Eskaintza eta Eskariaren Oinarriak Ekonomian
Oinarrizko Kontzeptuak
- Merkatua: Elkartruke ekonomikoa egiten den lekuari edo inguruari deritzo, non erosleak eta saltzaileak harremanetan jartzen diren. Hau da, eskari eta eskaintzaren arteko erlazioa da.
- Eskaria: Ondasun kopuru jakin bat, prezio jakin batzuetan, erosteko ahalmena eta nahia da. Oinarria prezioa izaten da erabaki bat hartzeko garaian. Prezioa zenbat eta handiagoa izan, jendeak ondasun hori gutxiago erosiko du; eta prezioa gero eta txikiagoa izan, eskari kopurua handiagoa izango da.
- Eskaintza: Ondasun kopuru jakin bat, prezio jakin batzuetan, saltzeko ahalmena eta nahia da. Hau ere prezioaren araberakoa da.
Eskari eta Eskaintza Kurbak
- Eskari kurba: Beherakorra (prezioa gora, kopurua behera). Aldi jakin batean ondasun baten prezioaren eta kontsumitzaile batek nahi duen ondasun kopuruaren arteko erlazioa da.
- Eskaintza kurba: Gorakorra (prezioa gora, kopurua gora). Aldi jakin batean ondasun baten prezioaren eta ekoizle batek eskaini nahi duen ondasun kopuruaren arteko erlazioa da.
- Oreka puntua: Eroslea eta saltzailea ados jartzen direnean prezioari dagokionez.
Merkatu Egoeren Aldaketak
Eskari eta eskaintza orekan, prezioa hartzen da kontuan bakarrik, eta honen aldaketak kurbaren barruan gertatzen dira. Kurbaren lekualdatzeek beste faktore batzuen aldaketak dakartzate, hala nola, errentaren aldaketa, beste ondasun baten prezioaren aldaketak edo jendearen gastuak.
Eskariaren Kurbaren Lekualdatzeak
Eskari kurba, eskarian eragiten duten faktore guztiak, prezioa izan ezik, konstante mantenduta marrazten da. Faktore garrantzitsuenak hauek dira:
- Kontsumitzailearen errenta: Kontsumitzailearen errenta handitzen bada, ondasun gehienei kopuru handiagoa eskatuko die. Hau kontuan hartuta, noski:
- Ondasun apalak: Errenta handitzen doan neurrian ondasun horren kontsumoa jaisten denean gertatzen da.
- Ondasun arruntak: Errenta handitzen doan neurrian ondasun horren kontsumoa handitzen denean gertatzen da. Bi eratakoak izan daitezke:
- Luxuzko ondasunak: Derrigorrezkoak ez direnak bizirik irauteko.
- Premiazko ondasunak: Bizitzeko beharrezko ditugunak. Errenta handitzen doan neurrian ondasun horren kontsumoa ere handitzen da, baina ez neurri berdinean.
- Ondasunarekin zerikusia duten beste ondasun batzuen prezioa:
- Bi ondasun Ordezkoak dira baten prezioaren igoerak bestearen kontsumoa igotzen badu (adibidez, kafea).
- Bi ondasun Osagarriak dira bat kontsumitzeko bestearen beharra dagoenean eta baten prezioaren igoerak bestearen kontsumoaren jaitsiera dakar.
- Kontsumitzaileen lehentasun aldaketak.
Eskaintza Kurbaren Lekualdatzeak
Ondasun baten eskaintzaren kurba marrazteko, prezioaz bestelako faktore guztiak konstante mantentzen dira. Faktore garrantzitsuenak:
- Ekoizpen faktoreen prezioa: Lurra, lana eta kapitala bezalako ekoizpen faktoreen prezioa (inbertsioak, makinak, maileguak eta interesak barne). Hauen kostua handitzen bada, eskaintza murriztu egingo da; kostua txikitzen bada, eskaintza handitu egingo da.
- Teknologia erabilgarria: Teknologia hobetzeak, ekoizpen baliabideen konbinaketak hobetzeak, kostuen jaitsiera eta honekin batera ekoizpenaren handitzea dakar.
- Merkatuen etorkizunaren gaineko aurreikuspena: Aurreikuspen onak daudenean, ekoizpenak gora egingo duela pentsatzen da; aurreikuspen txarrak daudenean, berriz, behera.