Errusiako Iraultza eta SESB: Gerra Zibila, NEP eta Estalinismoa

Historia3,92 KB

Gerra Zibila eta Gerrako Komunismoa

Nahiz eta iraultza nagusitu, herrialdeko eremu batzuetan tsarismoaren aldekoak eta politika sistema liberalaren defendatzaileak indarraren bidez iraultza amaitzen saiatu ziren. Herrialdea bi bandotan bereizi zen: Armada Zuria eta Armada Gorria. Gerra Zibilak hiru urte iraun zuen eta boltxebikeek irabazi zuten.

Gerran, frontea eta hiriak hornitzeko, gobernuak gerrako komunismoa izeneko politika-sistema erabili zuen: industria nazionalizatu eta nekazariei alea konfiskatzen zien.

Leninek proletariotzaren diktadura ezarri zuen. Erabaki gehienak Alderdi Komunistako goi organoen eskuetan zentralizatuta zeuden. Gainerako alderdi guztiak debekatu egin zituzten.

Herritarren artean ondoeza zabaldu zen, eta grebak eta erreboltak izan ziren. Gobernuak indarkeria handiz zapaldu zituen. Oso garai gogorra izan zen eta errusiar asko hil ziren, gerraren bortizkeriagatik, goseagatik eta hotzagatik.

Sobietar Batasunaren Eraketa (1921-1929)

1921ean aldi berri bat hasi zen ekonomia suspertzeko asmoz: Ekonomia Politika Berria (NEP). Iraultzak galera material eta giza galera handiak izan zituen.

NEParen Neurriak:

  • Nekazariei askatasunez laboratzen eta saltzen utzi zitzaien.
  • Barne merkataritza askea baimendu zen.
  • Enpresa txikiak eta ertainak jabetza pribatuan izaten utzi zituzten.

Estatuak garraiobideak, kanpo merkataritza, bankuak eta enpresa handiak kontrolatzen jarraitu zuen.

NEParen Ondorioak:

Ekonomia hazi zen, industria eta merkataritza jabeak eta nekazari dirudunak aberastu ziren, eta burgesia berriro sortu zen.

SESB: Estatu Berri Bat

Errepubliken federazio bat izan zen, errepubliken kopurua handituz joan zen. Nazio anitzeko estatu multietnikoa zen. 1923an konstituzioa egin zen:

  • Barne politikari dagokionez, errepublikek autonomia zuten, adibidez antolaketa judizialean, hezkuntzan, osasungintzan eta hizkuntzan.
  • Legegintza organo gorena Sobiet Gorena zen, Presidium izendatzen zuen (estatuburua) eta Herri Komisarioen Kontseilua ere (ministroen kontseilua).

Alderdi bakarrak, Alderdi Komunistak (SBAK), politika-antolakuntza kontrolatzen zuen.

SESB eta Internazionalismoa

Leninen ustez, beharrezkoa zen iraultza SESBtik kanpo hedatzea. 1919an Hirugarren Internazionala sortu zuen. Zenbait herrialde gonbidatu zituzten alderdi komunistak sortzeko asmoz. Gehienak alderdi sozialistetan izandako zatiketen ondorioz sortu ziren. Alderdi komunistak oso alderdi-eredu zentralizatzaileak eta ez-demokratikoak ziren, eta kritikak disidentziatzat hartzen ziren beti.

Diktadura Estalinista (1929-1953)

Lenin 1924an hil zen. Buruzagi talde bat hasi zen estatua zuzentzen: Stalin, Trotsky... Haien arteko liskarrak etengabeak ziren. 1922an Stalin SBAK-ko idazkari nagusi izendatu zuten, eta bera nagusitu zen.

Stalinek herrialde bateko sozialismoa sendotzea defendatzen zuen. 1929an botere guztiak hartu zituen eta diktadura pertsonala ezarri zuen. Hiru baliabide erabili zituen:

Stalinen Diktaduraren Baliabideak:

  • Pertsona gurtzea: propagandaren bidez, Stalin goratzen zuten eta herriaren ongile nagusia eta aita zela esaten zuten. Beharrezkoa bazen, egia faltsutzen zuten.
  • Alderdi Komunistaren boterea sendotzea: Bizitza politikoan parte hartzeko, beharrezkoa zen SBAK-koa izatea (sobietek herri batzar askeak izaterari utzi zioten).
  • Izua: Edozein oposizio isilarazteko modua zen. Gizartean susmo eta salaketa giroa sortu zen.

1933tik 1939ra izan ziren purga edo garbiketa prozesu gogorrenak. Milaka pertsona bidali zituzten kontzentrazio esparruetara (gulagak). Stalinek kultura erabat kontrolatu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML