Euskal Industrializazioa eta Langile Mugimendua (1904-1930)

Historia11,42 KB

Sarrera: Blasco Ibáñez eta "El intruso"

Jarraian aztertuko dugun testua Vicente Blasco Ibáñezen El intruso eleberritik jasotako pasarte bat da.

Testuinguru Historikoa: Berrezarkuntza Garaia

1904ko testua dugu, Berrezarkuntza Garaikoa, beraz. Alfontso XIII.a zegoen agintean, eta Cánovas eta Sagastak kontrolatu zuten gobernua orain gutxi arte, txandaka. Cánovas 1898an hil zuten Arrasaten, eta Sagasta, berriz, 1903an. Bai bata zein bestea Espainiako gobernuburu izan ziren txandaka 6-7 aldiz.

Vicente Blasco Ibáñez: Idazle eta Politikaria

Vicente Blasco Ibáñez zuzenbide-ikasketak egin zituen idazle, kazetari eta politikaria izan zen; gaztetatik errepublikaren aldekoa izan zen.

1909an kolono gisa finkatu zen Argentinan, eta, bi saiakerek porrot egin bazuten ere, "Cervantes" eta "Nueva Valencia" nekazari-kolonia utopikoak sortu zituen. 1914an, Parisera iritsi zen aliatuen alde lan egitera. Bertan, Los cuatro jinetes del Apocalipsis eleberria idatzi zuen (1916), AEBetan arrakasta handia izan zuena eta film bat baino gehiago egin zirena eleberri hori oinarri harturik. Valentziara itzuli zen, baina Primo de Riveraren diktaduran erbesteratu egin zen.

Lehen eleberriak Valentzian kokatu zituen, eta hango burgesiari kritika egin zion, arrantzaleen bizitza gai hartuta. Valentziarra bazen ere, Bilbon bizi izan zen hilabete pare batez, eta Bilbon kokatu zuen eleberri hau. Testu honen asmoa meategietan lan egiten zuten pertsonen bizi-baldintzak, meatzarien lan-baldintzak eta harremanak deskribatzea da.

Euskal Herriko Industrializazioa eta Garapena

Berrezarkuntza Garaian, Euskal Herriak ekonomia-garapen bizia izan zuen. Euskal industrializazioari buruz hitz egitean, Bizkaiko Industria Iraultza aipatzea ezinbestekoa da. Iraultza horren abiapuntua burdina mineralaren erauzketa eta esportazioa izan ziren. Jarduera horrekin lortutako kapitala burdingintza-industriaren oinarri izan zen, eta industria-garapenaren bultzatzailea.

Baina karlistadek eta foruek industrializazioa atzeratu zuten, eta ez zen XIX. mendearen hasiera arte abiatu. Bizkaian, 1840. urte inguruan zenbait enpresa sortu ziren (Boluetako Santa Ana, adibidez, lehen sozietate anonimo modernoa), baina industrializazioa XIX. mendearen amaieratik hasita finkatu zen.

Industrializazioaren fenomenoaren protagonista burgesia sortu berria izan zen. Burgesia hau meategien jabe zen, atzerriko konpainiekin batera. Etekinak industria osagarri batzuk eratzeko inbertitu zirenean, Bizkaiaren garapen kapitalistari hasiera eman zitzaion. Hori baino lehen, Bizkaiak egiten zuen gauza bakarra lehengai minerala esportatzea zen.

1887tik aurrera, burgesia industriala, Víctor Chávarri buru zuela, merkatu nazionalaren kontrola ziurtatuko zion legeria protekzionista lortu nahian hasi zen.

1898an, Espainiak Kuba eta Filipinak galdu zituen, eta kolonietako kapitalak aberrira itzuli ziren, ekonomiaren garapenari lagunduz.

Meatzaritzako enpresaburu batzuek metalgintzan inbertitu zuten; beste batzuek, berriz, ontzigintzan. Jarduera horiek guztiek ematen zuten potentzial ekonomikoa ikusita, zenbait zerbitzu sortu beharra zegoen. Beraz, 1891n, Banco de Comercio eta Bilboko Burtsa sortu ziren, kapital hori guztia inbertsioetarantz bideratzeko. Sasoi horretan sortu ziren trenbideak, orduan eraiki zen Bilboko kanpoko portua, eta orduan hasi zen Jesuiten Deustuko Unibertsitatea.

Garapenaren Arrazoiak

Erresuma Batuak fosfororik gabeko burdina mea behar zuen Bessemerren bihurgailuetarako, eta Bizkaiak egoki erantzun ziezaiokeen eskari hari. Bessemer ingeniari ingelesa zen. 1856an altzairua lortzeko sistema berri bat asmatu zuen, airea galdaketan insuflatuz. Trenbide-errailak aldatu ahal izan ziren sistema honi esker. Fosfororik gabeko burdina mea behar zuen, eta Bizkaian bazegoen.

