Euskal Eleberri Modernoa: Txillardegi eta Leturia

Hizkuntza eta literatura2,71 KB

Eleberri Modernoaren Hasiera: 1957. urtea

Euskal narratibak 1957an ezagutu zuen bere aro modernoa, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua argitara ematearekin batera. Lau dira eleberri moderno horren ezaugarri nagusiak:

  • Subjektibitatea: Munduaren ikuskera norberarena dela nabarmendu nahi delako.
  • Fragmentazioa: Munduaren atxikipena nork berea duelako, eta bera, zatikatua delako ezinbestean.
  • Ironia: Kritika egiteko era bat da, errealitatearen ikuspegi kritikoa azaltzeko modua.
  • Hausnarketarako joera: Kritika onartzearen aldeko jarreraren isla delako; bai eta aldaketak onartzeko irekitasunaren adierazgarri ere.

Euskal Idazle Berrien Perfila

Euskal idazleen perfila ere aldatu egin zen, tamaina batean behintzat, eta aldaketa hauek nabariak dira:

  • Unibertsitate-ikasketak dituzte.
  • Gazterik hasi dira idazten.
  • Hiri-girokoak dira gehien-gehienak.
  • Europako literaturaren ezagutza hurbila dute (hizkuntzak badakizkite).
  • Euskaldun berri asko dago haien artean.
  • Heterodoxoak dira gustu kulturalean.
  • Euskararekin konpromiso garbia dute.
  • Euskal literatura modernizatu eta Europako korronteekin sintonizatu nahi dute.

Eleberri Modernoaren Aroak eta Egileak

Eleberri modernoaren aroa hiru azpisailetan bana daiteke.

Lehen Aldia (1957-1969)

Jose Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi" (1929-2012)

Donostiarra. Ofizioz ingeniaria eta hizkuntzalaria: eleberrigile, saiogile eta kazetaria. Gramatikaren azterketan ere obra ezagunak ditu. Politikaren gorabeherak medio, erbestean bizi izan zen. Bere obra nagusien artean daude: Leturiaren egunkari ezkutua, Elsa Schelen, Exkixu, Putzu eta Hizkuntza eta pentsaera.

Leturiaren Egunkari Ezkutua (1957)

Obra urratzailea da. Baserri-giroa eta protagonistaren sendotasuna nahiz eredu izan beharra albo batera uzten ditu. Protagonista lehen pertsonan ari den "ni" zalantzaz beterikoa da; euskal literaturako lehen protagonista gatazkatsua.

Maitasun-harreman baten istorioa kontatzen du, porrotean amaitzen den istorioa. Parisen girotua, protagonista maitemindu eta ezkondu egingo da, baina bizitzaz nazkaturik eta maitea hilik, bere buruaz beste egingo du.

Obra urtarotan banaturik dago, eta bakoitzak protagonistaren barne-egoeran bere esanahia du. Ikuskera existentzialista nabari da, giza bizitzaren zentzurik eta norabiderik eza azaltzen baita. Hiztegiaren eraberritze konplexurik gabea da, eta hainbat autore nahiz artisten aipuak ageri dira: Unamuno, Gauguin, eta abar.

Deskargatu

PDF Word HTML