Euskal Autonomiaren Bide Historikoa: Estatutuak eta Hitzarmenak
1979ko Euskal Autonomia Estatutua
Aztertu behar dugun testua 1979ko abenduaren 18an onartutako Euskal Estatutua da eta, beraz, historikoa. Egileari dagokionez, Eusko Kontseilu Nagusia eta Gobernua direla esan dezakegu, Kontseiluak autonomia aurreko gobernu gisa lan egin baitzuen. Hau gero Gorteek onartuko zuten eta, bertan agertzen den bezala, Adolfo Suárez presidenteak sinatuta. Testu publikoa da, seguraski Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, eta edukiari dagokionez juridikoa, Estatutua artikulu politikoz osaturik baitago.
Testuaren ideia nagusiak
- 1. eta 2. artikuluek Euskal Herriaren osaera dakarte.
- 3. artikuluak lurralde bakoitzaren ezaugarriak.
- 6. artikuluak Euskararen adierazpena.
- 17. artikuluak polizia autonomoaren lana.
- Xedapen Gehigarriak eskubide historikoak.
Testuinguru historikoa
1876ko Foruen Aboliziotik, foruen berrezarketarako aldarrikapenak oso garrantzitsuak izan ziren. Foruak eskubide historikoak ziren, euskal herritarren ezaugarri nagusiak, eta horien indargabetzeak nazionalismo indartsu baten sorrera ekarri zuen, batez ere Sabino Aranaren garaian hasia, estatutuen erreklamazioarekin. Hala ere, 1931n Errepublika hasi arte ez zen ezer lortu. Hainbat proiekturen ondoren, 1936an Errepublikako Gorteek Gernikako Estatutua onartu zuten, baina Gerra Zibila hasita zegoen eta Araba osoa eta Gipuzkoa ia dena frankisten menpe zeuden. Hori dela eta, Bizkaian bakarrik jarri zen martxan, Eusko Jaurlaritza sortuz. Frankistek azkar hartu zuten Bizkaia ere, eta estatutuaren eta autogobernuaren ideiak zapuztu ziren. Diktadurako errepresio gogorrak gaia berriro lantzea eragotzi zuen eta Franco hil ondoren bakarrik lortu zen, UCDren Gobernuarekin akordatu ondoren, Estatutua idatzi eta onartzea. Autonomia lortu aurretik oso jarrera ezkorra egon zen Euskal Herrian Gobernuarekiko. Hori dela eta, abstentzio handiak egon ziren erreferendum guztietan, indarkeriaren iraupena mugimendu independentistekin, mugimendu soziala errebindikazioekin... 1977an Euskal Parlamentarioen Asanblada Gernikan antolatu zen estatutu aurreproiektu bat egiteko. 1978an Eusko Kontseilu Nagusia osatu zen, autonomia aurreko gobernu gisa. Honek argi uzten du autonomia estatutu bat lortzeko nahia eta horrela testu honetara iristen gara.
Estatutuaren azterketa zehatza
Sarreran, autonomia estatutuaren onarpena bermatzen da, baina hau lege organiko izaera duela esaten da, hau da, Estatutua Konstituzioaren azpitik dagoela. 1. artikuluan Euskal Herria Autonomia Erkidego gisa ezarri dela dio, Konstituzioarekin bat etorriz. Berriro ere esaten da autonomia Konstituzioan jasota dagoela eta, ondorioz, haren azpitik dagoela lege gisa. 2. artikuluak dio Erkidegoa Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak, lurralde historikoak direnak, osatuko dutela, baita Nafarroak ere, horrela erabakitzen badu. 3. artikuluan dio lurralde bakoitzak bere instituzioak mantendu edo aldatzeko eskubidea duela, autogobernua bermatuz. Horrela, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak indarrean jartzeko aukera ematen da, botere legegile eta betearazleak ezarriz. 6. artikuluan hizkuntza ofizialak ezartzen dira: euskara, hizkuntza propioa, eta gaztelania. Horrela, euskal herriaren berezitasun handienetako bat, hizkuntza, bermatzen da. 17. artikuluan Ertzaintzaren sorrera agertzen zaigu; honek lurralde barruko pertsonak eta ondasunak babestu eta ordena mantenduko ditu. Hala ere, Estatuak beharrezko ikusten dituen gaietarako eta Erkidegoaz kanpokoetarako Guardia Zibila eta Polizia Nazionala arduratuko dira. Azkenik, Xedapen Gehigarria dugu. Honetan dio Euskal Herriak Estatutua sinatu arren, bere eskubide historikoei uko egiten ez diela. Ondorioz, Estatutuak aurreko foru erregimena eta Estatutua eskubidea zirela onartzen du, eta ez pribilegioa.
Ondorioak
Urriaren 25ean erreferenduma egin ondoren, %54k onartu zuen, baina abstentzioa %40koa izan zen. Horrela, Estatutua aplikatzen hasi zen, baina euskaldunen arteko banaketa sakonarekin: Estatutuaren aldekoak eta kontrakoak. Nafarroari dagokionez, ez zuen nahi izan Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarekin Autonomia Erkidegoa osatu, eta berea egin zuen. Gaur egun indarrean dagoen Estatutua da.
1978ko Espainiako Konstituzioa
Aztertu behar dugun testua 1978ko abenduaren 29an argitaratutako Konstituzioa da, eta, beraz, historikoa. Izaera politikoa du, artikuluz osatuta baitago, eta publikoa da, argitaratu egin baitzen. UCD, AP, PSOE eta PCEko ordezkariek osatutako batzorde batek idatzi zuen eta 1978ko urriaren 31n Gorteek onartu zuten. Konstituzioa denez gero, testu juridikoa da eta haren helburua Espainiako lege gorenaren ezaugarriak azaltzea da.
Testuaren ideia nagusiak
- 1. artikuluak Espainiako estatu-forma deskribatzen du.
- 66., 98. eta 117. artikuluek botere banaketa adierazten dute.
- 2. eta 143. artikuluek autonomiari buruzkoak dira.
- Azken bi xedapen gehigarriak nazionalistek egindako aldarrikapenaren erantzuna dira.
Testuinguru historikoa
Franco hil ondoren, 1975ean, demokraziarako trantsizioa hasi zen erreformen prozesuarekin. Erregeak tronua eskuratu eta Arias Navarro presidente izendatu zuten, baina erreformarako beharrezkoa zen hura baztertzea. Presioaren ondorioz, Arias Navarrok dimititu eta Erregeak Adolfo Suárez izendatu zuen presidente. Honek Erreforma Politikorako Legea egin zuen, non Gorte frankistek beren autodisoluzioa onartzen zuten, herriak aukeratutako Gorte berriak osatzeko. Hau erreferendum bidez onartu zen eta Gorte berriak ezarri ziren. Gorteen lehen lana hauteskundeak deitzea izan zen eta horretarako alderdi politikoak legeztatu zituzten, baita PCE ere, nahiz eta hasieran baztertuta geratu. Erreforma honek oposizio zabal eta odoltsua izan zuen, bai eskuin muturrekoen zein ezker muturrekoen aldetik, prozesu demokratikoa geldiarazteko helburuarekin. Hala ere, 1977ko hauteskundeetan UCDk (Adolfo Suárezen alderdia) irabazi eta PSOE bigarren geratu zen. Ondorioz, argi geratu zen espainiarrek moderazioaren alde egin nahi zutela. UCDk gobernua osatu eta Gorteek konstituzio berri bat egitearen lana hartu zuten, nahiz eta Gorte Konstituziogileak ez izan. Konstituzioa idatzi ondoren, 1978ko abenduaren 6an erreferendum bidez onartu zen, nahiz eta Euskal Herrian abstentzioa nagusitu, nazionalisten haserrearen ondorioz.
