Espainiako Bigarren Errepublika: Historia eta Erreformak

Historia5,82 KB

Sarrera: Monarkiaren Amaiera eta Errepublikaren Aldarrikapena

1930ean Primo de Riverak dimisioa aurkeztu zuen; ondorioz, Berenguer jeneralak hartu zuen agintea hauteskundeak antolatzeko. Oposizioa elkartu egin zen eta 1930ean Donostiako Hitzarmena sinatu zuten errepublikarrek, sozialistak eta beste alderdi batzuek monarkiaren aurka. Ekintza desberdinak egin zituzten hori lortzeko (Jacako altxamendua, greba orokorra). 1931ko apirilaren 12an, Aznarrek udal hauteskundeak antolatu zituen eta errepublikar-sozialistak nagusitu ziren. Apirilaren 13an errepublika aldarrikatu zen (Eibarren). Alfontso XIII.ak errege-ahalmenari uko egitea erabaki zuen.

Behin-behineko Gobernua eta 1931ko Konstituzioa

Behin-behineko gobernuak apiriletik abendura iraun zuen eta Niceto Alcala Zamora izan zen presidentea. Gobernuan PSOE, UGT, CNT eta CEDA gailentzen ziren. Baina hainbat arazo zeuden; hala nola, 1929ko crack-ak sortutako krisia, autonomia arazoak, gobernu errepublikarrak eliza katolikoaren boterea murrizteak sortutako gatazkak eta konstituzio baten beharra. Beraz, 1931ko Konstituzioa egin zen, ezaugarri hauek zituena:

  • Joera ezkertiarra: Espainia estatu demokratiko eta laikoa zen.
  • Egitura: Estatu unitarioa, baina autonomiak egiteko eskubidearekin.
  • Subiranotasun nazionala: Eskubide eta askatasun adierazpen zabala eta berdintasun osoa.
  • Boto-eskubidea: Emakumeek boto-eskubidea lortu zuten (Clara Campoamor).
  • Gizartea: Ezkontza zibila eta dibortzioa onartu ziren.
  • Botere banaketa: Betearazlea (presidentea, diputatuak eta gobernu-burua), legegilea (Gorteak) eta judiziala (auzitegiak).

Biurteko Erreformista (1931-1933)

Ezkertiarren eta eskuindarren arteko desadostasunek gobernuan krisi nabaria sortu zuten. Niceto Alcala Zamorak eta Maurak dimititu zuten, eta Manuel Azaña gobernuburu bilakatu zen. 1931tik 1933ra Biurteko Erreformista izan zen; Azaña gobernuburu eta Alcala Zamora presidente zirelarik, erreforma-programa bat bultzatu zuten gizartea modernizatzeko eta demokratizatzeko.

Erreforma Nagusiak

  • Erlijio erreforma: Helburua Elizaren eragina murriztea eta estatua eta eliza banatzea zen. Ordena erlijiosoei irakaskuntzan aritzea debekatu zieten eta ogasunak mugatu zizkieten. Katolikoak errepublikaren kontra azaldu ziren.
  • Armada erreforma: Helburua armadaren boterea murriztea zen. Indar armatuak botere zibilaren menpe jarri ziren, ofizialen kopurua murriztu zen eta Zaragozako akademia itxi zen. 1932an, Sanjurjo jeneralak altxamendua egin zuen erreformaren aurka, baina porrot egin zuen.
  • Nekazaritzaren erreforma: Erreforma garrantzitsuena izan zen. Espainiako nekazaritzak hainbat arazo zituen: latifundismoa, lur-jabe gutxi... Helburua nekazaritzaren modernizazioa eta nekazarien egoera hobetzea zen.
  • Autonomia erreforma: Kataluniako estatutua onartu zen (1931). Bestetik, Euskal Herrian, EAJk eta karlistek Lizarrako Estatutua idatzi zuten, baina Konstituzioarekin bateraezina zenez, hainbat aldaketa egin zituzten. 1936an estatutua onartu zen eta Jose Antonio Agirre izan zen Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria.
  • Hezkuntza erreforma: Helburuak analfabetismoa desagertzea eta hezkuntza laiko, doako eta mistoa sortzea ziren. Eskola asko ireki ziren eta landa-eremuetara liburutegiak eta antzerki-taldeak (La Barraca) eraman ziren.
  • Lanaren erreforma: Langileen egoera hobetzeko, zortzi orduko lanaldia eta epaimahai mistoak inposatu zituzten. Largo Caballero izan zen bultzatzaile nagusia.

Biurteko Kontserbadorea eta Krisia (1933-1936)

1929ko krisiak hazkundea galarazi, emigrazioa geldiarazi eta langabezia sortu zuen. Gizartearen erradikalizazioa gertatu zen; erreformak oso motelak ziren eta langileak grebak eta matxinadak egiten hasi ziren (Casas Viejas). Gainera, eskuineko alderdiak berrantolatu ziren. Egoera honetan, Manuel Azañak kargua utzi zuen (1933) eta hauteskunde-deialdia egin zen. Hauteskundeak eskuineko alderdiek irabazi zituzten eta Biurteko Kontserbadorea hasi zen.

Biurteko eskuindarrak 1933ko azarotik 1936ko otsailera iraun zuen. Gobernuburu Lerroux izendatu zuten eta presidentea Niceto Alcala Zamora zen. Helburua erreformak bertan behera uztea zen: amnistia ezarri zuten, nekazaritza eta langile erreformak murriztu ziren, Kataluniako estatutua indargabetu zen eta kleroari dirulaguntzak eman zizkioten. Jarrera horrek gobernu-krisia areagotu zuen eta 1934an iraultza gertatu zen hainbat grebarekin batera (Asturias, Katalunia, Euskal Herria). Lerrouxek dimititu zuen eta 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak irabazi zuen.

Fronte Popularra eta Gerra Zibilaren Hasiera

Fronte Popularra ezkertiarren koalizioaren ondorioz sortu zen, faxisten kontra egiteko. Manuel Azaña Errepublikako presidente izendatu zuten eta Casares Quiroga gobernuburu. 1933an geldiarazitako erreformak berriro martxan jarri ziren: Kataluniako estatutua berrezarri zen, nekazal erreforma indartu zen eta 1934ko iraultzako atxilotuei amnistia eman zitzaien.

Eskuinaldeko alderdiek eta oposizioak ez zuten egoera onartu. 1936ko uztailaren 17an altxamendua hasi zen Marokon, Emilio Mola jenerala buru zela, eta 18an penintsulara heldu zen. Bertan hasi zen hiru urtez iraungo zuen Gerra Zibila.

Deskargatu

PDF Word HTML