Espainiako Errepide Sarearen Maparen Iruzkina (2014)

Geografia3,15 KB

Espainiako Errepide Sarearen Maparen Iruzkina

Aztergai daukagun mapa hau Espainiako errepide sarearen mapa da. Gaikako mapa honen iturria Sustapen Ministerioa da, eta 2014ko datuak eskaintzen dizkigu. Mapan erabiltzen den eskala 1:100 da; hau da, 1 cm = 100 km. Legendan azaltzen denez, mapan zehar agertzen diren marra urdin zuzenak autobideak eta autobiak irudikatzen ditu; puntu-txoiez osatutako marra urdinak eraikitzen ari diren autobiak eta autobideak; eta marra gorriak bestelako errepideak.

Errepide Sarearen Eskumenak

Mapan ikus daitekeenez, sarearen gaineko eskumenak banatuta daude. Estatuko sareak herrialdeko biztanleria-gune nagusiak elkarrekin lotzen ditu, eta nazioarteko sarearekin lotzen da. Sare autonomikoak herrialde-barneko mugikortasunaz arduratzen dira; diputazioak eta uharteetako kabildoak, berriz, eskualde-barneko komunikazioez eta biztanleria-gune guztietara iristeaz.

Sarearen Diseinu Erradiala

Penintsulako errepide-sarearen diseinua erradiala da, mapan ikusten denez. Erdigunea Madril da, eta ardatzak hedatzen dira biztanleria eta ekonomia-jarduerak kontzentratzen diren periferiako eremu nagusietarantz. Eredu hori XVIII. mendean sortu zen Borboitarren eskutik, eta 1960ko hamarkadan finkatu zen, errepide-sarea modernizatu zenean.

Ezaugarri Teknikoak eta Desberdintasunak

Ezaugarri teknikoetan alde nabarmenak daude. Gehien hazi direnak ahalmen handiko bideak dira (autobideak eta autobiak). Guztira, 15.000 km daude Espainian, Europako herrialdeetatik km gehien dituen herrialdea izanik. Gainerako errepideak kalitate onekoak dira, oro har, toki batzuetan akatsak dauden arren. Bidaiarien eta salgaien barne-zirkulazioa errepide bidezkoa izaten da, gehienbat.

Lurralde Desorekak

Lurraldeen artean desorekak daude sarearen trinkotasunari, zirkulazioaren intentsitateari eta irisgarritasunari dagokienez. Sarearen trinkotasuna handiagoa da ekonomikoki dinamikoenak diren eskualdeetan, erliebea zatikatua dutenetan eta uharteetan. Aldiz, txikiagoa da hain dinamikoak ez diren erkidegoetan eta biztanleria-eremu kontzentratu eta elkarrengandik urrun dutenetan. Zirkulazioaren intentsitateari dagokionez, handiagoa da ahalmen handiko bideetan. Irisgarritasuna homogeneoagoa da errepidez, beste garraio-azpiegitura batzuez baino. Hala ere, handiagoa da ahalmen handiko korridore erradialetan eta, bereziki, ahalmen handiko zenbait bidek bat egiten duten guneetan. Irisgarritasuna txikiagoa da, aldiz, Frantziarekin eta Portugalekin mugakideak diren eremuetan.

Ingurumenarekiko Jarduerak

Ingurumenaren gaineko jardueren xedea da automobilek sortutako kutsadura murriztea, garraio kolektiboa, motor eraginkorrak, automobil elektrikoak eta abar bultzatuz. Ingurumen-balio handiko eremuetan "errepide berdeak" sustatzen dira. Horietan, zirkulazioa nahiko arina da, eta ibilgailu astunentzat mugatua.

Ondorioak

Honen guztiaren ondorioz, esan dezakegu, gaur egun, estatuko zein eskualdeko biztanle-nukleoen artean, oro har, errepide-sarearen hobekuntzaren ondorioz, irisgarritasun-tasa altuak ditugula. Gainera, errepideak kokatzen diren inguruetan, hiri-, industria- eta turismo-dentsitate handienak daude.

Deskargatu

PDF Word HTML