Espainiako eta Euskal Herriko Industrializazioa: Berrezarkuntza eta Protekzionismoa

Historia3,16 KB

Espainian, Berrezarkuntzaren garaian, industrializazioa oso eskasa zen. Herritar gehienek oso errenta txikiak zituztenez, ez zuten kontsumitzeko eta aurrezteko aukerarik ere, eta horrek industriaren garapena eragotzi zuen.

Euskal Herriko Industrializazioaren Gakoak

Euskal Herriari dagokionez, Euskal Herriko industrializazioa ezin da ulertu Bizkaiko burdin meategietan jasotakoa ezagutu gabe. Bizkaian, burdinaren ustiaketa eta eraldaketa aspaldikoa zen (burdinoletan lantzeko). Baina, lehengaia izan arren, foru legediak minerala atzerrira esportatzea eragozten zuen.

Industria Eremuak eta Babes Beharra

Espainia mailan, industria-eremu nagusiak Espainiako periferian zeuden: Katalunian, Euskal Herrian eta Kantaurialdean. Enpresa hauek kostu handiak eta produktibitate txikia zituztenez, nazioartean lehiatzeko babesa behar zuten. Kontuan izan behar da, ordea, liberalismoa, printzipioz, merkataritza librearen aldekoa zela. Beraz, librekanbioa ez zitzaien komeni industria garapen prozesuan zeuden estatuei; hauek mugak jarri behar zizkieten kanpoko produktu industrialei eta beren industriaren produktuak babestu (protekzionismoa).

Bilboko Industria Krisia eta Arantzelen Eztabaida

Testuinguru hau ulertzeko, kontuan hartu behar dugu 1891tik aurrera krisi industrial gogorra jasaten ari zela Bilbo inguruko industria, batez ere burdingintza saileko enpresetan. Horri aurre egiteko, 1891n, Cánovasen kontserbadoreek, gobernuan zeudela, arantzel gogorragoak ezartzea erabaki zuten.

Baina, 1893ko udatik aurrera, liberalak zeuden Madrilgo gobernuan, politika librekanbistarekin jarraitu nahi zutenak, eta akordio “bilateralak” sinatzeari ekin zioten. Horren adibide bat Espainiako gobernuak Alemaniarekin egiteko zuen itun ekonomikoa da.

Industrialen Erreakzioa eta Lorpenak

Mehatxu horrek Bilboko industrialen artean kontrako erreakzio gogorra piztu zuen. Beraz, arantzel gogorragoen eta babes gehiagoren aldeko kanpaina bati ekin zioten Madrilgo gobernua presionatzeko. Kanpaina horretan hainbat ekintza burutu zituzten:

  • Artikuluak prentsan
  • Merkataritza-ganberen oharrak
  • Langileen manifestazioak
  • Alderdi desberdinetako politikariekin elkarrizketak
  • Federico Echevarriaren mitinak

Horrela, Espainia-Alemania itun ekonomikoa atzera botatzea lortu zuten. (Politika ekonomikoa bi estaturen arteko merkataritza-itunen arabera erabakitzen zen). Victor Chávarrik (Bilboko industrialen liderra), Sagastaren Alderdi Liberalekoa izan arren, Senatuan kontserbadoreekin batera kontrako botoa eman zuelako.

Baina Bilboko industrialek hori baino gehiago lortu nahi zuten, eta azkenean, 1896an (Amos Salvador ministro zela), lortu zuten: atzerritik inportatzen ziren trenbideetako materialei zerga gogorrak ezartzea. Horrela, beren produktuak lehiakorrak bihurtu ziren.

Lehen Mundu Gerraren Eragina

Dena dela, Bizkaiko burdingintzarentzat eta, orokorrean, Espainiako ekonomiarentzat urte oparoenak Lehen Mundu Gerran etorri ziren (1914-1918). Europako potentzia industrialak gerran zeudenez, bertako industriek ondo aprobetxatu zuten mozkin izugarriak lortzeko.

Deskargatu

PDF Word HTML