Errealismoa eta Errealismo Magikoa: Flaubert eta Rulfo
Flaubert eta Errealismoa
Errealismoa literaturan
Errealismoa ez da literaturan soilik egotz diezaiokegun mugimendua, hemeretzigarren mendearen bigarren erdialdeko arkitektura, musika eta pintura ere baldintzatu baitzituen. Mugimendu honen ezaugarriak honakoak lirateke:
- Errealitatearen analisi zientifikoa burutu nahi dute idazleek. Horretarako, ohiturak, giroa, pertsonaiak eta abar zehaztasun handiz deskribatzen dira.
- Gizarte egoera salatu nahi dute, askotan, errealistek, eta horretarako, hiri industrial berrietako bizi-baldintza penagarriak aurkeztuko dituzte beren lanetan.
- Aurkezpenak ahalik eta objektiboenak egin nahiko dituzte idazleek, zehaztasun eta argitasunez bideratuz kontakizuna.
- Gertakarien sinesgarritasuna bilatzen da. Urruti geratu dira Erromantizismoan nagusi ziren giro exotikoak.
- Pertsonaia mota berriak azalduko dira testuetan, garaiko arazo politiko eta sozialen ispilu izango direnak: langileak, eskaleak, handinahiak… baina batez ere, klase ertaina.
Gustave Flaubert (1821-1880)
XIX. mendeko nobelagilerik handienatzat kontsideratua izan den honek nobela modernoaren oinarriak finkatu zituen. Idazketa eta estiloarekiko ardura obsesiboa zirela eta, 4-5 urte eman ohi zituen nobela bakoitza burutzen, etengabe zuzentzen zituen testuak taxutzen. Giro eta eszenak trebeziaz deskribatzeko gaitasuna zuen. Objektiboa izan nahi zuen Flaubert, horrexegatik zehaztasunez idazten zuen. Batzuetan benetako gertakarietatik abiatzen zen bere nobelak idazteko; beste batzuetan, berriz, dokumentazio zabalean oinarritzen zen. Madame Bovary 1851-1856 bitartean argitaratu zen. Argitaratu eta egun gutxira, nobela amorala zela kontsideratu zuten zentsoreek, eta adulterioaren apologia egiteagatik salaketapean auziperatua izan zen Flaubert.
Juan Rulfo eta Errealismo Magikoa
Errealismo Magikoa
Errealismo magikoaz mintzo garenean, Hego Amerikan, 40ko hamarkadan, Europako Errealismo kontzeptua gainditu nahian sortzen den norabide berriari egiten diogu erreferentzia. Egile hauen helburu nagusiak ez dira beren lurraldeetako errealitatearen testigantza zehatza egitea, ezta hango bidegabekeriak salatzea ere, baizik eta beren errealitatea poetikoki interpretatzea. Munduaren konplexutasuna adierazi nahi dute beren testuetan. Naturak edo gertakari ezohikoek menderatzen duten mundu hau testuratzeko, kontamolde narratibo berritzaileenak eta gaztelania aberats eta landua erabiltzen dituzte. Errealismo magikoaren ildotik ematen den narraziogintzaren berrikuntzei erreferentzia egiten diegunean, bi belaunaldi aipatu ohi ditugu: 40koa eta 60koa.
Juan Rulfo (1917-1986)
Juan Rulfo mexikarra da. Errealismo magikoaren ildoan idatzitako bi maisulan argitaratu zituen: "Lautada sutan" ipuin bilduma eta "Pedro Paramo" eleberria. Lehenengoak 15 ipuin biltzen ditu, eta paisaia gogorrak, lur idor-antzuak eta miseria gorrienean bizi ziren pertsonaiak dira nagusi. Mundu fantasmagoriko, krudel eta txundigarria erakusten du. "Pedro Paramo" nobelan, berriz, gizon batek bere aitaren herrira egiten duen bidaia harrigarria kontatzen da. Lehena eta oraina etengabe nahasten diren istorio honetan, protagonistak Comala herriaren istorioa jakin ahal izango du, eta bereziki bere aita Pedro Paramorena, hil ostean beste hilekin izango dituen elkarrizketei esker.