Entzimen Propietateak eta ADNaren Kondentsazio Mailak
Entzimen propietateak
Entzimek proteinen propietate guztiak dituzte, eta, horrez gain, ezaugarri bereizgarri hauek ere badituzte:
- Jarduera katalitiko handia: Beste edozein katalizatzailek baino handiagoa. Erreakzio kimikoak euren oreka aldatu gabe bizkortzen dituzte eta, aldaketaren ostean, aske geratzen dira beste substratu batean jarduteko.
- Espezifikotasuna: Substratu batean edo oso substratu gutxitan jarduten dute.
- pH eta tenperatura baldintza leunak: Izaki bizidunen disoluzioak duen egoeran dihardute.
- Erregulatzeko moduko joera: Zelulen barruko edo kanpoko estimuluen bitartez erregulatzen dira.
ADNaren egitura primarioa
ADNaren egitura primarioa kate bakarreko desoxirribonukleotidoek osatzen dute, eta horiek fosfodiester loturekin lotuta daude elkarrekin. Lotura hau 5' karbonoan dagoen fosfatuaren eta hurrengo nukleotidoko 3' karbonoko hidroxilo taldearen artean eratzen da.
ADNaren kondentsazio-mailak
ADN kantitate handiak bolumen txikian gordetzeko, eta aldi berean informazioa eskuragarri izateko, kondentsatu egiten da. Kondentsazio-maila ziklo zelularreko faseen araberakoa da.
- Bakterioetan eta, oro har, prokarioto guztietan, baita eukariotoen mitokondrioetan eta kloroplastoetan ere, ADNa helize bikoitz zirkularra da.
- Zelula eukariotikoetan, ADN kantitate handiagoa dutenez, arazoa zelula bakoitzaren metro bat baino gehiagoko ADNa nukleoan sartzea da, aintzat hartuta nukleoaren diametroa nekez heltzen dela 10 µm-ra.
10 nm-ko zuntzen eraketa
Eukariotoetan, ADNa karga positiboko oinarrizko proteinekin lotuta dago: proteina horiek histonak dira eta, loturaren bidez, nukleosomak eratzen dira. Nukleosoma bat, bestalde, lau histona motako 8 molekulek eta helize bikoitzeko ADN zati batek osatzen dute; azken horrek 1,75 bira ematen ditu oktanomeroaren inguruan. Nukleosoma batetik bestera linker edo lokailu izeneko ADNko harizpi bat dago. Egitura horren izena perla-lepokoa da.
30 nm-ko zuntzen eraketa
10 nm-ko zuntza bildu eta trinkoagoa bihurtzen da; solenoide edo 30 nm-ko zuntz izena hartzen du. Egitura horrek ADNaren jatorrizko helizeak baino berrogei aldiz paketatze-maila handiagoa dauka.
Begizta erradialak, arrosetoiak eta kromosomak
30 nm-ko zuntza begizta edo helduleku erradial handien eran tolesten da. Egitura horiek trinkotu eta, horrela, arrosetoiak eta arrosetoi kiribilak eratzen dituzte; hortik kromosomen kromatidak sortzen dira.