Espainiako Errestaurazioa: Cánovas Sistema eta Krisia
Errestaurazioaren Hasiera eta Monarkiaren Itzulera
Seiurteko Demokratikoa (1868-1874) eta I. Errepublika amaitzean (1874), II. Karlistaldian, 1876an, Borboitarren monarkia berrezarri zen Espainian. 1875ean, Alfontso XII.ari erregetza eman zitzaionean, Errestaurazio garaiari hasiera eman zitzaion. Garai honek 1902ra arte iraun zuen, Alfontso XII.arekin lehenik (1875-1885) eta hau hil ondoren, bere emazte zen Maria Kristinarekin (1885-1902).
1902an Alfontso XIII.ari (semea) adin-nagusitasuna eman zitzaionean, koroa eman zioten eta Errestaurazio sistemaren garai berri bat hasi zen. 1898tik krisian zegoen sistemak Primo de Riveraren diktadura hasi arte iraun zuen (1923).
Cánovas del Castillo eta Sistema Politikoa
Berrezarpenean, Cánovas del Castillo kontserbadorea izan zen bultzatzaile nagusia. Honek, oinarri politikotzat Isabel II.aren tradizio moderatu eta kontserbadorea zuen.
1897ra arte bakarrik egon zen Cánovas agintean, baina bere sistemak 1923ra arte iraun zuen. Honek ezarritako oinarri politiko-juridikoetan aipagarriak dira:
- 1876ko Konstituzioa
- Gobernuan ezarritako txandakatze-sistema baketsua
- Kazikismoa
Txandakatze politiko horretan, Alderdi Kontserbadorea (Cánovas buru zelarik) eta Alderdi Liberala (Sagasta buru zelarik) txandaka egon ziren agintean; gainerako indar guztiak sistematik kanpo geldituz. Bestalde, garai honetan bi gatazka garrantzitsu konpondu ziren: Kubako Gerra (1868-1878) eta II. Karlistaldia (1872-1876).
El Pardoko Ituna eta Erreginordetza
Alfontso XII.a 1885ean hil zenean, Maria Kristina jarri zen erreginorde 1902ra arte. Cánovasek eta Sagastak El Pardoko Ituna sinatu zuten sistema bermatzeko.
Sistemaren Krisia eta Erregenerazionismoa
1898an, krisi gogor bat izan zuten Espainiak eta baita Errestaurazio sistemak ere. Horrela, erregenerazionismoa sortu zen, herrialdea modernizatu beharra baitzegoen. 1902an eman zitzaion adin-nagusitasuna Alfontso XIII.ari eta Errestaurazioko aldi berri bati hasiera eman zitzaion.
Hala ere, sistemak behea jota jarraitzen zuen. Egonezin sozial eta politikoaren ondorioz, etengabe ematen ziren herritarren altxamenduak. Sistemaren krisiari autoritarismo kontserbadoreak erantzun zion: 1923an Primo de Riveraren estatu-kolpeak diktadurari hasiera eman zion.