Euskal Herriko Klimaren Ezaugarriak eta Banaketa
Euskal Herriko klimak
Klima atlantikoa
Isurialde atlantikoko tokietan, ur-banalerroraino: Bizkaia, Gipuzkoa, Euskal Herri kontinentala eta Arabako eta Nafarroako iparraldea. Klima honen ezaugarriak tenperatura suabeak eta zabalera termiko txikia izatea da, itsasoaren eraginari esker; izan ere, udan freskatu egiten ditu tenperaturak eta neguan leundu. Bestalde, klima hau klima hezetzat jo daiteke, ez baitauka hil lehorrik. Prezipitazio ugari eta erregularrak fronte polarrari dagozkion depresioei zor zaizkie. Fronte polarraren eraginari gehitu behar zaio erliebearen eragina. Haizeak gehienbat ipar-mendebaldetik jotzen du eta hezetasunez beterik datozen aire-masa hauek iparraldeko maldetan gora egiten dute. Hoztu, ase eta gehienetan prezipitatu egiten dute. Hala eta guztiz ere, prezipitazio gehien neguan izaten da. Udan, ostera, prezipitazio gutxi izaten dira, Azoreetako antizikloiaren eraginez.
Trantsizio-aldea
Klima atlantiko eta mediterraneoaren artean kokatzen da, Arabako eta Nafarroako erdialdea hartuz. Inguru honetan, ur-banalerroaren haizepean daudenez, prezipitazioak gutxitu egiten dira eta zabalera termikoa handiagoa da, itsasoaren eragina gutxitu egin delako.
Klima mediterraneo kontinentalizatua
Arabako eta Nafarroako hegoaldean ematen da. Prezipitazioak gutxitu egiten dira; zenbat eta hegoalderago, orduan eta prezipitazio gutxiago, fronte polarreko borraskak gutxiagotan iristen baitira eremu honetara. Prezipitazio gehienak ekinozioetan izaten dira, Azoreetako antizikloiak hegoalderantz jotzen baitu orduan eta lekua uzten die borraska atlantikoei. Urteko zabalera termikoa altua da: negua hotza eta uda beroa izaten dira. Mendikateen kokapenak ia ez du itsasoaren eraginik sartzen uzten. Nafarroako hego-muturrean, ezaugarri hauek areagotu egiten dira: estepako edo basamortuko klima dagoela esan dezakegu.
Klima menditarra
1.000 metrotik gora dauden aldeetan dago. Honelako klima duten parajeetan, zenbat eta gorago joan, orduan eta prezipitazio gehiago dago eta tenperatura jaitsi egiten da. Urtean 1.000 mm-tik gorako prezipitazioak izaten dira. Tenperaturetan, urteko batez bestekoa baxua izaten da; udak freskoak eta neguak hotzak dira.