Euskal oposizioa eta ETAren bilakaera (1960-2017)
Euskal oposizioaren indartzea 60ko hamarkadan
Garapen ekonomikoak aldaketa sozial ugari ekarri zituen (inmigrazioa, ohitura berriak...), baina ez zuen aldaketa politikorik ekarri. 60ko hamarkadako garapen ekonomikoaren ondorioz, oposizioa indarberritu egin zen. Talde berrien parte hartzeari esker, kleroa, ikasleen mugimendua, langileen mugimendua, kultura arloko erresistentzia eta ETA euskal oposizioaren protagonista bihurtu ziren.
ETAren sorrera eta ideologia
ETA 50eko hamarkadan EAJtik urrundu zen unibertsitateko gazte abertzale talde batetik sortu zen; ideologia akonfesionala, euskaltzalea eta independentista zuen. Parisko Hitzarmenaren ondoren, EAJk Euskal Herriaren aldeko borrokari uko egin ziola pentsatzen zuten eta, ondorioz, 1959an ETA sortu zuten. Bere ideologian marxismoa barneratzea eta ekintza armatua erabiltzea erabaki zuten. 1968an egin zuen lehen atentatua.
Zatiketak eta joera politikoak
ETA barruan bi joera sortu ziren:
- Moderatuak: Borroka armatuaz gain, langile mugimenduarekin harremanak estutu eta borroka politikoan ere aritu nahi zutenak.
- Erradikalak: Irtenbide bakarra borroka armatuan ikusten zutenak.
ETA barruan hainbat zatiketa eman ziren, azkena 1974an. Taldea bi adarretan banatu zen: ETA politiko-militarra eta ETA militarra. Lehenak, bigarrenak ez bezala, irtenbide militarraz gain, borroka politikoan parte hartu nahi zuen. ETA politiko-militarra desagertzean, kideak Euskadiko Ezkerran sartu ziren.
Borroka armatuaren amaiera
2011n borroka armatuari amaiera ematea erabaki zuen ETA militarrak. Sei urte geroago, 2017ko apirilaren 8an, armak entregatu zizkion Frantziako Gobernuari, arma gabeko talde bihurtuz. Armak entregatu badituzte ere, oraindik ez da disolbatu.
Erregimenaren errepresioa eta diktaduraren amaiera
70eko hamarkadan, euskal gizartea erradikalizatu eta ETAk ekintza armatuak areagotu zituen. Erregimenak indarkeria handiagoz erantzun zion:
- Burgosko Gerra Kontseilua: ETAko 16 kideren kontra, horietako seiri heriotza-zigorra ezarri zieten. Epaiketa horrek historian oposizio-mugimendurik indartsuenetarikoa sortu zuen eta Francok heriotza-zigorrak baliogabetu behar izan zituen.
- Fusilamenduak: Txiki eta Otaegi ETAko kideen eta FRAPeko hiru kideren fusilamenduak (orduan ez zuen Francok indulturik eman, nahiz eta protestak inoiz baino handiagoak izan).
Azken urteetan, diktadura gizartean kanpoko eta isolatua geratu zen. 1975eko azaroaren 20an Franco hiltzean, desagertu egin zen.