Espainiako Bigarren Errepublika
Errepublika Ezartzea
1931ko apirilaren 12ko udal-hauteskundeetan alderdi errepublikarrek irabazi zuten probintzietako hiriburu gehienetan. 14an emaitzak ezagutu zirenean, Eibar izan zen II. Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo herria. Erregimen monarkikotik errepublikarrerako trantsizioa indarkeriarik gabe gertatu zen, eta sistema politiko berriak herrialdeak zituen arazo larriak konponduko zituela espero zuen jendeak.
Errepublikako Alderdi Politiko Nagusiak
Alderdi Ezkertiarrak
- Alderdi errepublikarrak: Manuel Azañaren Acción Republicana, Marcelino Domingoren Partido Radical Socialista, eta Martínez Barrioren Unión Republicana.
- Alderdi autonomistak edo eskualdekoak: Organización Regional Autonomista Gallega (ORGA), Santiago Casares Quirogarena; Esquerra Republicana de Catalunya, Macià eta Companysena eta Partido Catalanista Republicano.
- Langileen alderdiak eta erakundeak: PSOE eta UGT, Francisco Largo Caballero, Indalecio Prieto eta Julián Besteiro; Partido Comunista de España (PCE) Dolores Ibarruri. Gainera, CNT eta FAI erakunde anarkistak eta Partido Obrero de Unificación Marxista (POUM).
Alderdi Eskuindarrak
- Alderdi errepublikarrak: Alejandro Lerrouxen Partido Radical Republicano, Confederación Española de Derechas Autónomas (CEDA), Derecha Liberal Republicana,…
- Alderdi autonomistak: Lliga Regionalista de Catalunya, Cambórena, Derecha Regional Valenciana, Luis Lucíarena, eta EAJ, José Antonio Agirre burua.
- Monarkiaren aldeko alderdiak: Alfontsoren aldekoa zen Renovación Española, José Calvo Sotorena, alderdi karlista eta Manuel Fal Conderen Comunión Tradicionalista.
- Alderdi autoritarioak: Juntas Ofensivas Nacional Sindicalistas (JONS) Ramiro Ledesmak eta Onésimo Redondok zuzenduta, eta Falange Española José Antonio Primo de Riverarena. Biak elkartu egin ziren (FE-JONS).
1931ko Konstituzioa
Behin-behineko gobernua sortu zen, koalizio errepublikazale-sozialistako kideek osatuta. Niceto Alcalá Zamora zen gobernuaren buru. Behin-behineko gobernuak herrialdea eraldatzeko ardura zuen, eta premiazko zenbait neurri hartu zituen, arazo sozial, ekonomiko, militar eta autonomiko larrienei berehalako irtenbidea emateko.
Hauteskundeetarako deia egin zuen Gorte Konstituziogileak osatzeko eta konstituzio berria egiteko. Ekainaren 28an egin ziren eta errepublikar ezkertiarrek eta sozialistek lortu zuten gehiengo nagusia; Hego Euskal Herrian bakarrik irabazi zuten eskuinaldeko alderdiek, EAJk eta karlistek osatutako koalizioak.
1931ko abenduaren 9an konstituzio berria onartu zen. Kutsu ezkertiarra zuen eta zenbait berrikuntza: gizonen nahiz emakumeen sufragio unibertsala, autonomia eskubidea, estatuaren akonfesionaltasuna, Gorte Konstituzionalerako Auzitegia... Baita, herriaren subiranotasuna, Gorteetan ordezkatuta, eta norbanakoaren eskubideak eta eskubide politikoak ere.
Etapak
1. Azañaren Biurtekoa (1931ko Urria - 1933ko Iraila)
Alcalá Zamorak dimititu ondoren, Azaña behin-behineko gobernuaren presidente aukeratu zuten Gorteek, eta abenduan Niceto Alcalá Zamora Errepublikako presidente.
Azañaren gobernu errepublikar-sozialistak, agintean egon zen bi urteetan, behin-behineko gobernuak abian jarritako erreformen egitasmoari jarraipena eman zion.