Konstituzioaren azterketa zehatza
1. artikuluak Espainiaren egiturari erreferentzia egiten dio, herrialde sozial eta demokratiko gisa, non askatasuna, berdintasuna, eta abar onartzen diren. Honekin gizabanakoen eskubideak onartzen direla esan nahi da. 1. artikuluko 2. zatian subiranotasun nazionala eta 3.ean parlamentuzko monarkia estatu-forma dela dio. 66. artikuluan botere legegilea agertzen zaigu, hau da Parlamentua, bi ganberaz osatua: Kongresua eta Senatua. 98. artikuluak dio botere betearazlea presidenteak eta ministroek osatutako Gobernuak duela. 117. artikuluan dio botere judiziala epaile eta magistratu independente, arduratsu eta legearen menpekoek osatzen dutela. Beraz, azken hiru artikuluek Estatuaren botere banaketa zehazten dute. 2. artikuluari dagokionez, Espainia batasun zatiezina dela dio, baina autonomiak sortzeko aukera ematen du. 143. artikuluak gai honekin jarraitzen du, autonomia osatzeko baldintzak ezarriz: probintzia mugakideak izatea, ezaugarri historiko eta kultural komunak izatea... Horiek betetzen badira, Autonomia Erkidegoa osatu ahal izango dute. Azken bi xedapen gehigarriak autonomien ingurukoak dira, baina Euskadi eta Nafarroari egiten diete erreferentzia. Lehenengoan autonomia eskubideak errespetatuko direla dio, foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatuz, baina betiere Konstituzioa gainean edukiz. Azkenengoak 1839ko urriaren 25eko legea, non foruak onartzen ziren baina Konstituzioaren azpitik (Lehen Karlistaldia), eta 1876ko uztaileko legea, foruak ezabatu zituena Bigarren Karlistaldiaren ondoren, indargabetzen ditu, berriro ere autonomia osatzeko aukera emanez. Hala ere, kontuan izan behar da, aurreko xedapen gehigarrian aipatutakoaren arabera, autonomia estatutuek Konstituzioak dioena errespetatu behar dutela.
Ondorioak
Konstituzio honek frankismoaren garaian ezarritako oinarri guztiak apurtu zituen: demokraziaren ezarpena, botere banaketa, askatasuna, autonomiak sortzeko aukera, eta abar. Hauek guztiak, aurretik ezin ziren pentsatu ere egin; beraz, aurrerapen handia dela esan daiteke. Azken bi xedapen gehigarriak Euskadin, erreferendumean botoa lortzeko egin ziren, baina ez zuten lortu, hauteskundeetan abstentzioak irabazi baitzuen. Hala ere, gaur egun indarrean dagoen Konstituzioa da eta honek ezarri ditu gaur egun ezagutzen ditugun Autonomia Erkidego guztiak.
Baionako Hitzarmena (1945)
Aztertu behar dugun testua erbestean zeuden euskal sindikatu eta talde politikoek Baionan, 1945eko martxoaren 31n, egindako hitzarmena da; beraz, testu historikoa da. Izaera politikoa du, Euskal Gobernuari erreferentzia egiten baitio, eta publikoa da. Izan ere, haren helburua sinatzaileek Euskal Gobernuari buruz hartu dituzten erabakiak plazaratzea baita.
Testuaren ideia nagusiak
- Sarreran, sinatzaileen aurkezpena.
- 1. eta 2. puntuetan Euskal Gobernuarekiko konfiantza.
- 3. puntuan euskal herriaren nahien errespetua.
- 4. puntuan Gobernuari laguntza.
- Azkenengoan frankismoaren aurka borroka egiten jarraitzea.
Testuinguru historikoa
Bigarren Errepublika garaian, Euskal Herriak autonomia estatutu bat lortzeko proiektuak plazaratu zituen. Kontuan izan behar dugu antzina euskal lurraldeek beren foruak zituztela eta hauek 1876an ezabatu zirela, nahiz eta Kontzertu Ekonomikoak izan. Errepublikak autonomien onarpena bermatu zuen eta, horregatik, aukera ezin hobea zen eskaera egiteko. Atzera botatako hainbat proiekturen ondoren, 1936ko Estatutua lortu zen. Hala ere, hau Gerra Zibila hasita zegoela onartu zen eta, ondorioz, Bizkaian eta Gipuzkoako eremu txiki batean bakarrik ezarri zen, Araba eta gainerako Gipuzkoa frankisten menpe baitzeuden. Estatutuak Euskal Gobernua osatu zuen, hainbat alderdik osatua eta Jose Antonio Agirre lehendakari zela. Estatutu honekin Errepublikak euskal nazionalisten laguntza lortu zuen borrokan, baina frankistek euskal eremu osoa hartu zutenez, Gobernuak erbestera ihes egin behar izan zuen. 1944an Tolosan Euskal Bloke Nazionalista osatu zen, Fronte Popularrarekin identifikatuta zeuden taldeek (PSOE, UGT, PCE, CNT) eta nazionalistekin (EAJ, ANV, ELA). 1945ean planteatutako arazo gehienetan akordioetara iritsi ziren. Azkenean Baionako Hitzarmena sinatu zuten eta honek euskal talde politikoen elkartasuna erakusteko balio izan zuen.
