Klusterrak: Ekonomia-sektore jakin batean interesa duten enpresen, erakundeen eta unibertsitateen kontzentrazio geografikoak dira. Negozio bereko enpresa-taldeak dira, antzeko erronka estrategikoak dituztenak. Oso ohikoak dira klusterrak zenbait sektoretan; esate baterako, automobilgintzan, informazioaren teknologien sektorean eta farmazia-sektorean.
Kartelak edo kontzentrazio horizontalak: Ekoizpen-sektore bereko enpresa-elkarteak dira. Merkatuaren gaineko kontrola dute, ia erabatekoa, eta ados jartzen dira prezioetan eta salmenta-estrategietan.
Trustak edo kontzentrazio bertikalak: Enpresa-multzoak dira, denen artean ekoizpen-prozesuko fase guztiak hartzen dituztenak, kostuak murrizteko eta merkatuan nagusi izateko. Trustaren benetako adibide bat Repsol petrolio-enpresa da, prozesuaren fase guztien gaineko kontrola baitu.
Holdinga: Enpresak antolatzeko beste modu bat da. Enpresa nagusi batek beste batzuetako akzioak eta partaidetzak erosten ditu eta enpresa horiek kontrolatzen ditu. Zuzendaritza-estamentu bakarra dute.
2.3. Epe laburreko besteren baliabideak
Factoringa: Enpresen beste finantzaketa-mota bat da, bezeroen gaineko kreditu-eskubide guztiak (fakturak, letrak) faktore izeneko enpresa bati saltzean datzana. Faktoreek berehalako likidezia eskaintzen dute, eta ordaindu gabekoen eta zordun berankorren arazoak kentzen dizkiote enpresari; deskontuan ez bezala, enpresak ez baitu bezeroek ordaindu gabe utzitakoaren gaineko erantzukizunik.
Confirminga: Kreditu-erakundeek enpresei hornitzaile nazionalei egin beharreko ordainketak kudeatzeko eskaintzen dieten finantza-zerbitzua da. Zerbitzu horren barruan, fakturak mugaeguna baino lehen kobratzeko aukera ere ematen dio hartzekodunari. Hona hemen haren funtzionamendua: enpresak ordaindu beharreko fakturak ematen dizkio kreditu-erakunde bati; hark ordainduko ditu fakturak mugaegunean dirua enpresaren kontutik ateraz, eta komisio bat kobratuko du horregatik. Horrez gain, bankuak jakinarazpen bat bidaliko dio hornitzaileari, noiz kobratuko duen esanez.