Enpresen kostuak, tributuak eta BEZaren funtzionamendua

Ekonomia3,74 KB

Kostu finkoak eta kostu aldakorrak

Kostu finkoak: Ez dute loturarik ekoizpen-mailarekin; hau da, ez dira aldatzen ekoitzitako kopurua aldatuta ere. Enpresan epe laburrerako finkoak diren faktoreen balioa da; esate baterako, lokalaren errenta edo makineriaren amortizazioa.

Kostu aldakorrak: Kostu horiek zuzenean lotuta daude ekoizpen-mailarekin; hau da, ekoizpenaren arabera aldatzen diren faktoreen kostuak dira (lehengaiak, energiaren kontsumoa…).

Kostu zuzenak eta zeharkako kostuak

Kostu zuzenak: Ekoizpenarekin zuzenean lotuta daude eta produktu bakoitzari zehazki esleitu dakizkioke, erraz neur baitaiteke zenbat aleri aplikatzen zaizkion. Esate baterako: erabilitako lehengaien kantitatea edo langile batek produktu batean zuzenean lan egin duen ordu-kopurua.

Zeharkako kostuak: Oro har, ekoizpen-prozesuari edo zenbait produkturi aldi berean eragiten diete. Adibidez: lokalaren errenta edo administrazioko eta zuzendaritzako langileen soldata.

Tributuak eta tributu-motak

Tributuen bidez lortzen ditu Estatuak aurrekontuan ezarrita dituen diru-sarrera gehienak. Tributuak nahitaez ordaindu behar dituzte herritarrek eta bi helburu nagusi dituzte: gastua finantzatzeko baliabideak lortzea eta herrialdeko jarduera ekonomikoa kontrolatzea.

  • Zergak: Administrazio publikoek ordainetan zuzenean ezer eman gabe zergapekoei eskatzen dizkieten ordainketak dira. Horrelakoak dira, adibidez, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (PFEZ) edo Sozietateen Gaineko Zerga.
  • Tasak: Erakunde publiko bati emandako diru-prestazioak dira, hark erabiltzaileari onura zuzena dakarkion zerbitzu publiko edo jarduera baten ordainetan (adibidez, unibertsitate publiko bateko matrikula).
  • Kontribuzio bereziak: Obra publikoen edo zerbitzu publikoen ondorioz (asfaltatzea, hiri-hobekuntzak), partikular bati eragindako onuraren gainean aplikatzen dira.

Zerga eta zerga-motak

Zerga zuzenak pertsonak edo enpresak zuzenean zergapetzen dituzten zergak dira, dela etekina lortu dutelako, dela beren jabetzako ondasun bat erabiltzeagatik. Zeharkako zergek, aldiz, pertsonen ondasunen edo zerbitzuen kontsumoa zergapetzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan, zerga gehienak foru-aldundiek eta toki-erakundeek kudeatzen dituzte. Foru-aldundiek biltzen dituzten zergen zati bat EAEko gastu-konpromisoak betetzeko erabiltzen da, eta beste zati bat, berriz, Estatuaren gastuak finantzatzeko. Toki-erakundeek (udalek) biltzen dituzten zergak, haien gastuak ordaintzeko erabiltzen dira.

B. Zeharkako zergak: Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZ)

BEZa kontsumoaren gaineko zerga da, eta eragiketa hauek zergapetzen ditu:

  • Enpresaburuek eta profesionalek emandako ondasunak eta zerbitzuak.
  • Europar Batasunaren barneko ondasun-erosketak.
  • Ondasun-inportazioak.

Espainiako penintsularen lurraldean eta Balear Uharteetan ezartzen da. Hala ere, eragiketa batzuk salbuetsita daude (irakaskuntza eta osasungintza).

BEZaren motak

  • Oso murriztua (%4): Premiazko ondasunei (ogia, esnea, barazkiak...).
  • Murriztua (%10): Elikagaiei, garraioari, etxebizitzari eta kultur jarduerei.
  • Orokorra (%21): Gainerako ondasun eta zerbitzuei (telefonia, ile-apaindegiak, tabakoa...).

Enpresen betebeharrak BEZarekiko

  • Fakturak eta ordainagiriak gordetzea.
  • Erregistro-liburuak izatea (faktura igorriak, jasotakoak eta inbertsio-ondasunak).
  • Fakturak egitea eta zerrenda xehatua aurkeztea.
  • BEZari buruzko agiri ofiziala aurkeztea (hilean-hilean edo hiruhilekoan).

Deskargatu

PDF Word HTML