Erregenerazionismoa: Joaquín Costa eta Gizarte Gaiak
Sarrera
Joaquín Costa politiko erregenerazionistak, 1904an idatzi eta 1912an argitaratutako La Tierra... lanean, erregenerazionismoaren oinarriak azaldu zituen. Testu hau Alfontso XIII.aren erregealdian eta Errestaurazio sistemaren krisiaren garaian kokatu behar dugu, azken koloniak galtzean (Kubako hondamendia) sortutako krisi moral eta ideologikoaren testuinguruan. Erregenerazionisten kritikak areagotu egin ziren, eta mugimendu intelektual honen pentsalari nabarmenena, hain zuzen, Joaquín Costa izan zen.
Errestaurazio Sistemaren Testuingurua
Sei urte demokratikoaren ondoren, 1874an, Borboien itzulera ahalbidetu zuen Cánovasen sistemaren helburua egonkortasun politikoa lortzea zen. Horretarako, bi alderdi dinastikoen txandaketa baketsuan (Alderdi Kontserbadorea eta Liberala) oinarritu zen sistema. Alderdi hauen nagusitasuna hauteskundeak iruzurtuz lortzen zen, eta hau kazikismoaren bitartez kontrolatzen zen.
Balioen berrikusketa, Giner de los Ríosek sortutako Irakaskuntzako Erakunde Librean ikasitako belaunaldiak hasi zuen 80ko hamarkadaren erdialdera, baina 1898ko krisiak Errestaurazioak zituen mugak agerian utzi zituen. Erregenerazionismoa mugimendu ideologikoak sistemaren akatsak aldatzea zuen helburu.
Joaquín Costaren Diagnostikoa eta Proposamenak
Erregenerazionistek bi Espainia mota zeudela zioten: Espainia erreala (benetakoa) eta ofiziala (legezkoa). Erregenerazionismoaren proiektu berritzaileak bi Espainia horiekin bukatzen saiatu zen. Haien ustez, funtsezkoa zen kazikismoaren formula suntsitzea benetako modernizazioa lortzeko, eta horretarako garapen ekonomikoa behar zen.
Arazo honi irtenbidea eman nahian, Joaquín Costa izan zen arazoaren muina azaleratu zuena, populazioa alfabetizatu eta ekonomia modernizatu behar zela aldarrikatuz: "eskola eta despentsa".
Joaquín Costaren testua erregenerazionismoaren oinarrien adibide garbia da. Iraultza liberalaren emaitza antzuak salatu ondoren, hezkuntzaren eta nekazaritzaren erreformaren beharra azpimarratzen du. Izan ere, analfabetismoak, lur goseak eta hauetaz baliatzen den jauntxokeriak askatasuna ukatzen dute. Hala, testuko lehen paragrafoan, Seiurteko Demokratikoaren garaiaren ondoren egin diren aurrerapen politikoekin (konstituzioa, sufragio unibertsala, eta abar) egoera ez dela ezer aldatu dio, "lehen bezala jarraitzen dugu".
Baina Costarentzat hau Espainia ofiziala da, Gazetan idatzitakoa. Espainia errealean, bitartean, betiko arazoek jarraitzen dute: analfabetismoa (1860an % 75, 1900ean % 64), desamortizazioak eragindako latifundismo burgesa, nekazari jornalariak miserian bizitzera behartzen zituena, eta jauntxokeriak bermaturiko demokraziarik gabeko sistema ustela.
Arazo hauei irtenbidea emateko, Joaquín Costak biztanleria alfabetizatzea eta ekonomia modernizatzea proposatzen zuen, hau da, "eskola eta despentsa". Testuan azaltzen duen moduan, garunean eta sabelean jarri behar ziren askatasunaren sustraiak: "garunean, irakaskuntza hobetu eta orokortzeko; sabelean, berriz, nekazaritzaren eraldaketa sakona sortzeko", geroago dioen bezala, "txitxiriorik gabeko askatasuna ez baita askatasun".
Kazikismoaren Kritika
Jauntxokeria ederki deskribatzen du Costak. Jauntxoa itsua nahi duen tokira eramaten duen itsumutilarekin alderatzean eta "sabela besteren jakitegien mende duenak (…) hauteskunde egunean ezin duela nahi duenari bozkatzera joan" gogoraraztean, analfabetismoak eta lur gabeziak jauntxokeria elikatzen dutela salatzen du.
Erreformarako Neurriak
Costak neurri batzuk proposatu zituen: lurren ureztatzea hobetzea, nekazariei lur jabetza ematea, udalei autonomia gehiago ematea, maisuen egoera hobetzea, eta abar.
Erregenerazionismoaren Eragina eta Ondorioak
Erregenerazionistek egindako salaketak alderdi politiko dinastikoen politikari batzuengan eragina izan zuen: lehenago Silvela kontserbadorearengan eta gero Maura eta Canalejas politikoengan.
Antonio Maurak arazo politikoa goitik behera konpondu nahi zuen eta Espainia ofiziala eta erreala bat egin, Estatua eta herria hurbildu. Horretarako, estatuaren erreformari ekin zion: Toki-administrazioaren Legea, Mankomunitatea Katalunian, Hauteskunde lege-egitasmoa, Greba eskubidea, "Instituto Nacional de Previsión" erakundearen sorrera, eta abar.
José Canalejas liberala ere, on-bideratzailea izan zen eta erreformak egin zituen: "Giltzarrapoaren Legea", berrikuntza sozialak, hezkuntzan, eta abar. 1912an hil zutenean, barruko eraberritze etapa bukatu zen eta Alfontso XIII.aren erregealdiak onbideratzeko eduki zuen azkeneko aukera izan zen.
Hala ere, ez zuten emaitzarik izan, erabakiak ez baitziren indarrean jarri. Kazikismoak II. Errepublikara arte iraun zuen.