Europako Inperioak Asian: Kolonialismoa eta Hedapena

Historia2,38 KB

Europako inperioak Asian

  • India: Erresuma Batuaren kolonia nagusia izan zen Asian. 1857an, matxinada odoltsu baten ondoren, britainiar gobernuak zuzenean kontrolatu zuen lurraldea, erregeorde baten agindupean, eta Raj britainiarra sortu zuen, gaur egungo India, Pakistan, Bangladesh eta Sri Lanka hartuz. Geroago, Erresuma Batuak Birmania, Malaysia, Singapur eta Txinako enklabeetara (Hong Kongeko portura bereziki) hedatu zituen bere agindupeko lurraldeak. Britainiarren beste gune inperial handi batek Australia eta Zelanda Berria hartzen zituen; XVIII. mendetik aurrera britainiar emigratzaileez populatutako koloniak ziren, eta geroago britainiar inperioaren parte izatera pasatu ziren, estatus handiagoarekin.
  • Errusia: Alaska okupatu zuen (gero Estatu Batuei saldu zien), bai eta Kaukasoko eremua eta Siberiako lurralde zabala ere, Ozeano Bareraino. Erresuma Batuarekin gatazka ugari izan zituen, eta istiluak baretzeko, bi estatu independente mantentzeko hitzarmena egin zuten: Persia eta Afganistan, bi potentzien artean estatu tapoi gisa funtzionatu zutenak.
  • Frantzia: Indotxinara mugatuak zituen bere grinak XVII. mendetik. 1860tik aurrera, gaur egun Vietnam, Kanbodia eta Laos diren herrialdeetara zabaldu zituen agindupeko lurrak, eta Indotxinako Batasuna sortu zuen. Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko gatazka sortzeko arrisku handia zegoen, eta horri esker eutsi ahal izan zion Siamgo erresumak bere independentziari.
  • Holanda: Java uhartea okupatuz sartu zen Asian. Handik aurrera, Indonesiako beste uharte batzuk ere kolonizatu zituen; gainerako potentziek ez zioten eragozpenik jarri.
  • Alemania: 1880ko hamarkadatik aurrera, Ekialdeko Ginea Berria, Salomon uharteak eta Txinako kostaldeko enklabe batzuk okupatu zituen.

Txinako Inperioaren egoera

Txinako Inperioaren kasua berezia da. Hainbat faktore zirela eta —tamaina itzela, biztanleria ugaria eta milaka urteko kultura izateak ematen zien harrotasuna—, ezinezkoa egin zitzaien potentzia inperialistei Txina beren artean banatzea. Hala ere, potentzia guztiek elkar hartu zuten Txinako administrazio inperial dekadentea estutzeko, lurralde-kontzesioak egitera behartzeko eta eskubide ekonomikoak eta juridikoak eskuratzeko; hori dela eta, txinatarrek etsaitzat hartu zituzten atzerritarrak.

Deskargatu

PDF Word HTML