Euskal Herriko Industria: Bilakaera Historikoa eta Mota Nagusiak
Bilakaera Historikoa: Artisautik Robotera
Artisautza-lana (XVIII. mendera arte)
Artisau maisuek egiten zituzten produktuak, gaitasuna baitzuten lehengaiak manufaktura bihurtzeko beren energia eta trebetasunaren bidez. Artisauen etxeak lantegi eta etxebizitza ziren aldi berea. Hiri nagusietan, jardueraren arabera antolatutako artisauen auzoak zeuden: arotzenak, larrugileenak eta errementarienak. Ekoizpena oso urria zen.
Lehen Industria Iraultza (XVIII. mendearen amaiera)
Industria-fabrikazioko prozesuak abiatu zituzten Erresuma Batuan. Ikatzez elikatutako lurrun-makinak asmatu zituzten, eta horrek zenbait ekoizpen sektoreren garapena ekarri zuen, besteak beste ehungintzarena eta manufaktura metalikoena.
Bigarren Industria Iraultza (XIX. mendearen bukaeraz geroztik)
Mundua industria-produktuz betetzen hasi zen. Autoak, etxetresna elektrikoak, sendagaiak eta beste produktu asko oldeka ekoizten hasi ziren lantegietan. Horretarako, energia-iturri berriak hasi ziren erabiltzen, hala nola petrolioa eta elektrizitatea, bai eta fabrikazio-prozesu eraginkorragoak ere, hala nola muntaketa-kateak.
Hirugarren Industria Iraultza (Aurreko mendearen amaieratik gaur egunera arte)
Ekoizpen-prozesuetan gero eta teknologia gehiago eta eskulan gutxiago erabiltzen da. Kasu batzuetan, robotek egiten dute lanik gehiena. Hauek dira industria sektore bizienak eta dinamikoenak:
- Informatika
- Mikroelektronika
- Bioteknologia
Industria Mota Nagusiak
Industria Astuna
Baliabide asko kontsumitzen ditu: lehengaiak, energia, kapitala, eskulana, esportazioa. Lehengaien lehen eraldaketa industria horretako lantegi handietan egiten da. Sektore garrantzitsuenak hauek dira:
- Produktu metalikoen fabrikazioa (metalurgia eta siderurgia)
- Produktu kimikoen fabrikazioa
- Eraikuntzako materialak
Industria Erdiarina
Ekipamendu-ondasunak (makinak, piezak, osagaiak…) fabrikatzen ditu; hau da, beste industria batek beren fabrikazio-prozesuetan beharrezkoak dituen produktuak. Horretarako, industria astunak ekoitzitako produktuak erabiltzen ditu.
Industria Arina
Egunero kontsumitzen ditugun produktu asko ekoizten ditu: mugikorrak, oinetakoak, freskagarriak...