Erreforma Erlijiosoa
Gobernu errepublikarrak Eliza Katolikoaren boterea eta eragina deuseztatu nahi zituen. Horretarako:
- erlijioaren derrigorrezko irakaskuntza kendu zuen.
- ezkontza zibila eta dibortzioa onartu zituen.
- jesuiten ordena boteretsua desagerrarazi zuen.
- Eliza finantzatzeari uko egin zion.
Neurri hauen kontrako erantzuna Pedro Segura kardinal primatuak zuzendu zuen.
Hego Euskal Herrian, neurri hauek balore erlijiosoen aurkako eraso moduan ulertu zituzten talde karlistek, eta Comunión Tradicionalista delakoan bildu ziren. EAJk, Errepublika onartu arren, Elizaren eskubideak defendatu zituen.
Lurralde Antolamenduaren Erreforma (Autonomiak)
Nazionalitateak, katalana eta euskalduna bereziki, estatuarekin artikulatzeko bide egokiagoak aurkitu beharra zegoen.
Donostiako Itunean katalanen aldarrikapen nazionalistak onartu ziren eta, horregatik, Kataluniako Estatutuaren gaia parlamentuan aztertu zen lehenengo gaietako bat izan zen, nekazaritzaren erreformarekin batera.
Katalunian, Esquerra Republicana de Catalunya alderdiak (ERC) irabazi zituen 1931ko apirileko udal hauteskundeak, eta horren esku geratu zen buruzagitza politikoa. Beraz, ERC izan zen Kataluniako autonomia estatutua lortzeko prozesua bultzatu zuena.
Katalan gehienek erreferendumean onartu ondoren, 1932ko irailean Gorteek Kataluniako Estatutua (Nuriako Estatutua) onetsi zuten. Macià Generalitateko presidentea izendatu zuten eta, hau hiltzerakoan, Lluís Companys-ek ordezkatu zuen.
Hego Euskal Herrian, EAJ eta Karlistak nagusitu ziren apirileko udal hauteskundeetan eta Jose Antonio Agirre EAJko Getxoko alkatea izan zen euskal autonomia estatutua lortzeko ekimenaren aitzindaria.
Zenbait estatutu proiektuk porrot egin ondoren, 1936ko urriaren 1ean, gerra zibila hasita zegoelarik, Gorteek onartu zuten euskal autonomia estatutua. Jose Antonio Agirre izan zen lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
Galiziak ere estatutu proiektu bat prestatu zuen. 1936ko ekaineko herri kontsultan onartu zuten proiektu hura. Nolanahi ere, gerra zibilaren hasieratik nazionalen menpe egoteak eragotzi egin zuen estatutua indarrean jartzea.
Erreforma Militarra
Eragin, botere eta kopuruarengatik arriskutsua izan zitekeen armada aldatzeko neurriak hartu zituen Azañak. Ofizialen kopurua nabarmen murriztu zen eta indar armatuak botere zibilaren menpe geratu ziren.
Azañak sustatutako erreformek ondoeza sortu zuten armadan. Horren isla izan zen 1932ko abuztuan Sevillan gertatu zen altxamendu militarra, Sanjurjada izenez ezagutzen dena. Errepublikaren gobernuak estatu kolpea emateko saio hura ezereztu eta Sanjurjo atxilotu zuen.
Hezkuntzaren Erreforma
Herrialdearen modernizazioa lortzeko oinarrizkoa zen. 1931ko Konstituzioak Derrigorrezko Lehen Hezkuntza doanekoa eta mistoa ezarri zuen. Aurrekontuko diru asko zuzendu zen hezkuntzara, ikastetxeak eraikitzeko, irakasleen kopurua gehitzeko, formakuntza sustatzeko, soldatak igotzeko...
Hezkuntza sekularizatzeko neurriak ere hartu ziren, ordena erlijiosoei irakaskuntzan aritzeko debekua eta erlijioaren derrigorrezko irakaskuntza kentzea adibidez.