Hitzarmenaren azterketa zehatza
Testua aztertzen hasita, sarrerak hitzarmeneko protagonistak azaltzen ditu, hau da: Euzkadik Frantzian dituen erakunde politiko eta sindikalek, Euzkadiko Gobernuarekin batuta Francok bideratutako mugimendu iraultzailearen aurka heroikoki borrokatu zutenak. Beraz, Euskal Gobernua eta hari atxikitako taldeak dira sinatzaileak. 1. puntuan altxamendu militarraren kontrako taldeek, Gerra Zibilean parte hartu zutenek, beren batasuna berresten dute eta hauek Euskal Gobernua osatu zutela 1936ko urriaren 7an. Bestetik, Gobernuko lehendakaria Jose Antonio Agirre dela diote. Ondorioz, beren arteko elkartasuna adierazten dute. 2. puntuan Gobernuarekiko konfiantza azaltzen da, hau baita euskal herriaren ordezkari legitimoa, eta hari eskainiko diote laguntza. 3. puntuak dio euskal herriaren nahiak errespetatu eta defendatuko direla, demokrazia ezartzean. Kontuan izan behar dugu 1945ean idatzia dela, Bigarren Mundu Gerra amaitzear dagoela eta demokrazien garaipena ikusten dela. Horregatik, erbesteratutako gobernu eta alderdiek, Euskadikoaz gain, uste zuten Europako demokraziek Francoren aurka egingo zutela, nahiz eta gero ez zen hori gertatu. 4. puntuak ere dio demokrazia hori ezarri ondoren Gobernuari laguntzeko aholkulari talde bat sortuko dela, normaltasuna ezarri dezan. 5. puntuan, erabakia hartzen dute talde guztiek frankismoaren aurka egingo dutela, baita demokraziaren aurkako eta monarkiaren aldeko beste mugimenduen aurka ere.
Ondorioak
Hitzarmenak Euskal Gobernuarentzat babesa ezarri zuen eta, bestetik, demokraziarako askatasunaren alde egin zuen, beste gauza askoren gainetik. Hala ere, Espainia barruan ez zuen eraginik izan erregimen frankistagatik, eta erbesteratutako gobernuak ezin zuelako Espainia barruan ezer burutu. 1975etik aurrera, Trantsizioarekin demokrazia lortuko da eta 1979an Euskal Herriak autonomia estatutua berreskuratuko du, Gernikako Estatutua izenez ezagutzen dena.
1936ko Euskal Autonomia Estatutua
Aztertu behar dugun testu hau Euskal Herriko Autonomia Estatutua da, Indalecio Prieto eta J. A. Agirrek idatzia, batzorde gestoreek egindako proiektuan oinarritua, eta Gorteek onetsia. Hori dela eta, argitaratuta dago, alde batetik Gobernuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian. Bestetik, testu publikoa da, argitaratua delako eta herriari zuzentzen zaiolako; juridikoa, artikulu batzuez osatutako estatutua delako; eta historikoa, 1936ko urriaren 4koa baita. Testuaren helburua autonomia estatutua lortzea zen eta estatutuaren ezaugarriak azaltzea.
Testuaren ideia nagusiak
- Estatutuaren ezaugarriak (1. artikuluan osaera, 2. artikuluan ordena publikoa eta 3.ean botereak).
- Azken ahapaldian, gerra egoeragatik egindako oharra.