Garapenaren arrazoi nagusiak honako hauek izan ziren:

  • Burdina mineralaren eskaria: Erresuma Batuak fosfororik gabeko burdina mea behar zuen Bessemerren bihurgailuetarako, eta Bizkaiak eskari horri erantzun ziezaiokeen.
  • Kostuen murrizketa: Itzulerako bidaia ikatza ekartzeko aprobetxatzen zen. Gainera, joan-etorriko merkataritzak kostuak murriztu zituen Erresuma Batuko ikatza inportatzeko unean.
  • Kapital metaketa: Horri esker kapitala metatzen hasi ziren, eta, hura inbertituz, Bizkaiaren industrializazio-prozesua bizkortu zuten.
  • Ustiatze erraztasuna: Meategiak haize zabalekoak ziren eta ustiatzen errazagoak zirenez, ustiatze-kostuak murriztu egiten ziren.
  • Garraioaren abantailak: Garraioak ez zuen horrenbesteko arazorik sortzen, meategiak itsasadarretik gertu baitzeuden.
  • Etekin azkarrak: Etekin handi eta azkarren usainak Euskal Herriko eta atzerriko kapitalistek meategi haietan inbertsioak egitera bultzatu zituen.

Industria Berriak

Industrializazioarekin batera, hainbat industria berri garatu ziren:

  • Papergintza
  • Ehungintza
  • Siderometalurgia
  • Banka
  • Garraioak

Gizarte Egoera eta Langile Mugimendua

Industria garatzearen ondorioz, langile-masak hazi egin ziren, eta gizarte-harremanen alorrean arazo larriak sortu ziren. Langileen elkartasuna erakutsi nahi izan zuten, elkarri laguntzeko elkarteak, kooperatibak edo langile-elkarteak sortu, eta lan- eta gizarte-hobekuntzak eskatu zituzten. Berrezarkuntzako sistema monarkikoan, langile-erakundeek, hasieran klandestinitatetik eta, geroago, ageriko jardueratik, beren iritzi eta eskakizunak agertu zituzten.

Industrializazioak eta immigrante ugariren etorrerak euskal egitura sozioekonomikoa guztiz aldatu zuten, eta industria aurreko garaian langile eta ugazaben artean izandako harreman paternalista amaitu egin zen. Hala ere, langileek denbora behar izan zuten antolatu eta egoera berri horri irtenbidea emateko.

Sozialismoaren Gorakada

1886an, Facundo Perezaguak lehen elkarte sozialista sortu zuen Bilboko tipografoen talde batekin. Denborak aurrera egin ahala, langileen bizimodua eta lan-egoera zaildu egin ziren, eta lan-gatazkak areagotu. Ugarienak meatzaritza-inguruetan izan ziren, eta sozialismoa milaka langile mugiarazteko gai zen indar politiko bilakatu zen. Diputatu sozialista bat lortzeko benetako aukera zuen hauteskunde-barrutia Bizkaia zen. Manuel Orte izan zen 1891ko hauteskundeetan Bilboko udaleko zinegotzi aukeratu zuten PSOEko lehen hautagaia.

Meatzarien lehen greba garrantzitsua 1890ean izan zen, eta langileek emaitza onak lortu zituzten. 1892koak, ostera, porrot egin zuen.

Mendearen amaieran, sindikalismo sozialista Donostian indar hartzen hasi zen, eta, batez ere, Eibarren. Armagintza-industria oso garrantzitsua zen herri horretan, eta sozialismoa tradizio liberal antiklerikalaren oinordeko bihurtu zen.

Euskal sozialismoaren oinarria batez ere kanpotik etorritako biztanleek eratzen bazuten ere, euskaldunak ere izan ziren tartean, esaterako Tomás Meabe: abertzaletasunetik ihes egin, eta Espainiako Gazteria Sozialista eta La Lucha de Clases mintegia eratu zituen.

1915ean, euskal sozialismoaren barruan politika moderatuagoa agertu zen, Perezaguaren erradikalismoaren ondoan. Joera horren ordezkari nagusia Indalecio Prieto izan zen, sei urte zituenetik Bilbon bizi zen asturiarra. Joera moderatu horrek alderdiaren buruzagitzatik joera erradikala kendu zuen. Ondorioz, sozialisten eta errepublikanoen arteko hitzarmena gauzatu ahal izan zen, eta Prieto Gorteetako diputatu hautatu zutena hogei urtez. Horrela bada, grebak eta sabotajeak alde batera utzi, eta hauteskunde-borroka nagusitzen joan zen.

