Espainiako Estatu Liberalaren Eraketa
Estatu Liberala: Sarrera eta Testuingurua
Kolonien independentziaren ondorioz, Espainia nazioarteko politikan bigarren mailan gelditu zen. Bere produktuak saltzeko merkatua galdu zuen, baita garrantzi handiko lehengaiak ere.
Errepublika burujabe berrietan, barne arazo eta tentsio larriak sortu ziren, askapen prozesuaren gidari izan ziren kreolek ezarritako kontrol politiko, ekonomiko eta soziala zela eta.
Liberalismoa atera zen garaile Maria Kristina erreginaordearen eta Espartero erregeordearen agintaldietan. Konstituzio-erregimena behin finkatuta gelditu zen Isabel II.aren garaian.
Seiurtekoan, progresistek, demokratek eta errepublikarrek iraultza demokratikoa gailendu zuten. Euskal Foru-erregimena konstituzioaren esparru berriari egokitu zitzaion. Industrializazioa nagusiki periferiako lurralde batzuetan gertatu zen, eta gizarte-antolaketa klaseetan banatuta zegoen.
Erregeordetzaren Garaia (1833-1843)
Fernando VII.a hil zenean, Isabel II.a artean adingabe zenez, erregetza Maria Kristina erreginaordearen (1833-1840) eta Baldomero Espartero jeneral erregeordearen (1840-1843) esku egon zen. Bitarte horretan finkatu zituzten Espainian Estatu liberalaren oinarriak.
Aldi berean, lehen Karlistaldia sortu zen, liberalen eta absolutisten arteko gatazka zibila. Haren ondorioz, erregimen politiko mistoa, konstituzionala eta forala, ezarri zen.
Maria Kristinaren Erregeordetza (1833-1840)
Fernando VII.a hil zenean, bere alaba Isabel II.ak hiru urte besterik ez zituen, eta Isabelen ama, Maria Kristina, izan zen erreginaorde 1840. urtera arte. Maria Kristinaren erregeordetzan, Karlistaldia gertatu zen, eta areagotu egin zen liberalismoaren barruko zatiketa, progresisten eta moderatuen artekoa.
Gobernu Moderatua eta Errege Estatutua
Maria Kristinak gobernu kontserbadorea osatu behar izan zuen 1833an, Cea Bermudez buru zela. Baina beste kabinete bat izendatu zuen 1834an, joera moderatuko Francisco Martinez de la Rosa buruzagi zela. Moderatuen zeregin nagusia Errege Estatutua idaztea zen. Errege Estatutuak bidea zabaldu zion Monarkia konstituzionalari.
Progresisten Goraldia
1835ean, erreginaordeak Juan Mendizabal progresista izendatu behar izan zuen gobernuburu. 1836an Isturiz jarri zuen gobernuan, Mendizabalen ordez. Horren aurrean, progresistek matxinada eta konspirazioa antolatu zuten, La Granjako sarjentuen altxamenduarekin.
Erreginak 1812ko Konstituzioa zin egin behar izan zuen, Jose Maria Calatrava progresistaren esku utzi zuen gobernua, eta Mendizabal jarri zuen, berriro ere, Ogasunaren buru.
Neurri esanguratsuenak elizaren ondasunak desamortizatzea eta Konstituzio berria aldarrikatzea izan ziren.
Mendizabalen Desamortizazioa
Elizaren ondasunen desamortizazioa 1835 eta 1837 bitartean egin zen, Mendizabalen gidaritzapean. Ondasun asko nazionalizatu zituzten eta enkante publikoan saldu. Horren ondorioz, Ogasunaren diru-sarrerak nabarmen handitu ziren.
Noble eta burges aberatsak izan ziren lur-erosle nagusiak, eta neurri haiek liberalismoaren aldera erakarri zituzten. Hala ere, desamortizazioaren ondorioz, nekazariak liberalismoaren kontra jarri ziren.
1837ko Konstituzioa
Konstituzio progresista berria 1837ko maiatzean aldarrikatu zuten. Konstituzio hark nazioaren subiranotasunaren printzipio liberalak finkatu zituen. Hego Euskal Herrian, Foru-erakundeak deuseztatu eta erakunde konstituzionalistak ezarri zituzten.