Testuinguru historikoa
Autonomia estatutua lortzeko testu hau egin aurretik, beste hainbat saiakera-prozesu egon ziren. Aldez aurretik, esan beharra dago autonomia estatuak emandako agintea dela eta estatuaren menpekoa, baina askatasun batzuekin; beraz, ez da foralismoarekin nahastu behar, honek eskubidetzat hartzen baititu berezitasunak. Bestetik, estatutua berdin ezartzen da lurralde osoan, foruak probintzia bakoitzean dauden bitartean. Hala ere, autonomia eskubidea kausa foralean oinarritzen da. Kontuan izan behar dugu 1876an foruak ezabatu zirela, Euskal Herriaren ezaugarri nagusia, eta horrek abertzaletasuna piztu zuela. Hori dela eta, hainbat autonomia proiektu egin ziren, Euskal Herriko ezaugarri horiek berriro berreskuratu ahal izateko. Lehenengo proiektua Euskal Ikaskuntzak egin zuen 1931n, eta hurrengo guztien oinarria izan zen. Proiektu honetatik beste bi sortu ziren. Alde batetik, Lizarrako Estatutua, guztiz eskuindarra, foruen eskaera eta immigranteen eskubideak mugatzen zituena. Hori dela eta, ez zen onartu, Errepublikako Gobernua ezkertiarra baitzen. Bestetik, 1932an Batzorde Gestoreek beste bat egin zuten, ezkertiarragoa. Nafarroak uko egin zion proiektuari, eta, ondorioz, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako idatzi zen. Hala ere, 1933an Gorteetan aurkeztean, zentro-eskuina zegoenez eta autonomien kontrakoa zenez, bertan behera utzi zen. Horrela, testu honetara iristen gara, 1936ko Estatutura, Errepublikako Gobernuan ezkertiarrak zeudenean idatzia.
Estatutuaren azterketa zehatza
Testua aztertzen hasita, 1. artikuluan Euskal Herriaren osaera agertzen da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiak osatua, baina bakoitza modu autonomoan gobernatua, hau da, bakoitzak bere erakundeak mantenduz. Bestetik, hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania direla dio. Aipatzekoak dira hasierako hitzak Errepublikako Konstituzioaren [...] espainiar estatuaren barruan, bertan argi uzten baita Estatutua Konstituzioaren azpitik dagoela eta Estatutuak Errepublikarekiko jarrera duela. 5. artikuluan ordena publikoa agertzen zaigu, Euskal Herriak polizia berezia izango baitu. Beraz, Ertzaintzaren sorrera azaltzen da bertan. 10. artikuluak lurraldeko botere propioak azaltzen ditu: Parlamentua, sufragio unibertsalez aukeratua eta botere legegilearekin; eta Jaurlaritza edo Gobernua, Parlamentuaren oniritziarekin eta botere betearazlearekin. Hemen ere Konstituzioan jarri eta mugatutakoaren arabera ezartzen dela esaten da: Konstituzio eta estatutu honen arabera.... Azkenik, gehigarria dago, non gerra egoeragatik Euskal Herrian behin-behineko Gobernua ezarriko dela dioen. Horretarako zortzi eguneko epea dago lehendakaria aukeratzeko. Aukeraketa udaletako zinegotziek egingo dute, baina botoa askatasunez eman dezaketen herrien zinegotziek. Beraz, nazionalen esku ez dauden herriek egingo dute, hau da Bizkaikoek, ordurako Bizkaia baita Errepublikaren alde dagoen Euskal lurralde bakarra. Lehendakaria aukeratu ondoren, honek ministroak aukeratuko ditu, bost baino gehiago izango direnak.
Ondorioak
Testu honen ondorioz, autonomia estatutua onartu zela esan dezakegu, baina gerra egoera zela eta, Bizkaian bakarrik aplikatu zen, Araba eta Gipuzkoa nazionalen esku baitzeuden. Bestetik, testuak EAJ eta Gobernua Gerra Zibilean inplikatzea ekarri zuen, Errepublikaren alde jarri baitziren. Gainera, kontuan izan behar dugu abertzaleek errepublikazaleekin bakarrik zituztela aukerak horrelako proiektu bat lortzeko. Ondorioz, Errepublikak EAJren laguntza ziurtatu zuen. Beste ondorio garrantzitsu bat Eusko Jaurlaritzaren sorrera da, lehen euskal gobernua eta alderdi ezberdinekin osatua: EAJ, PSOE, Unión Republicana, ANV eta PCE. Horrela, Jose Antonio Agirre lehen lehendakari aukeratua izan zen. Hala ere, nazionalek Bizkaia hartzean Estatutua kendu eta Santoñako Hitzarmena sinatu ondoren, Euskal Gobernuak erbestera ihes egin behar izan zuen.