Bigarren Hezkuntza hobetzea eta unibertsitatean ikerketak sustatzea ere Errepublikako gobernuaren helburuak izan ziren.
Nekazaritzaren Erreforma
1931an Espainia nekazaritzan oinarritutako herrialdea zen oraindik, baina honen arazoak larriak ziren: latifundismoa, lur jabeen absentismoa, jornalarien egoera eskasa... Errepublikarentzat egoera horri irtenbidea bilatzea helburu nagusienetariko bat bihurtu zen.
1931ko apirilean eta maiatzean behin-behineko zenbait dekreturen bidez, nekazaritzaren mundua berritzeko hainbat neurri jarri ziren martxan. Dekretu haien arabera lur jabeak behartuta zeuden beren lurrak ereitera, lur saila zegoen herriko jornalariak kontratatzera, zortzi orduko lanaldia ezartzera eta gutxieneko soldata bat finkatzera.
Nekazaritzaren Erreformarako Oinarrien Legea onartu zen, Sanjurjoren altxamenduaren ondorioz errepublikarrak eta sozialistak elkartu eta proiektua adostu zutenean.
Erreformak erein gabeko latifundioen okupazioa bideratu arren, oso geldiro egin zen; izan ere, lur jabeak haserre zeuden, lurrak desjabetzeko mehatxua zela eta, baina baita jornalariak ere, lurraren jabetza eskuratzea atzeratzen ari zela ikusita. Errepublikaren lanarekin etsita zeuden nekazariak, eta anarkisten proposamen iraultzaileagoetara jo zuten.
Eskuindarren biurtekoan legearen kontrako erantzuna areagotu zen eta 1934ko maiatzean baliogabetu zen.
Azañaren Gobernuaren Krisia
1933an Azañaren gobernuaren krisia gertatu zen. Krisiaren eragileak:
- 1932 eta 1933ko gizarteko gatazkak
- Sanjurjoren altxamendu militarra (1932ko abuztua)
- Eskuindarrak antolatu ziren. CEDA eta Renovación Española alderdiaren fundazioak.
- Koiuntura ekonomiko eskasa.
Errepublikako presidenteak laguntza eskaintzeari utzi zionean, Azañak dimititu egin zuen 1933ko irailean. Alcalá Zamorak, berak zuzendutako gobernuaren ondoren, urrian Martínez Barriori agindu zion gobernu berria eratzea, eta horrek hauteskunde orokorrak azarorako deitu zituen.
2. Eskuindarren Biurtekoa (1933ko Azaroa - 1936ko Otsaila)
1933ko azaroaren 19ko hauteskundeetan lehen aldiz emakumeek botoa eman ahal izan zuten. Oraingoan, CEDAk eta Alderdi Erradikal Errepublikarrak irabazi zuten. Ezkertiarren biurtekoan egindako akatsak, anarkosindikalistek hauteskundeetan parte ez hartzea eta eskuindarrak koalizioan joatea (CEDA) izan ziren azken horien arrakastaren arrazoiak.
CEDAk diputatu gehien atera bazuen ere, hasieran ez zuen gobernuan parte hartu, muturreko ezkertiarrek altxatzeko mehatxua egin baitzuten. Horregatik, CEDAk Alderdi Erradikal Errepublikarraren eskuetan utzi zuen gobernua osatzeko ardura eta Lerroux izendatu zuten gobernu buru.
Lerrouxen gobernuak, CEDAren babesarekin, aurreko biurtekoan egindako erreformen kontrako politika jarri zuen martxan:
- Militar kolpistak aske utzi zituen (Sanjurjo).
- Nekazaritzaren esparruan, lur-jabeen aldeko politika egin zuen, nekazarien lorpenak bertan behera geratuz: desjabetutako lurrak beren jabeei itzuli zitzaizkien, desjabetzeen ondorioz eman beharreko kalte-ordainak handitu egin ziren eta nekazariak lurretan finkatzea oztopatu zen. Politika horrek areagotu egin zituen nekazarien gatazkak.
