Euskal Eleberri Modernoaren Hastapenak: Existentzialismotik Errealismo Sozialera

Hizkuntza eta literatura2,89 KB

Eleberri existentzialista: Txillardegiren aro berria

Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua publikatu zuenean, euskal nobelagintzak aro berri bat hasi zuela zirudien. Hainbat ezaugarri berritzaile ekarri zituen:

  • Gai eta giro berritzaileak: Gaia, giroa eta kokapena ezohikoak ziren, batzuentzat ausartegiak ere bai.
  • Heterodoxia: Ez zuten denek begi onez ikusi erlijio-aldaketatik liburuari zerion heterodoxia.
  • Eragin filosofikoa: Egia esan, badu eleberri honek Unamunoren ukitua, baita une hartan Europan modan zeuden Jean-Paul Sartre eta Albert Camus idazle existentzialisten kutsua ere.

Ohiturazko nobeletan ageri ziren baserrietako eta herri txikietako girotik aldentzen da. Lehen pertsonan idatzita egoteak eta protagonistak egiten dituen gogoeta filosofikoek taxu berezia ematen diote liburuari.

Txillardegiren bigarren nobelan, Peru Leartzako-n, eguneroko bizimodu aspergarriak eta denboraren ihesak kezkatzen dute pertsonaia nagusia. Leturia eta Leartza, hainbat arrazoirengatik, arazoz jositako gizonak ditugu, amaiera tragikoa izango dutenak. Hirugarren eleberrian, Elsa Scheelen-en, Euskal Herritik urrun kokatzen da istorioa, eta emakume belgikar baten arazo pertsonalak eta gorabehera sentimentalak azaltzen ditu. Urrats hori garrantzitsutzat jo zuten gehienek euskal narratibaren ibilbidean.

Nobelagintza tradizionalagoa: Auspoa saila

Joera berritzaile horien aurrean, Antonio Zabalak sortutako Auspoa liburu-sailak bide tradizionalago bati eutsi zion, eta autobiografiaz edo ohiturazko nobelez osatutako lan interesgarri asko kaleratu zituen.

Aresti eta Mirande: Bide urratzaileak

Gabriel Arestiren "Mundu-mundua"

Gabriel Arestik aldizkarietan argitaratu zituen bere ipuinak eta nobela bakarra, eta liburu formatuan egilea hil ondoren bildu ziren. Idazle bilbotarraren eleberri bakarra Mundu-mundua dugu. Nobela atipiko honetan, oso hurbil baina ezkutuan zegoen bizimodu bat bistaratzen digu Arestik: 1960 inguruko industrializazio basatiaren ondorioz Bilbo inguruan sortutako txabola-auzoetan miseria gorrian bizi zirenen errealitatea. Nobelaren haria bidezidor tremendistetan barrena galtzen da.

Jon Miranderen "Haur besoetakoa"

Jon Mirande paristarraren prosa-lanak ere ez ziren berandura arte libururatu, eta bere produkzio gehiena aldizkarietan barreiaturik zegoen. Bizirik zela, Haur besoetakoa eleberria soilik argitaratu zioten. Liburu honek gizon heldu baten eta neskato baten arteko maitasun-harremanak kontatzen ditu, 1960ko hamarkadako Euskal Herrian oraindik gai aipagaitza zena. Giroa ez zen, agian, oso aproposa horrelako obra baten balio literarioak behar bezala epaitzeko.

Deskargatu

PDF Word HTML