Errusiako Gerra Zibila eta Ondorengo Politika Ekonomikoa
Gerra Zibila (1918-1920): Erregimen berriak herri osoa suntsitu zuen gerra zibil bati aurre egin behar izan zion. Frantziak, Erresuma Batuak eta Japoniak iraultzaren kutsadura geldiarazi eta erregimen berria zigortu nahi zuten. Espedizio-taldeak bidali zituzten eta kapitalak nahiz armadak eman zizkieten iraultzaren aurkako armadei, hau da, Armada Zuriari, Armada Gorriaren iraultzaileen aurka zeudenenei.
Gerra zibilaren garapena oso nahasia izan zen. Armada Gorriak, diziplina gogorra eta eraginkortasun handia lortu zituen, eta 1919aren amaieran Armada Zuria garaitu egin zuen. Hurrengo bi urteetan, sobietarrek Ukraina, Kaukaso eta Asiaren erdialdea berreskuratu zituzten. Sobietarren agintea indartu egin zen, 1922an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna sortu zenean.
Gerra zibilaren eraginez, erregimena erradikalizatu eta oposizio politikoa ezabatu egin zuen. Errusiak iraultza baino lehen zuen egoera ekonomiko koatikoa larriagotu egin zen gerra zibilean, eta milioika errusiar hil ziren, gosearen eta gaixotasunaren ondorioz. Gobernu komunistak konpondu beharreko arazo nagusia hornidura izan zen. Nekazariek uzten zati bat eman behar izan zuten, eta horrek kulaken eta bortizkeria-giroaren sorrera ekarri zuen landa-inguruan.
Politika Ekonomiko Berria (NEP) (1921-1927): Iraultzak irabazi egin zuen, baina kostu itzelarekin. Gerra zibila amaitu zenean, nekazaritza-produkzioa mundu-gerraren aurrekoaren bi herenekoa zen, industria zazpirenera murriztuta zegoen, eta gabeziak eta haserreek orokorrak ziren. Leninek herriak atsedena behar zuela ulertu zuen.
1921etik 1927ra, Politika Ekonomiko Berriak (NEP) goitik behera aldatu zuen SESBeko ekonomia eta gizarte-politika. NEPren funtsezko ideia kapitalismo mugatua berrezartzea zen. Ekonomia liberalizatu egin zen neurri batean: nekazariek soberakinak askatasunez saldu zituzten, industrian zein zerbitzuetan enpresa pribatu txikiak izatea baimendu zen eta kanpoko kapitalari sartzen utzi zitzaion. Kredituak eta ekonomiaren funtsezko sektoreak estatuak kontrolatzen zituen: trenbideak eta beste garraiobide batzuk, enpresa handiak, bankuak…
Ekonomia suspertu egin zen. 1923an, nekazaritza-produkzioa 1913koaren mailara heldu zen, eta industriakoak 1917an lortu zuen hori. Baina NEPek gizarte-arazoak ere ekarri zituen. NEPren balantzea, oro har, ona izan zen.
Leninen Ondorengotza: Leninek, gaixotasun baten ondorioz, agintea utzi zuen 1923an, eta handik gutxira hil egin zen, 1924an. Presidente berria Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiak hautatu zuen. Hautagai nagusiak bi ziren: Trotski eta Stalin.
- Trotski: San Petersburgoko Sobieteko presidentea izan zen 1905ean, Urriko Iraultzaren antolatzailea eta Armada Gorriaren sortzailea.
- Stalin: Boltxebikea zen hasieratik, eta 1905eko iraultzan parte hartu zuen. Erbesteratuta egon zen 1917ra arte. Leninen jarraitzaile zintzoa izan zen beti. Lehenengo gobernu boltxebikean egon zen, eta, antolatzaile bikaina zenez, Alderdi Komunistaren Idazkaritzan egon zen 1922an.
1927an, Stalinek zuen agintea kontrolpean, bai alderdiaren barruan, bai SESB osoan. Trotskik mundu osora esportatu nahi zuen iraultza, eta Stalinek defendatzen zuen SESBen eraikitzea. Leninen heriotzatik aurrera, Trotskiren posizioa gero eta ahulagoa zen. Kargu ugari galdu zituen, atxilotu eta Siberiara erbesteratu zuten. 1929an, SESBtik kanporatu zuten. Mexikon bizi izan zen, eta Stalin aginduz hil zuen agente espainiar batek 1939an.