- Kataluniako estatutua indargabetzea erabaki zuen.
Jarrera horrek eta politikan agertutako ezintasunak gobernu-krisi etengabeak eragin zituzten, erregimenaren egonkortasuna kolokan jarriz.
Garai honetan indar politikoak berregituratu egin ziren:
- JONS eta Falange Española elkartu egin ziren (1934).
- Azañaren Acción Republicana eta Partido Radical Socialista elkartu ziren eta Izquierda Republicana sortu zen.
- Hego Euskal Herrian, EAJk gobernuaren eta karlisten autonomiaren kontrako jarrera salatu zuen eta azken hauekin zituzten harremanak behin betikoz hautsi zituzten. Hala ere, ez zen ezkertiarren politika antiklerikal eta iraultzailearen alde agertu.
1934ko uztaila hil gatazkatsua izan zen gobernuarentzat. Ezkertiarren eta eskuindarren arteko tentsioa gero eta handiagoa zen eta eztanda egitera zihoan une batetik bestera.
1934ko urriko iraultza Errepublika garaiko gertaera larriena izan zen. CEDAko hiru ministro gobernuan sartzeak piztuarazi zuen mugimendu iraultzailea: errepublika desagertzeko eta faxismoa ezartzeko arriskuaren aurrean, UGTk greba orokorra deitu zuen. Iraultzaren gune nagusiak Asturias, Katalunia eta Hego Euskal Herria izan ziren. Asturiaseko meatzariek armak hartu zituzten eta Companys-ek Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen. Hego Euskal Herrian, Alderdi Sozialista, UGT, CNT, PCE eta STVek parte hartu zuten greba orokorrean. EAJk ez zuen aldeko jarrerarik izan, baina langile nazionalistak alde agertu ziren.
Gobernuak Afrikako armada, Francoren gidaritzapean, bidali zuen altxamendua zapaltzera. Errepresioaren emaitzak oso gogorrak izan ziren: 1335 hildako, 3000 zauritu eta 13000 atxilotu. Horren ondorioz, eskuina eta ezkerraren arteko banaketa handiagotu egin zen.
1935eko urrian, Lerrouxek dimititu egin zuen, estraperioa zela eta azpikeriatan harrapatu baitzuten. Ondoren, hauteskunde orokorrak deitu ziren 1936ko otsailerako. Oraingoan, alderdi ezkertiarrak, anarkistak izan ezik, batu egin ziren gobernuko eskuindarrei aurre egiteko, koalizio handi bat osatuz: Fronte Popularra. Eskuindarrak, berriz, ez ziren elkartu eta Fronte Popularrak lortu zuen garaipena. Hego Euskal Herrian EAJk eta Fronte Popularrak irabazi zuten Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan eta Araban, berriz, tradizionalistek eta karlistek irabazi zuten.
3. Fronte Popularra (1936ko Otsaila - 1939ko Apirila)
Fronte Popularraren garaipenaren ondoren, Azaña Errepublikako presidente eta Casares Quiroga gobernuburu izendatu zituzten.
Gobernu berriak hainbat helburu zituen:
- Eskuineko gobernuaren errepresioaren biktimentzako amnistia
- Konstituzioarekiko begirunea
- Erreforma fiskala
- Nekazari pobre eta behe mailako sektoreen egoera hobetzea
- Kataluniako autonomia estatutua berrezartzea
- Falangea legez kanpo uztea
Apiriletik ekainera bitarteko hiletan Espainia iraultzatik hurbil egon zen: grebak, lurren okupazioak, armadari irainak, ezker eta eskuin muturren indarkeriazko ekintzak eta abar ugariak izan baitziren. Bitartean, militarrak eta eskuindarrak, gobernuaren erreformen beldurrez, altxamendua prestatzen ari ziren.
Azkenean, uztailaren 17an Marokon eta 18an Penintsulan gertatu zen Franco jeneralak zuzendutako altxamendu nazionala, gerra zibilari hasiera eman ziona.