Euskal Abertzaletasuna eta Industrializazio Prozesua
Errestaurazioa eta Nazionalismoen Sorrera
Testua Errestaurazio garaian kokatzen da, Maria Kristinaren erregeordetzan, hain zuzen ere. Une honetan, Alfontso XII.aren erregealdian sortutako sistema kanobista martxan mantendu zen Pardoko Itunari esker: bi alderdien txandaketa ziurtatzen zuen eta beste alderdi guztiak politikatik kanpo geratzen ziren. Horrela, oposizioa osatzen zuten.
Mendearen azken hamarkadan, agerian jarri ziren hainbat erregionalismo eta nazionalismo: katalanismoa, Galiziako nazionalismoa, Andaluziako erregionalismoa eta euskal abertzaletasuna.
Euskal Abertzaletasunaren Sustraiak
Euskal abertzaletasuna XIX. mendearen amaieran jaio zen "bizkaitarrismo" mugimenduaren bitartez, Bizkaiari soilik lotutako alderdi gisa jaio baitzen, nahiz eta geroago beste probintzietara hedatu. Mugimendu honen bultzatzailea Sabino Arana izan zen. XIX. mendean zehar, hainbat gertaerek euskal abertzaletasunaren sorburuan eragina izan zuten:
- Erromantizismo alemaniarra: Herri bat identifikatzen zuten ezaugarriak hizkuntza, kultura, ohiturak eta legeak, eremu geografiko komuna, iragan berezia eta arraza, etnia edo erlijio berbera ziren. Erromantiko eta nazionalisten ustetan, ezaugarri horiek zituen herriak nazio bat osatzen zuen.
- Foruen abolizioa: Hirugarren Karlistaldian karlisten porrota gertatu zen eta 1876ko legearen bidez euskal foruak desegin ziren. Horren aurrean, Euskal Herriko ohiturak berreskuratzeko ideologia berria sortu zen; Sabino Arana izan zen horren bultzatzaile nagusia.
- Industrializazioa: Euskal gizartean aldaketa sakonak eragin zituen. Abertzaleen ustez, euskal gizarte eta erlijio sentipenekiko haustura handia ekarri zuen.
Abertzaletasunaren Bilakaeraren Hiru Etapak
Lehen Etapa (1892/93-1898): Ideologiaren Oinarriak
Sabino Aranak, 1893an, lehenengo aldiz eta jende aurrean bere ideologiaren oinarriak aurkeztu zituen Larrazabalgo hitzaldian, non bere lehen liburua, "Bizcaya por su independencia", aurkeztu zuen. Handik urtebetera, Euskaldun Batzokija zabaldu zen, baita Bizkaitarra ere, lehen egunkari abertzalea.
Sabinoren ideologia hiru zutaberen inguruan eratuko da: arraza, foruak eta erlijioa. Hiru osagaiok "Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra" lemapean batu zituen. Aranak foruak berriro indarrean jartzeko eskatzen zuen, independentzia lortu eta ondoren herrialde berri bat eratzeko. Berak zioenez, Bizkaia nazio bat zen eta, beraz, independente izateko eskubidea zuen; geroago, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetara zabaldu zituen planteamendu horiek, "Euzkadi" terminoa sortuz.
Lurralde bakoitzak bere autonomiari, foruei eta erakundeei eutsiko zien, baina interes orokorrak defendatzeko konfederazioa sortzea aipatzen zuen. Euskal Herriak nazio bat izateko beharrezko elementuak zituen: arraza, hizkuntza, legea, ohiturak eta historia. Nazio berria paradisu moduko bat izango zen, euskaldun huts-hutsek osatua, immigranteek "kutsatu" gabea, haiek euskal ohiturak, erlijioa eta morala zikintzen omen zituzten eta. Berarentzat arraza abizenetan islatzen da eta hizkuntza atzerritarrekiko harresia da.
1895ean, Sabinok Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu zuen Bilbon, baita Bizkai Buru Batzarra ere. Lehenengo jarraitzaileak Bizkaiko erdi-mailako klaseen artean agertu ziren. Jarrera independentista zuenez, sistema politiko legaletik kanpo egon zen hasieran.
Bigarren Etapa (1898-1903): Hedapena eta Moderazioa
1898tik aurrera, bi gertaera eragin handikoak izan ziren:
- Ramon de la Sotaren taldea, Euskalerria elkartea, EAJn sartzea. Ramon de la Sota ontziola batzuen jabea zen; talde hau goi-burgesiako foruzaleek osatzen zuten. Sabino Aranak ez zituen begi onez ikusten, autonomiaren aldekoak eta moderatuagoak baitziren; dena den, onartu zituen, abertzaletasuna une latzak jasaten ari baitzegoen.
- Euskal abertzaletasunaren lehen lorpen politikoa: Sabino Arana Bilbo ordezkatzeko diputatu aukeratua izan zen eta 1899ko hauteskundeetan EAJk Bilbon bost zinegotzi lortu zituen. Handik aurrera, Aranaren diskurtsoa moderatuz joan zen. Sabino Arana 1903an hil zen.
Hirugarren Etapa (1903-1930): Zatiketak eta Batasuna
Sasoi hartan, EAJ alderdi katoliko eta eskuineko gisa agertu ohi zen. Halere, Aranaren ideologia interpretatzerakoan bi ikuspegi ageri ziren: joera independentista erradikala eta euskalerriakoena (moderatuagoak, autonomiaren aldekoak). Bi joerek adostasuna lortu zuten 1906an EAJren lehen asanbladan.