Langile Abertzaleak: ELA-STV

XX. mendearen hasieran, gatazkak areagotu egin ziren Perezaguaren erradikalismoaren eraginez. Hala ere, 1910eko meatzarien greba oso arrakastatsua izan zen, eta, gertaera horien aurrean, langile abertzaleek erreakzionatu eta beren sindikatua eratu zuten: Eusko Langileen Alkartasuna (ELA-STV). Helburua euskal langileen batasuna lortzea zen, eta oinarriak abertzaletasunean eta Elizaren gizarte-hezkuntzan ezartzen zituen. Abertzaleentzat, sozialismoa ideologia arrotza zen, kanpotik etorritako beharginen artean errotuta zegoena eta euskal herritarrengandik urrun eduki beharrekoa. Elizak, anarkista eta sozialistekin izututa, nahiago zuen sindikatu hau.

Dena dela, egoera politiko ahula zegoela ikusita, 1917an greba orokor bat antolatu zen Gobernua kolokan jartzeko. Grebak porrot egin zuen, eta Prietok argi ikusi zuen ez zela komeni egitura sindikala gobernuarekin zituen borroketan nahastea. Gainera, gero eta handiagoa zen inflazioak, boltxebikeen garaipenak eta Europan zebilen iraultza-susmoak langileen sindikatuen garapen izugarria ekarri zuen. Bai sindikalismo sozialista, bai anarkista, katolikoa eta abertzalea ere asko hazi ziren, nahiz eta behargin asko sindikatuetan afiliatuta ez egon.

Komunismoa eta Anarkismoa

Komunismoa: Sozialismotik banatu berri ziren, eta Perezagua buru zutela, komunistek sozialista erradikalak erakartzea lortu zuten, tartean militante garrantzitsu batzuk, Pérez Solís eta Dolores Ibarruri adibidez. Dena dela, gainerako zuzendaritzak Prietoren eta II. Internazionalaren aginduetara jarraitu zuen.

Anarkismoa: Anarkismoak ez zuen apenas indarrik izan EAEn; bai, ostera, Katalunian. 1919an, sozialisten moderantismoa ikusirik, greba antolatzen saiatu zen, baina ez zuen arrakastarik izan.

Gerraosteko Krisia eta Diktadura

Espainiak Lehen Mundu Gerran neutral izateari esker, lehiarik gabeko merkataritza egiteko aukera izan zuen, eta, jarduera horren bidez, etekin errazetan oinarritutako oparotasuna bizi izan zuen. Baina epe horren amaieran, krisia etorri zen, 1921eko krisia, eta lan-egoera txartu egin zen. Soldatak murriztea eguneroko kontua bilakatu zen, enpleguaren murrizketa ez areagotzeko. Hala ere, komunistek ez zuten egoeraz baliatzen jakin, sozialistak banaketa egin berria zela eta, ahulduta zeuden une horretan.

Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean, anarkismoa legez kanpoko bihurtu zen, eta sindikalismo askeak eta katolikoak indar handiagoa hartu zuten. Hala ere, UGTren kolaborazionismoak batzorde parekideen kontrola izaten eta Largo Caballero sozialista kargu ofizial baterako izendatzen lagundu zion. Gertaera horiek guztiek finkatzen eta II. Errepublikan ezkerreko alderdi handienetako bat bilakatu ahal izateko oinarriak jartzen lagundu zieten sozialistei.

Gainera, Sindikatu Katolikoek ere hartu zuten beren lekua euskal gizartean. Inongo izaera iraultzailerik ez zuten talde hauek.

Langileen Bizi- eta Lan-Baldintzak

Testura itzuliz, langileen bizitokiak lantegitik hurbil egon behar zuten, baina herriak ez ziren gertu egoten. Industrializazioak immigrazioa erakarri zuen, eta barrakoien sistema irabazi bikoitza zen nagusiarentzat. Gutxiago ordaindu ohi zieten "etxea" eskaintzen zielako, baina ezin zitzaien uko egin baldintza horiei. Lantegian sartu nahi bazuten, derrigorrez bizi behar zuten han.

Hori gutxi balitz, ekonomato bat ere bazuen nagusiak, eta langileek han egin behar zituzten erosketak derrigorrez. Ordu asko ematen zituzten lanean, eta ez zien gertuen zegoen herrira joateko denborarik ematen… Esan bezala, irabazi bikoitza!

Langileek ez zuten borroka egiteko aukera handirik. Beraiek nahi ez zutena, beste langile batzuek hartzen zuten. Horrela, ezinezkoa zen greba batek arrakasta izatea.

Deskargatu

PDF Word HTML