Euskal Langile Mugimenduaren Historia: Sindikalismoaren Sorrera eta Bilakaera Euskadin (1890-1931)
Langile Borrokaren Hasiera Euskadin
Denbora pasa ahala, langileen baldintzak hobetzen ez zirenez (batez ere meatzari-inguruetakoak), beren lan eskubideak defendatzeko greba erabiltzen hasi ziren. Meatzarien lehenengo greba garrantzitsua 1890ean izan zen, eta emaitza onak lortu zituzten. Mende amaierarako, sindikalismo sozialista Donostia, Gasteiz eta Eibarrera hedatu zen.
Sozialismoaren Lehen Urratsak Udaletxeetan
1891ko udal hauteskundeetan, sozialistek arrakasta lortu zuten, Bilboko Udalean PSOEko lehenengo zinegotzia edukitzea lortu baitzuten: Manuel Orte.
Greba eta Sindikatuen Gorakada
90eko hamarkada nahiko lasaia izan zen, ez zen greba asko egon. Egia da 1899an greba orokorrerako deia egon zela, baina porrot egin zuen. 1910ean, greba batek arrakasta handia izan zuen.
Abertzaleen Sindikatu Propioa: SOV-ELA
Abertzaleen ustez, PSOE espainolen sindikatua zen, eta beren sindikatu propio bat eduki nahi zutenez, 1911n EAJk bere sindikatua eratu zuen: SOV-ELA.
Euskal Sozialismoaren Barne Tentsioak
Euskal sozialismoaren indar nagusia etorkinak izan arren, mugimendu horren barruan euskaldun autoktonoak ere bazeuden; adibidez, Tomás Meabe, abertzaletasunetik alde egin ondoren Juventudes Socialistas de España izenekoa sortu zuen, baita Lucha de clases astekaria ere, eta horren izenak agerian jartzen ditu bertan garaturiko ideiak. Hala ere, 1915ean tentsioak areagotu ziren Alderdi Sozialistaren barruan; hain zuzen ere, ordu arte buruzagi izandako Facundo Perezaguaren eta probintziako diputatu Indalezio Prietoren artean.
Azkenean, gehiengoa Prietoren alde jarri zen, eta bera izendatu zuten buruzagi. Gainera, Prieto Gorteetako diputatu hautatu zuten, eta, ondorioz, grebak alde batera utzi eta politikan parte hartzen hasi ziren (hauteskundeetan). Garai hartako Europako giro iraultzailearen ondorioz, langile-sindikatu guztiak (sozialistak, anarkistak, abertzaleak...) hazi egin ziren.
CNT eta Anarkismoaren Indarra
Urte horretan, CNT sortu zen. Hauek grebak, boikota, sabotajeak eta indarkeria erabili zituzten, eta ez zuten instituzioekin kolaboratu nahi izan.
Lehen Mundu Gerra eta Gizarte Gatazkak
Lehen Mundu Gerraren garaian, Euskadin ekonomiaren egoera ona izan zen, baina oraindik ere gizarte-gatazkak egon ziren.
1917ko Greba Orokorra eta Ondorioak
1917an, Bizkaiko metalurgia-sindikatuak greba iragarri zuen, eskakizun hauek egiteko: 9 orduko lanaldia, soldata igotzea eta ordainketa astero egitea. Mugimendu hori hasieran beste sektore batzuetara eta Gipuzkoara hedatu zen, eta aurrerago Espainia osoan orokortu zen greba. Hala ere, emaitza ez zen espero bezain ona izan. Azaroan hauteskundeak egon ziren, eta EAJ eta beste sindikatu eskuindar batzuk abertzaleek baino boto gehiago lortu zituzten.
Sozialisten Bereizketa eta Komunismoaren Agerraldia
1921ean, lan-baldintzak okerrera egin zuten. Gainera, sozialistak bereizketaren eraginez ahul zeuden, eta sozialista erradikalenak (Perezaguaren aldekoak) komunistekin elkartu ziren, adibidez Dolores Ibarruri. Beste sozialistak Prietorekin eta II. Internazionalarekin geratu ziren.
Primo de Riveraren Diktadura eta II. Errepublika
1923-1927 bitartean, gatazka gutxi izan zen. Baina Primo de Riveraren diktaduraren azken urteetan, berriro piztu zen, II. Errepublika aldarrikatu zen arte. Primo de Riverak anarkismoa suntsitu zuen, eta UGTk indarra hartu zuen. Eibar izan zen II. Errepublika aldarrikatzen lehena, 1931ko apirilaren 13an.
Azkenik, esan beharra dago, testu honek berebiziko garrantzia duela Berrezarkuntza garaian, batik bat industrializazioaren eraginez garatutako langileen mugimendua hobeto ulertzeko: besteak beste, nola sortu zen edota zeintzuk izan ziren mugimenduaren ezaugarri nagusiak. Langileen mugimenduak garrantzi izugarria izan zuen. Izan ere, aurrerapauso handi bat suposatu zuen; garai hartan langileen bizi-baldintza penagarriak hobetzeaz gain, gaur egunera ere haien oihartzuna iritsi baita, orain langileen eskubideak defendatzeko ditugun sindikatuak garai hartan sortzen hasi baitziren.