Hurrengo urteetan, EAJ sendotzen hasi zen: Gregorio Ibarretxe Bilboko alkate aukeratu zuten eta 1911n Solidaridad de Obreros Vascos (ELA) sindikatua sortu zuten. Bi korronteen arteko lehenengo haustura 1908an izan zen, eta Elgoibarko Asanbladaren ostean, Luis Aranak Bizkai Buru Batzarreko lehendakaritza kendu zion De la Sotari. Berarekin sabinismoaren ideiak indartu ziren.
Lehen Mundu Gerraren aurrean, alderdiaren barruan aliatuen aldeko ideia inposatu zen. Luis Arana, ordea, Alemaniaren aldekoa zen; horregatik, 1915ean alderditik kanporatua izan zen. Orduan, EAJren kontrola euskalerriakoek lortu zuten eta alderdiak "Comunión Nacionalista Vasca" izena hartu zuen. 1920-23 bitartean, sabinismo eta komunionisten arteko eztabaida berriro azaldu zen, 1919ko hauteskundeetan emaitza txarrak izan zituztelako; horrek erradikalen adarra bereiztea ekarri zuen eta EAJ birsortu zen (Aberri), independentziaren aldeko diskurtsoari helduz. Aipatzekoa da Elias Gallastegi, "Gudari", Sabinoren ideiak defendatzen zituena.
Primo de Riveraren diktaduran errepresio politikoa izan zen nagusi: EAJren lokalak itxi ziren eta Aberri kaleratzea debekatu zen. Alderdi moderatuak, aldiz, bere egunkaria mantendu zuen. 1930ean, bi adarrak berriro batu ziren Bergarako Asanbladan, EAJ izenera itzuliz. Birsorkuntza hark bazterturik utzi zuen joera akonfesional eta liberaleko sektore bat, eta hark, bere aldetik, Acción Nacionalista Vasca (ANV) sortu zuen.
Industrializazioa Euskal Herrian
Testuinguru Orokorra
Industrializazioa Ingalaterran sortu zen XVIII. mendearen amaieran. XIX. mendean Europako erdialdean zabaldu zen, baina Espainiara ez zen bigarren erdialdera arte heldu. Espainian Errestaurazio garaian gauzatu zen. Politikaren aldetik, kanobismoaren aldia da, Cánovas del Castillo gobernu-buru zela. Ekonomiaren aldetik, Espainiako industria bi sektoretan oinarritzen zen: Kataluniako ehungintzan eta Bizkaiko siderurgian.
Espainiako industriak, eta kasu honetan Bizkaikoak, arazo larri bat zuen: Europako industriaren lehia. Horregatik, euskal enpresariek protekzionismoa eskatzen zuten. Cánovasen sistemak atzerriko produktuei aduana-zergen araubidea jarri zien 1891n. Horri esker, Bizkaiko siderurgiak aurre egin zion atzerriko lehiari, Espainiako burdina-ekoizle nagusi bihurtuz.
Bizkaiko Garapen Ekonomikoa
Errestaurazio garaian, Euskal Herriak ekonomia-garapen bizia izan zuen faktore hauei esker:
- Burgesia ikasiaren sorrera.
- Eskulangile kualifikatuak (burdinoletan trebatuak).
- Kokaleku geografiko estrategikoa.
- Figuerolaren lege librekanbista eta 1869ko Meatzetako Legea.
70eko hamarkadan, Bizkaian meatzaritza-arroen ustiaketak izugarrizko garrantzia izan zuen. 1856an Bessemer ingeniariak altzairua merke lortzeko sistema asmatu zuen, fosfororik gabeko burdina behar zuena, eta mineral hori Bizkaian oso ugaria zen. Burdinaren minerala atzerrira saltzeak ekarri zuen dirua izan zen euskal kapitalismoaren oinarria.
1876tik aurrera, industria-hazkundea indartu zen. Kapitalak siderurgian inbertitu ziren eta hiru fabrika garrantzitsu eraiki ziren: San Francisco de Mudela, Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Acero de Bilbao eta Vizcaya. 1902an, Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren. Horrez gain, ontzigintza, banku-sektorea (Bilbao Bankua), aseguru-konpainiak (Aurora, La Polar) eta enpresa hidroelektrikoak garatu ziren.
Gipuzkoako Industrializazio Prozesua
Gipuzkoan, industria modu uniformeagoan kokatu zen (Deba, Urola eta Oria haranetan). Enpresa txiki eta ertainak ziren nagusi:
- Papergintza: 1842an abiatu zen Oria ibarrean; geroago Papelera Española eratu zen.
- Ehungintza: Bergarako kotoizko oihalak, Azkoitiko espartinak eta Tolosako txapelak.
- Siderometalurgia eta Armagintza: Unión Cerrajera, eta Eibarko zein Soraluzeko armagintza (Orbea, Victor Sarasqueta).
- Garraioa: 1917an Beasainen CAF (Compañía Auxiliar de Ferrocarriles) sortu zen.
Federico Etxebarria eta Protekzionismoaren Defentsa
Testuan agertzen den defentsaren arrazoia merkataritza-itunak dira, zehazki Espainia eta Alemaniaren artekoa. Itun horiek Cánovasen 1891ko aduana-zergak bertan behera utziko lituzkete. Federico Etxebarriak zioenez, itun horrek eragin negatiboa izango luke ekonomian, eta Estatuari aduana-zergen araubidea errespetatzea eskatzen dio.