Euskal Literatura Garaikideko Hiru Idazle: Cano, Izagirre eta Txillardegi
Harkaitz Canoren Ipuingintza
Harkaitz Canoren ibilbide oparoa nobelak eta olerki-liburuak badira ere, ipuinak lantzeko gaitasunean aitortu zaio maisutasuna eta, besteak beste, Julio Cortazarren eragina antzeman izan diote. Argentinarrak bezalaxe, Canok generoaren barruan eroso eta sortzaile sentitzen dela frogatu du Neguko Zirkua izenekoan. Horretan, Canok, hogeigarren mendeko literatura mendebaldarraren ezaugarrietako batzuk orain bizi dugun honetan indarrean dirautela erakutsi du. Ironiaren erabilera eta meta-literatura lirateke horietako bi. Hautatu dugun prosa zatian Canok biekin egiten du jolas, bide batez bere erreferentziazko bi izenekin jolastuz. Literatura sortzean jolas egitea baita hogeigarren mendeko literaturak utzi digun beste ezaugarrietako bat.
Biografia
(Donostia, 1975). Lubaki Banda izeneko taldearen partaide gisa agertu zen plazara eta bera da talde horretako ahots ezagunena. Oso gazterik hasi zen argitaratzen. Hogei urterekin Beluna jazz eleberria argitaratu zuen eta tituluan bertan bere ezaugarrietako bat jarri: musika zaletasuna. Ondoren sortu duen guztia estimatua bezain oparoa da, genero anitzetan. Bestalde, gidoigile ere jarduten du, telebistan. Canoren beste zaletasunetako bat zinema da eta, bere narrazio, hitzaldi eta artikuluetan nabarmena da bi arte horien eragina. Itzultzailea, bidaiari asperrezina, hainbat hedabidetan kolaboratzen du, kronikak nahiz iritzi-artikuluak idatziz.
Koldo Izagirreren Prosa Landua
Koldo Izagirreren prosa guztiz pertsonala eta landua da, beste inorenarekin nahastezina. Klasikoetatik hartu duenaz gainera, herri hizkeratik asko du haren prosak. Herriaren ahotik hitzak eta esamoldeak ez ezik kontatzeko moduak ere hartu ditu. Horrekin batera herriaren istorioak eta historia ere hartu ditu. Koldo Izagirrek harako hura egiten baitu: norberaren sorlekukoa kontatuz benetako literatura egin. Sua nahi, mister Churchill narrazio-liburua esandako guztiaren gailurra da. Hona ekarri dugun pasartea, aldiz, Nik ere Germinal! egin gura aldarri eleberritik hartua da. Eleberria gertaera historikoetan oinarritua da.
Biografia
Koldo Izagirre Pasaian jaio zen, 1953an, eta Pasaia du bere literaturgintzako erreferente nagusietakoa. Gazterik ekin zion literaturari, eta Ustela eta Oh! Euzkadi aldizkarien sorreran izan zen. Harrezkero literatura-genero gehienak landu ditu. Horrez gainera, 1991n Offeko maitasuna filma zuzendu zuen, Ke arteko egunak filmean gidoilari jardun ondoren. Hizkuntza jatorraren bila, lokuzioen arloan aitzindari ibili da; horren lekuko dugu Euskal lokuzioak liburua. Iritzi-artikulugile zorrotz gisa ere nabarmendu da. Literatura unibertsaleko egile garrantzitsuak euskaratu ditu, galegoak batik bat, bere sorterriko kale-hizkuntzetako bat galegoa delako agian.
Txillardegi: Euskal Nobelagintza Modernoaren Aitzindaria
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi: Europan modan zegoen existentzialismoaren ildotik idatzia eta 1957an argitaratua, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua jotzen da euskal nobelagintza modernoaren lehenengotzat. Horren ostean, Peru Leartzako eta Elsa Scheelen etorri ziren, 1960an eta 1969an, hurrenez hurren. Hiru horietako lehenarekin, besterik gabe, leku berezia merezi izango luke euskal literaturaren historian. Leturiak ekarri zuen haustura ulertzeko, esan behar da eleberria ez dela baserri girokoa, lehen pertsonan eta egunerokoaren itxuraz idatzia dela eta kristau ideologiatik aldentzen dela. Hurrengo bi eleberriek lehenaren ildoan sakondu zuten, gerora etorri diren lanek zabalago egin dute idazlearen itzala. Saiakeraren arloan ere aitzindari, oso gogoan hartu behar dira Huntaz eta hartaz eta Hizkuntza eta pentsakera lanek beren garaian izan zuten eragina.
Biografia
Donostian jaio zen 1929an. Txillardegi goitizenez ezaguna, gaztetan ekin zion euskara ikasteari; Frankismoaren kontrako borrokari ekin zion gero. Horrela bada, Ekin taldearen sorreran izan zen; baita ere haren ondoren, 1959an, sortu zen ETA erakundearen jaiotzan. Hori dela eta, erbestea ezagutu zuen. Ikasketez ingeniaria eta hizkuntzen teoria aurreratuenetan aditua, euskara batuaren sorreraren eragin nabarmena izan zuen, batik bat dibulgazio mailako bere liburuengatik -Euskara batua zertan den; Sustrai bila- eta gramatika eta fonetika lanengatik. Horrez gainera literatura-lan oparoa idatzi du. Bere bizitzaren kontaera ere egin du, Euskal Herria helburu liburuan.