Errealitatearen Kontzeptua Filosofian

Filosofia eta etika2,78 KB

Errealitate Substantziala

Errealitatea muin-muinean zer den jakitea, horixe da ikuskera honen helburua. Zerbait itxura hutsetatik haratago, hura zertan datzan esplikatzea da helburua. Horrek eraman zituen lehenbiziko filosofoak errealitatea naturarekin identifikatzera. Munduko gauza guztien sorburua da natura, eta aldaketak gorabehera, bere horretan beti berdin irauten duela uste zuten.

Parmenidesen Ikuskera

Errealitatea zer den jakin-minak bultzatuta, Parmenidesek adierazi zuen izatea bera dela irauten duena. Filosofo honen iritziz, gauza guztiak izatean egiten dute bat. Horregatik, gogora dakargun edozer gauzak izatea duenez, gizakiok ez gara ez-izatea pentsatzeko gai.

Platonen Ideien Teoria

Platonek esan zuen garrantzi ontologiko handieneko errealitateak ideiak edo formak direla. Greziar filosofo honen ustez, zentzumenen bidez eta arrazoimenaren bidez eskura dezakegu gizakiok benetako ezaguera eta ideiak. Ideiak gauzen egiazko izatea eta esentzia dira.

Aristotelesen Substantzia Kontzeptua

Aristotelesek, errealitatea zer den azaltzean, substantzia kontzeptura jo zuen. Erreala izatea hauxe esan nahi du: zer edo zer izateko baliabideak izatea, zerbait bere-berez izatea, beregaina izatea. Substantzia, haren esentzia da. Gauzek propietate ugari eskura edo gal ditzakete, baina substantziak bere horretan dirau beti. Potentzia eta aktualitate gisa ere uler daiteke.

Ikuskera horri heltzen diogu, zerbait auzi aztertzeko. Adibidez: enbrioiak giza izakiak al dira?

Errealitatea Prozesu Gisa

Natura eta gizarte-zientziek, errealitateak esparru, ekintza eta interakzio ugari sortzen dituela erakusten dute. Horregatik, zientziaren eta teknologiaren aurrerabideei esker, esperientzia berri ugari beste era bateko kontzeptuak erabiliz ulertzen saiatzen da filosofia. Errealitatea bere prozesuetan ulertzen da, Whitehead filosofoak eta Xabier Zubirik (bere egitura dinamikoan) adierazi zuten bezala. Zubiriren ustez, errealitatea zabaldu, garatu eta aldatu egin daiteke. Egitura dinamiko hori posibilitateen munduan barrena hedatzen da. Historian eta gizartean, gizon-emakumeok aurrera egiten dugu, eta bizitzan ere modu historiko batean garatzen gara.

Historiaren Dinamismoa

Errealitatea etengabe egiten ari den zerbait da, sekula bukatzen ez den prozesu bat. Heraklito eta Hegel filosofoek bat egin zuten ikuskera horrekin: zerbait den hori izatera iristea, horixe da izatea. Hegelek errealitatea modu dinamiko eta progresiboan definitu zuen. Historiako une bakoitzak iraganeko une guztiak hartzen ditu barnean. Hegelentzat, erreala den oro arrazionala da eta arrazionala den oro erreala: dena ibilian doala, prozesu bete-betean eboluzionatuz eta garatuz. Gatazkak eta kontraesanak gaindituz. Hau ulertzeko moduari dialektika deritzo.

Deskargatu

PDF Word HTML