Espainiako Hiri-Hierarkia 2009an
1. Sarrera
Iruzkinean dugun mapa tematikoa Espainiako lurraldea irudikatzen du (uharteak eta hiri autonomoak barne). Mapa kualitatiboa da, neurtu ezin diren fenomenoak irudikatzen dituelako. Mapa estatikoa da, ez baitu denboran zeharreko bilakaera erakusten, eta sintetikoa, hainbat fenomeno aztertzen baitira. Hain zuzen ere, irudi-mapa da, fenomenoak sinbolo edo irudi geometrikoen bidez irudikatzen direlako. Maparen eskalan, segmentu bakoitza 100 km-ren baliokidea da.
Mapak Espainiako hiri-hierarkia adierazten du. Iturria Muñoz-Delgado da, eta urtea, 2009a. Aipatu berri dugun moduan, informazioa irudikatzeko irudi geometrikoak erabiltzen ditu. Horrela, bada, karratuek hiri nagusienak irudikatzen dituzte; tamainaren eta kolorearen arabera, zer metropoli mota diren jakin dezakegu. Puntuek hiri ertain eta txikiagoak irudikatzen dituzte. Eskualde korokromatikoek hiri-ardatzak irudikatzen dituzte. Lerro jarraiek eta etenek hirien artean harremanik dagoen ala ez, eta harreman horien nolakotasuna irudikatzen dute.
2. Iruzkina
Hiriek sare bat osatzen dute: hiri-sistema. Sistema horretan, hiriak hierarkikoki bereizten dira beren tamainaren, funtzioen, eragin-eremuaren hedaduraren eta besteekin dituzten harremanen arabera. Hiriek inguruko esparruak edo eragin-eremuak (handiagoak nahiz txikiagoak) ondasunez eta zerbitzuz hornitzen dituzte. Aztergai dugun mapak Espainiako hirien hierarkia hori irudikatzen du. Legendari erreparatuz, bost hiri-kategoria bereizten dira:
- Metropoli nazionalak: Espainiako metropoli-eremu handienak, Madril eta Bartzelona, mapan karratu gorriz irudikatuak. Milioi bat baino gehiagoko biztanleria dute, eta funtzio dibertsifikatuenak: batetik, enpresa nazional eta multinazional handien egoitzak bi hiri hauetan daude; bestetik, goi-teknologiako zentroak dituzte, oso zerbitzu espezializatuak (finantza-, kudeaketa-, berrikuntza-, kultura- eta aisialdi-zerbitzuak) eskaintzen dituztenak. Hiri hauen eragin-eremua nazionala da, eta harreman estuak dituzte nazioarteko beste metropoli batzuekin; hain zuzen ere, Espainiako hiri-sistema Europakoarekin eta mundukoarekin lotzen dute.
- Eskualde-metropoliak: mapan, Espainiako metropoli-eremu handiak karratu urdinez irudikatuta daude. Bost hauek dira: Valentzia, Sevilla, Bilbo, Malaga eta Zaragoza. Milioi bat eta 500.000 biztanle artean dituzte. 2. eta 3. sektoreko zerbitzu espezializatu asko eskaintzen dituzte. Bost hiri hauen eragin-eremua eskualdekoa da, baina harreman handiak dituzte aipatu berri ditugun metropoli nazionalekin.
- Azpieskualde-metropoliak edo bigarren mailako eskualde-metropoliak: metropoli-eremu txikiagoak dira, mapan karratu berdez irudikatuak. Adibidez: Donostia, Iruñea, Gasteiz, A Coruña edo Kordoba. 500.000 - 250.000 arteko biztanleria dute. Funtzioak nahikoa dibertsifikatuak: zenbait zerbitzu espezializatu eskaintzen dituzte; adibidez, unibertsitatea. Metropoli hauen eragin-eremua azpieskualdekoa edo eskualdekoa da (probintzia bakarreko autonomia-erkidegoak direnean).
- Hiri ertainak: probintzietako hiriburuak (aurreko multzoan sartu ez direnak), mapan puntu urdinez irudikatuak. Adibidez: Leon, Albacete, Badajoz. 250.000 - 50.000 bitarteko biztanleria dute. Hiri hauen funtzioak ez dira hain dibertsifikatuak (probintziako merkataritza-, administrazio- eta gizarte-zerbitzuak).
- Hiri txikiak: mapan puntu zuriz irudikatuak, 50.000 - 10.000 bitarteko biztanleria duten hiriak dira. Adibidez: Irun, Soria, Teruel, Astorga.