Eskultura Barrokoa: Ezaugarriak eta Gian Lorenzo Bernini

Arteak eta humanitateak5,71 KB

Eskultura Barrokoaren Ezaugarri Orokorrak

Arkitekturarako aipatu ditugun ezaugarriak baliagarri izango zaizkigu eskultura aztertzerakoan ere. Indarra, monumentalitatea eta adierazkortasuna ziren nagusi, eta mugimendua kezkarik handiena.

Errenazimenduko oreka eta lasaitasunetik urrun, Barrokoak nahiago du mugimendua eta dinamismoa. Lerro bihurriak, espiralak, aireak eramandako oihalak, gorputz eta aurpegien adierazkortasuna dira ezaugarri nabarmenak.

Mugimendua adierazteko bideak

Mugimendua, esan bezala, garai hartako artisten obsesioa zen, eta hura adierazi ahal izateko bide desberdin asko erabili zituzten eskultoreek:

  • Konposizioan lerro diagonalen garrantzia (batzuetan gurutze-forma duten lerro diagonal handien inguruan antolatuta egoten dira koadroetako elementuak).
  • Jantzien kizkurdurak, aurpegien adierazkortasuna eta gorputzen dinamismoa. Eskulturak antzerki-jarreran azaltzen dira, une eta mugimendu dramatikoak irudikatuz.

Materialak

Brontzea eta kolore desberdinetako marmola erabiltzen dituzte kalitate ezberdinak irudikatzeko (oihalarena, larruarena, etab.).

Gaiak

Gehienbat erlijiosoak dira: martirioak, estasiak eta santuen apoteosiak goraipatzen dira. Erlijio-ereduak herritarrengana hurbildu nahi dituzte. Hilobi-monumentuak ere ugaldu egin ziren, heriotza presente zutelarik. Plaza eta lorategien garapenarekin batera, eskultura mitologikoa ere ugaldu zen.

Erretaulen garrantzia

Aipatu beharrekoa da aldareetako erretaulen indar berria: sinboloz betetako eskulturaren eta arkitekturaren batasuna izanik, erretaulak irudiz adierazten zuen apaizak hitzez azaltzen zuena, eta, batez ere, erlijio katolikoaren handitasuna.

Erabilera eta kokapena

Etxeetako fatxadak burutuz, lorategietan eta ibilbideetan (adibidez, San Pedro plazan) lerroan jarritako eskultura-sailak, eta, azkenik, kolomen eta edonolako euskarrien ordez jarritako eskulturak ziren garai hartako eskulturaren erabilera ezagunenak.

Gehienetan arkitekturaren menpe zegoen. Eskulturak leku jakinetarako sortuak ziren (eliza, aldare, hilobi eta iturrietarako). Kasu askotan zaila izaten zen arkitektura eta eskultura bereiztea, biak bat egiten baitziren, asmo beraren zerbitzura: erlijio katolikoarekiko herritarren debozioa areagotzea.

Gizarte betekizuna

Eliza eta Monarkia absolutuak goraipatu eta herritarren debozioa areagotzea zen eskulturaren helburu nagusia.

Eskultura Barrokoa Italian: Gian Lorenzo Bernini

Eskultore garrantzitsuena Gian Lorenzo Bernini izan zen. Teknika ezin hobeto menderatzen zuen, eta Kontrarreformako sentimendu erlijioso asaldatuen zerbitzura, joera efektista eta exageratuaren ordezkari nagusia izan zen. Bere obraren eragina XVIII. mendera arte zabaldu zen Europa osoan zehar.

Berniniren Obra Nagusiak

Gaztaroko lanak (Gai mitologikoak)

Gaztetandik artista pribilegiatu gisa nabarmendu zen, eta hogeita hiru urte zituela perfekzio handiko obrak zizelatu zituen, adierazkortasuna eta mugimendua islatuz. Sasoi honetan eskultura helenistikoa aztertu zuen, eta gai mitologikoetara hurbildu zen.

  • Dafne eta Apoloren eskultura multzoa: Apolok Dafne harrapatu eta ereinotz bihurtzen deneko unea berregiten du. Berninik kalitate desberdinak sortzen ditu marmoletik abiatuta: gorputzen ehundura leunetik, enbor edo sustraien laztasunera edo hostoen fintasunera igarotzen da. Gorputzek lerro kurbatuak deskribatzen dituzte, bi ardatz diagonal handiri jarraituz. Konposizioa zentrifugoa da, hedapenezkoa. Mugimendu eta adierazkortasun handiko multzo eskultorikoa da.
  • David eskultura: Garai bereko obra da. Berninik, Errenazimentuko maisu desberdinek landu ez zuten bezala landu zuen: harria jaurtitzeko une berean hartzen du David, eta, horrela, eskulturak bizitasun harrigarria hartzen du.

Heldutasuneko lanak (Gai erlijiosoak)

Heldutasuneko urteetan, bere eskulturan gai erlijiosoak nagusitzen dira:

  • Urbano VIII.aren hilobia: Goialdean Aita Santua jarrera loriatsuan irudikatu zuen, eta behealdean Justiziaren eta Karitatearen alegoriak. Balio sinboliko eta alegoriko handia duen eskultura multzoa da, gero asko imitatu zen mausoleo-eredua. Obra honetan, kolore desberdinetako marmolak erabili zituen, efektu piktorikoa sortuz.
  • Santa Teresaren estasia: Inolako zalantzarik gabe, obrarik garrantzitsuena da, eskultura barrokoaren obra paradigmatikoa. Taldea marmolean tailatuta dago, eta honek kalitate desberdinak ditu: haragi grinatsuaren biguntasuna eta ikarak, zein urratutako ehunen izurrak. Multzoaren antzerki-izaera azpimarratzekoa da, aingeru-kupidoren irribarrean eta erotismo mistikoz beteriko Santaren jarreran. Eszenaren kutsu dinamikoa gurutzatzen diren bi diagonal indartsuen bidez lortzen da (gorputzek osatuak).

Iturriak eta Erretratuak

Eskultore gisa egin zituen lan askoren artean, Erromako hirian hainbat iturri egin zituen. Horietatik ospe handienekoa Navona plazako Lau Ibaiak deitzen dena da; alegoria bat da funtsean, Eliza, Aita Santu Inozentzio X.a eta honen familia goraipatu nahi dituena. Berninik, Luis XIV.ak hala eskatuta, Parisera joan behar izan zuen, erretratua egitera (Berniniren erretratuek espresio intimista eta serioak dituzte). Luis XIV.aren bustoa XVII. mendeko artista frantses askorentzat eredu bilakatu zen.

Arkitektura eta beste obra nagusiak

  • Baldakinoa.
  • San Pedro Vatikanoko kolomateria.
  • Errege eskailera.
  • Konstantinoren zaldizko eskultura.

Deskargatu

PDF Word HTML