Enpirismoa, Ilustrazioa eta Kanten Kritizismoa: Ezaugarriak eta Garrantzia

Filosofia eta etika5,77 KB

Enpirismoaren Ezaugarri Orokorrak

Mendebaldeko filosofiaren historian, XVII. eta XVIII. mendeetako filosofia modernoan, errealitatea ezagutzeko esperientziara jotzeko beharra azpimarratzen duen mugimendua dugu enpirismoa. Oro har, salbuespenak badira ere, Britainia Handian koka dezakegu, eta John Locke dugu aita. Aitzindaria izanik, Berkeley eta Hume ere aipatu behar ditugu ordezkarien artean. Esan bezala, izenak berak esperientziari egiten dio aipamen, grekeraz enpiria esperientzia da. Berpizkundea eta gero, Iraultza Zientifikoarekin batera, honen beharra nabaritzen baita benetako ezagutza zientifikoa lortze aldera. Esperientziatik abiatu eta baieztapen oro esperientzian bertan frogaturik gelditu behar da benetako ezagutza zientifikoa izan dadin.

Enpirismoaren arabera, giza adimena "Tabula rasa" ala ohol garbia da. Esperientziara murrizten du enpirismoak ezagutza oro; ez da jatorrizko ideiarik, ez da a priori den ezer. Zentzumenen bitartez esperientziatik datozkigun datu ala inpresioak jaso, eta indukzioaren bidez eratzen dugu ezagutza.

Natur Zientziak eta Metafisika

Natur zientziak joko dute jakintza zientifikoaren eredu. Zientzia hauetan, garaian, behaketatik abiatu eta indukzioa erabiliz, ondoren esperientzian frogaturik geldituko ziren egiak baieztatzen zituzten. Metafisikaren objektuen (Jainkoa, arima, unibertsoa bere osotasunean) esperientziarik ez dugunez, hauen inguruko ezagutza ziurrik ezin dugu izan.

Morala eta Politika

Moralari dagokionez, honek ohituretan, elkarrekin atseginez bizitzeko arauak izango ditu helburu; politikan, demokrazia parlamentarioa bultzatzen zutelarik.

Ilustrazioaren Ezaugarri Nagusiak

Ilustrazioa XVII. eta XVIII. mendeetan (Ingalaterrako Glorious Revolution, 1688 - Frantziako Iraultza, 1789) eman zen pentsamendu mugimendu konplexua dugu. Bilakaera eta gauzatzea lurraldeen arabera ezberdina izan bazen ere (besteak beste: Ingalaterran Locke; Frantzian “Entziklopedia”, Montesquieu, Rousseau, Voltaire; Estatu Batuetan “Konstituzioa”; Eskozian Hume; Prusian Ilustrazioaren gailurra den Kant), Ilustrazioaren funtsa, izenak berak aditzera ematen digun bezala (argia eman), arrazoimenaren ahalmenaren aldarria da.

Berpizkundearen espirituari jarraikiz, arrazionalitate enpiriko (ez deduktiboa), kritiko (kanpo zein barne kritika eginez) eta autonomoa den eredu berria proposatzen du Ilustrazioak. Edozein aginpideren aurka (tradizioa, aurreritzi, superstizio...), arrazoia izango da irizpide bakarra ezagutzan, politikan, moralan...; sekularizazio-prozesua abian jarri da.

Arrazoia, Askatasuna eta Tolerantzia

Arrazoiaren erabilera askea beharko du izan; pentsatzeko eta adierazteko askatasuna aldarrikatuko da nabarmenki. Honekin batera, gizakion eskubide unibertsalen hastapenak izango ditugu (Estatu Batuetako Konstituzioa, Frantziako Iraultza...). Tolerantzia da askatasun honen beste aldea, eskubideok gizaki guztientzat baitira.

Natura eta Arrazoia

Erdi Aroko iluntasunetik askatu eta argituko gaituen arrazoiak naturaz gaindikoari kontrajartzen zaio; naturala dena izango du aztergai eta muga (zuzenbide naturala, moral naturala, erlijio naturala...). Antzinako erregimena sokoratu nahi duen burgesiak interes berezia izango du mugimendu honetan (despotismo ilustratua, librekanbismoa...).

Zoriontasuna eta Hezkuntza

Argitzeak eramango du gizateria zoriontasunera, baita ongizate materialera ere. Historiaren xedea, guztien ongia, betiereko bakea, kosmopolitismoa, posible izango dira pentsamendu baikor honen aburuz (teleologia inmanentea). Hezkuntza orokorra izango du bide. Arrazoimenaren gaineko konfiantzaren ondorioz, bestelako konfiantzak sortzen dira. Arrazoimenaren gidaritzari esker, hau komunean baitugu, moral, ezagutza eta politikaren izaera unibertsala defendatuko dute ilustratuek. Argitzeak eramango du gizateria zoriontasunera, baita ongizate materialera ere.

Kanten Kritizismoa: Zer Ezagut Dezaket? Zer Egin Behar Dut? Zer Itxaron Dezaket? (Planteamendu Orokorra)

Kritizismoa Kanten pentsamendu heldua da. Bere helburua, garaian ziren beste pentsaerak uztartzea eta zituzten arazoei irtenbidea ematea zen. Arrazionalismoaren dogmatismoa gainditzeko, Newtonen fisika-matematikoa (ezagutza eredua), Humekin amets dogmatikotik esnatu baina honen eszeptizismoak zekartzan ondorioak, Ilustrazioa eta pietismoaren sintesia egiten du.

1781ean, Arrazoi Hutsaren Kritika plazaratzen du, bertan "Zer ezagut dezaket?" galderari erantzuna emanez. Ezagutzak (beharrezkoa eta unibertsala izan nahi badu) bi motatako baldintzen arteko sintesia eratu behar du: baldintza enpirikoak (objektuak emana, ezagutzaren elementu materiala) eta a priorizko baldintza transzendentalak (subjektuak ipiniak, ezagutzaren elementu formala). Ezagutza ez da ezagugaiaren barneratze pasiboa, ez da subjektua objektura moldatzen, objektua ezagutza baldintzetara baizik (Kopernikoren iraultza). Arrazoia Jainkoa, arima eta mundua fenomeno gisa ezagutze saiatzen denean, ilusio transzendentalean erortzen da.

1788an, Arrazoi Praktikoaren Kritikan, "Zer egin behar dut?" galderari erantzuna ematen dio. Balio unibertsala duen lege moralik egotekotan, a priorizkoa, kategorikoa eta autonomoa izan behar du. Subjektuak bere baitan aurkitzen du agindu kategorikoa: “Har ezazu bestea beti helburu gisa eta inoiz ez bitarteko”. Arrazoi teorikoak ukatzen dituen metafisikaren objektuak (Jainkoa, askatasuna eta arimaren hilezkortasuna) arrazoi praktikoaren conditio sine qua non dira.

1790ean, Judizioaren Kritikan, "Zer itxaron dezaket?" galdera erantzuten du. Gizakiak espeziearen historiaren arrazionalitatea eta zentzua bilatzen duenean, aurrerapena postulatu behar du, Estatua honen berma izan behar duelarik.

Deskargatu

PDF Word HTML