Euskal Autonomi Erkidegoko Hiriguneen Mapa
SARRERA
Iruzkinduko dugun mapa irudi mapa bat da, irudi geometrikoak erabiltzen dituelako fenomeno geografikoa irudikatzeko. Mapa estatikoa da, ez baitu denboran zeharreko bilakaera erakusten. Maparen eskalan segmentu bakoitza 10 km-ren baliokidea da. Mapak Euskal Autonomi Erkidegoko lurraldea irudikatzen du eta Euskadiko hiri-hierarkia adierazten du. Iturria Estatistika Institutu Nazionala da (EIN), 2014 urtekoa da. Aipatu berri dugun moduan, informazioa irudikatzeko irudi geometrikoak erabiltzen ditu. Horrela ba, Euskadiko hiri-eremuak errepresentatzeko borobilak erabiltzen ditu, biztanle kopuruaren araberako tamainakoak eta koloretakoak. Horrela ba, borobil ilun handienek 100.000 biztanle baino gehiagoko guneak irudikatzen dituzte eta borobil hori txikiek 5.000-10.000 biztanle artekoak. Horrez gain, Bilbo Handiko populazio gune batzuen izenak zenbakiek ordezten dituzte, zenbaki horien azalpena ezker aldeko legendan agertzen delarik. Hiriek sare bat osatzen dute (hiri-sistema); sistema horretan hiriak hierarkikoki bereizten dira beren tamainaren, funtzioen, eragin-eremuaren hedaduraren eta besteekin, Espainiako nahiz Europako hiriekin, dituzten harremanen arabera. Aztergai dugun mapak hierarkia hori irudikatzen du.
AZTERKETA ETA IRUZKINA
Maparen azterketari dagokionez, hiru hiri nagusi ageri dira 100 mila biztanleren kopurua gainditzen dutenak. Hain zuzen ere, hiru hiri horiek EAEko lurralde historikoetako hiriburuak dira: Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gazteiz. Izan ere, hierarkia horren buruan hiriburuen Euskadiko sistema polinuklearra dago. Sistema horrek, mapan ageri zaigun eran, honako hauek hartzen ditu barne:
- Bilboko eremu metropolitarra -Bilbo Handia-. Eskualdeko metropoli funtzioa egiten du eta sistemaren gailurrean dago. Euskadiko hiri-aglomerazio handiena da (860.000 biztanle 2015. urtean). Konurbazioa osatzen du Galdakaotik Getxoraino eta Santurtzi-Zierbenaraino. Garai bateko industriaren eta portuaren eremua desagertu ondoren, funtzio gehienak 3. sektorearekin lotuta daude (finantzak, zerbitzu profesionalak eta enpresa-zerbitzuak, merkatu espezializatua, kultura).
- Donostia. Azpieskualde metropolia da eta Donostialdea izeneko eremu metropolitarraren erdigunea da (325.000 biztanle 2015. urtean), barne hartzen ditu Pasaia, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Hernani, Usurbil eta Lasarte Oria. Eginkizun dibertsifikatuak, industrialak, kulturalak, turistikoak eta komertzialak ditu.
- Vitoria-Gasteiz. Azpieskualde metropolia da (240.000 biztanle 2015ean). Administrazio eginkizunak ditu. Autonomiako hainbat erakunderen egoitza da eta, horrez gain, eginkizun industrialak, komertzialak, kulturalak eta turistikoak ere baditu.
Mapan ikus dezakegunez, azaldu ditugun lurralde historikoetako hiriburuen azpitik, hainbat hiri ertain eta txiki daude, 5.000-50.000 bizanle inguru dituztenak. Eskualde esparruko administrazioan, industrian edo zerbitzuetan funtzioak gauzatzen dituzte. Bizkaian Bilboko eremu metropolitarretik kanpo, ez dago beste hiri handirik, gehienak hiribilduak dira, haranen erdiguneetan daude eta alboko landa-eremuetan eragin handia dute, Durango, Gernika edo Bermeo esaterako. Gipuzkoan, Donostiarekin batera, nabarmentzekoa da Irun. Mapak, gainera, hainbat hiri industrial ertain irudikatzen ditu lurraldean zehar nahiko era homogeneoan kokatuta daudenak: Azpeitia-Azkoitia, Andoain, Tolosa, Zumarraga-Urretxu, Arrasate-Aretxabaleta, Zarautz… Arabako lurraldean bi hiri ertain bakarrik ageri dira mapan: Laudio eta Amurrio.
Hiri-sistemaren espazioaren antolamenduari dagokionez, banaketa desorekatua da, eta honako hauek bereizten dira: