Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian (1936-1937)
Espainiako Gerra Zibila (1936-1939)
Espainiako Gerra Zibila 1936an hasi zen, militarrek eta sektore eskuindarrek errepublikar gobernuaren aurka emandako estatu-kolpearen ondorioz. Gerra honen gakoa 1936an ezkerreko alderdiek osatutako Frente Popularra onartu ez izana izan zen. Aldeen arabera, gatazka hau Altxamendu Nazionala, Errebelio faxista edo Gerra Nazional-Iraultzailea bezala izendatu izan da.
Gerraren bilakaera Euskal Herrian
Gerraren eragina ezberdina izan zen Euskal Herriko lurraldeetan. 1936ko urrira arte, Nafarroan eta Araban altxamenduak arrakasta lortu ondoren, gerra batez ere Gipuzkoan zentratu zen. Bertan, gaizki armaturiko milizia herrikoiak Nafarroako erreketeen erasoak eusten saiatu ziren, eta Donostia itsasotik bonbardatua izan zen. Frankistak irailean jabetu ziren Donostiaz.
Eusko Jaurlaritzaren sorrera eta kontraerasoa
Urrian Eusko Jaurlaritza osatu zen, eta Euzko Gudarosteak kontraerasoa jo zuen Arabako Villarreal inguruan, Gasteiz hartzeko asmoz. Saiakerak porrot egin zuen, eta horrek Eusko Gudarostearen morala kaltetu eta errepublikarren aginte nagusiarekiko mesfidantza giroa sortu zuen.
Bizkaiko erasoaldia eta Bilboren erorketa
1937an, frankistek Bizkaian erasoaldia burutu zuten, Kondor Legioaren eta Italiako indarren laguntzarekin. Hegazkin eta artilleriaren nagusitasunaz baliatuz, aurrera egin zuten. Gernikak eta Durangok hegazkin-eraso gogorrak jasan zituzten.
Maiatzean, frankistak Bilbo babesten zuen Burdinezko Gerrikoa apurtzera heldu ziren. Ekainaren 19an, Francoren armadako lehen unitateak Bilbon sartu ziren. Eusko Gudarostearen hondarrak Santander aldera abiatu ziren.
Errendizioa eta erbesteratzea
Bilboren erorketaren ondoren, Santoñan bildutako batailoi nazionalistak italiarrei errenditu zitzaizkien, paktu bat sinatu ondoren (Frankok ez zuen errespetatu, baldintzarik gabeko errendizioa baino ez baitzuen onartzen). Ezkerreko alderdietako batailoiek Asturiasen jarraitu zuten borrokan, hura ere frankisten eskuetan erori zen arte.
Gerraren ondoren, askok Hegoaldetik alde egin zuten. Ipar Euskal Herrira eta Frantziara ihes egiteaz gain, euskaldun askok Ameriketara erbesteratzea aukeratu zuten: Venezuela, Argentina eta Mexikora, besteak beste.