Enpresen Finantzaketa: Baliabideak eta Kontzeptu Gakoak
Finantzaketa
Finantzaketa: Enpresek inbertsioak gauzatu ahal izateko behar dituzten finantza-baliabideak eskuratzeko garatzen duten jarduera da. Inbertsio eta finantzaketaren artean korrelazio egokia egotea ezinbestekoa da, enpresaren finantza orekan eragin zuzena baitu.
Finantzaketa motak
Epe Laburreko Finantza Baliabideak
- Merkataritza efektua/efektuen n.: Epe laburreko finantza baliabidea. Finantza-eragiketa honen bidez, enpresak finantza-erakunde bati kanbio-letrak ematen dizkio, bere epemuga itxaron gabe kanbio-letren zenbatekoa kobratu ahal izateko. Finantza-erakundeak ez dio enpresari kanbio-letraren balio osoa ordainduko, komisioa eta deskontua kobratuko baitio.
- Kreditua: Epe laburreko finantza-baliabidea. Finantza-eragiketa honen bidez, finantza-erakundeak enpresari epe batez diru kopuru bat erabilgarri uzten dio, egokitzat hartzen duen diru kopurua erabil dezan, betiere aldez aurretik ezarritako kopuru muga gainditu gabe. Enpresak komisioak eta interesak ordaindu beharko ditu.
Epe Ertain edo Luzeko Kanpo Finantza Baliabideak
- Mailegua: Epe ertain edo luzeko kanpo finantza-baliabidea. Finantza-eragiketa honen bidez, finantza-erakundeak eskatzaileari diru kopuru bat ematen dio finantza-eragiketaren hasieran. Eskatzailea jasotako diru kopurua aldez aurretik ezarritako epeetan itzultzera konprometituko da, eta bitartean dagozkion interesak ordaindu beharko ditu.
- Leasing: Erosketa eskubidea barne hartzen duen alokairu kontratua. Leasing enpresak ondasun bat erosiko du eta beste enpresa bati alokatuko dio aldizkako kuota batzuen truke. Kontratuaren amaieran, enpresa erabiltzaileak adostutako kuotak ordaintzeari ezin dio utzi, ondasuna leasing enpresari itzuli arren.
- Jesapena/enprestitoa: Epe ertain edo luzeko kanpo finantza-baliabidea. Enpresek diru kopuru handia behar dutenean, kopuru hau zatitu, balio izendatu txikia duten tituluak jaulki eta aurreztaile pribatuei eskaintzen zaizkie. Sortutako tituluen izena obligazioa da, eta zor osoarena, jesapena. Obligazioak errenta finkoko tituluak direnez, erosleak badaki zein interes kobratu eta ordaindutakoa noiz itzuliko zaion.
Akziodunentzako Eskubideak
- Harpidetzeko lehentasunezko eskubideak: Kapital zabalkuntzetan akzio berriak harpidetzerakoan akziodun zaharrei lehentasunezko eskubidea ematean datza. Honen helburua, akziodun zaharrek akziodun berriekin erreserbak partekatzeagatik pairatuko luketen galera ekonomikoa konpentsatzea da. Honela, akziodun zaharrek edonork baino lehenago eros ditzakete akzio berriak, eta erosi nahi ez izatekotan, akziodun berriek akzioak erosi aurretik harpidetza eskubideak erosi beharko dizkiete.
Autofinantzaketa
- Amortizazioa: Denboraldi batean ibilgetu elementuek pairatzen duten balio-galtzearen diru-balioespena da. Hainbat urteko amortizazio kuoten batuketek amortizazio fondoa osatzen dute. Finantzazioaren ikuspuntutik, amortizazioa mantentze-autofinantzaketa da, bere helburua enpresek ibilgetu elementuen ordezkapena egin behar dutenean erosketari aurre egiteko finantza-baliabideak izatea baita. Finantzaketa den arren, aktiboan kokatuko dugu zeinu negatiboarekin.
- Erreserbak: Kontabilitatearen ikuspuntutik, enpresak lortutako baina banatu gabeko mozkinak dira, eta, ondorioz, enpresaren balantzearen ondare garbian kokatuko ditugu. Erreserba sortzearen arrazoia aintzat hartuta, mota ezberdinak bereiz daitezke: legalak, estatutuetakoak eta borondatezkoak. Finantza ikuspuntutik, aberaste-autofinantzaketa da, enpresaren balioa handitzen duelako eta inbertsio berriak egiteko erabili daitezkeelako.