketatik itzulitako jendea zela eta.
  • Teknologia aldaketak ere eman ziren. Siderurgian Bessemer biurgailua erabiltzen hasi ziren eta honi esker Bizkaian bakarrik zegoen mea altzairu bihurtzen hasi ziren.
  • Bizkaiko burdin meategiak itsasotik hurbil zeuden eta mea garraiatzeko eta ateratzeko erreza zen.

Euskal Nazionalismoaren Sorrera

Bestetik, migrazio mugimenduak eman ziren nekazal guneetatik zona industrializatuetara, beraz, Bizkaira ere, eta etorkinen etorrerak euskal nazionalismoa sortu zuen. Hau Sabino Aranak sortutako ideologia bat zen eta Euskal Herriak nazio izaera zuenez estatu propioa eratzeko eskubidea zuela aldarrikatu zuen. Arrazoi honetaz gain bigarren arrazoia III. Gerra Karlistan foruen abolizioa izan zen eta beraz hauek pribilejioen amaiera ekarri zuen. Aranaren ideologian nazio kontzeptua alemaniarrek zuten eredu berdina zen, hots, arraza, hizkuntza, ohituretan, geografia, historia, gobernu eraketa, folklorea, tradizioa… oinarrituta.

Deskargatu

PDF Word HTML