Espainia Bigarren Mundu Gerran eta Frankismoaren Bilakaera

Historia2,55 KB

Espainia Bigarren Mundu Gerran

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean (1939an), Francok faxisten aldeko jarrera izan zuen. Hala ere, Espainiaren egoera ekonomiko txarra zela eta, 1942ra arte neutral mantendu zen. Alemania eta Italia irabazle aterako zirela uste zuenean, ez-beligerantzia egoerara pasatu zen. Espainiak gatazkan parte hartzeko eskatzen zituen baldintzak Hitler eta Mussolinirekin eztabaidatu zituen, baina gehiegizkoak iruditu zitzaizkien, eta Espainiak ez zuen gerran parte hartu. Alemaniak SESBri eraso zionean, Dibisio Urdina bidali zuen laguntzeko. Aliatuek irabaziko zutela ikusi zuenean, ordea, Ardatzari (Alemania eta Italia) laguntza emateari utzi zion.

Nazioarteko isolamendua eta Gerra Hotza

Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, nazioarteak frankismoa bakartu eta mespretxatu zuen: mugak itxi, NBE-n sartzea debekatu eta enbaxadoreak erretiratu zituzten (isolamendu garaia). Baina 1947tik aurrera, Gerra Hotza hastean, erregimena nazioartean onartzen joan zen eta 1951n Francok gobernua berregituratu zuen. Nazioarteko eta barne oposizioaren onespena lortzeko, faxismoaren arrastoa kentzen saiatu zen:

  • Falangista, militar, katoliko eta monarkikoen arteko oreka bilatu zuen.
  • Eliza katolikoari garrantzi handiagoa eman zion, falangearena gutxituz.
  • Hainbat lege argitaratu zituen.

Horrela, behin betiko onarpena jaso zuen nazioartean eta 1955ean NBEn sartu zen. Gerra Hotza zela eta, mendebaldeko herrialdeetan komunismoaren kontrako jarrera garatu zen eta Espainiak haiekin harremanak hasi zituen:

  • 1947-1948: Merkataritza hitzarmenak sinatu zituzten.
  • 1950: AEBk mailegu bat eman zion (Plan Marshall).
  • 1953: AEBekin hitzarmen bat sinatu zuen: laguntza ekonomikoaren truke, base militarrak ezarri ziren Espainian.
  • 1953: Vatikanoarekin konkordatu berria sinatu zuen.

Erregimenaren oinarrizko legeak

Frankismoak bere boterea sendotzeko hainbat lege onartu zituen:

  • 1945: Espainiarren Foruaren Legea (oinarrizko printzipioak eta eskubide teorikoak) eta Erreferendum Nazionalaren Legea.
  • 1947: Ondorengotzaren Legea (Francori etorkizuneko erregea izendatzeko eskubidea eman zitzaion).
  • 1958: Mugimendu Nazionalaren Legea (alderdi bakar moduan aritzeko).
  • 1966: Estatuko Lege Organikoa (demokrazia organikoa kontsagratu zen eta estatuburu zein gobernuburu karguak banatu ziren).

Deskargatu

PDF Word HTML