Enpirismo Ingelesa: Locke-tik Hume-ra

Filosofia eta etika5,25 KB

Enpirismoa Locke-tik Hume-raino

Ingeles enpirismoak arrazionalismoaren ideia nagusien eta metafisikaren kontrako kritika egin zuen. Enpirismoa eta arrazionalismoa, hala ere, ez dira erabat kontrajarri behar. Enpirismoaren arabera, arrazoimena bere gaitasunez, mugez eta aplikazio-eremuaz baliatzen da ezagutza ziurtatzeko. Enpirismoaren oinarria esperientziak duen ezinbesteko garrantzia da, bai ezagutzaren jatorrian, bai haren egiaztapenean. Gizakien arazoekiko interesa adierazi zuen eta arrazoimenaren azterketa kritikoaren bidez argitzen saiatu zen. XVII-XVIII. mendeetan Britainia Handian garatu zen filosofia-korronte hau, eta ezaugarri garrantzitsuenak honakoak dira:

  • Esperientzia da ezagutzaren iturri bakarra. Adimena esperientziaren edukien bitartez bete behar den tabula rasa da, eta horregatik ukatzen ditu arrazionalismoak onartzen dituen jatorrizko ideiak.
  • Esperientzia bera da giza adimenaren muga. Haratago joanez gero, zalantzazkoa denaren esparruan sartzen gara.
  • Ezagutza oro ideien ezagutza da; ideiak ezagutzen dira, eta ez gauzak zuzenean (kasu honetan, arrazionalismoarekin bat dator).
  • Arrazoia kritikoa da, eta eduki metafisikoak ezagutezinak dira esperientziaren bidez.

John Locke

John Locke enpirismoaren sortzailetzat hartzen da. Bere arabera, ezagutza osoa esperientzian oinarritu eta hartatik eratortzen da. Gure gogamenak ideia guztiak sentipenezko esperientziaren datuei jarraikiz lantzen ditu. "Ideia" hitzak, kasu honetan, hainbat adiera ditu: a) sentipenezko datuak eta b) kontzeptu unibertsalak. Hautematen dugun guztia ideia da. Ez dugu ezagutzen ideietatik kanpo dagoen errealitatea zuzenean; gure ideiak kanpo-errealitate horren errepresentazioak dira, nahiz eta kanpoko mundua bera zuzenean ez ezagutu.

Ideia Motak Lockeren Arabera

Bi ideia mota bereizten ditu:

Ideia Bakunak

Gogamenak modu pasiboan jasotzen dituenak dira. Batzuk sentipenetatik heltzen zaizkio gogamenari, besteak gogoetatik (barne-esperientzia). Sentipenetatik iristen direnen artean, bi motatakoak ditugu: gogamenean zentzu bakarraz sartzen direnak (kolorea, soinua...) eta askoren bitartez sartzen direnak (espazioa, forma...). Bestetik, gogoeta hutsetik eratortzen diren ideiak (pentsatzea, nahi izatea...) eta sentipenetik nahiz gogoetatik, bietatik, datozen ideia bakunak ditugu (plazera, mina...). Hauek guztiak ez ditu gogamenak sortzen, jaso egiten ditu.

Ideia Konplexuak

Gogamenak ideia bakunak hartuz eta modu aktiboan konbinatuz lantzen ditu ideia konplexuak. Hauen barruan, mota nagusi bat nabarmentzen da:

Substantzia-ideiak

Ideia konplexuak dira, ideia bakun multzo batez osatuak. Ideia bakun horiek elkarrekin agertzen direnez maiz, gogamenak uste du badagoela zerbait (substratu bat) ideia horiei eusten diena. Substantzia, beraz, ez da zuzenean hautematen dugun zerbait, baizik eta ideia bakunen multzo bati egonkortasuna emateko gogamenak sortzen duen ideia konplexu bat.

George Berkeley

Berkeleyk Lockeren planteamendua kritikatzen du: nola egon gaitezke ziur kanpoko munduaren existentziaz? Nola esan daiteke ideiak haren errepresentazioak direla, mundu hori zuzenean ezagutzen ez badugu? Koherentzia eza leporatzen dio Lockeri; izan ere, ideiak kanpoko munduaren errepresentazioak direla esateko, biak (ideia eta mundua) ezagutu beharko liratekeela dio. Hortaz, Berkeley arazoa gainditzen saiatzen da: ideiak hautematean, ez ditugu gauza sentigarrien irudiak hautematen, gauza sentigarriak berak baizik. Objektu sentigarriek hautemanak izateaz gainera, ez dute beren baitan existentzia independenterik. Izaki sentigarriak ez dira existitzen hautemanak izan gabe ("Esse est percipi": Izatea hautemana izatea da). Objektu sentigarriak hautemanak diren neurrian dira, existitzen dira. Izaki sentigarriak ideiak badira, ideia horiek eduki ditzakeen gogamen baten baitan bakarrik izan daitezke: espirituen gogamenean. Beraz, espirituak dira substantzia bakarrak, eta espirituaren izatea hautematean edo hautemana izatean datza. Gogamenak Jainkoagandik hartzen ditu ideiak, Jainkoa baita ideia guztien azken kausa eta pertzepzioen egonkortasunaren bermea.

David Hume

Humek, Lockek bezala, esperientziatik eratorrarazten ditu gogamenaren eduki guztiak, baina terminologia zehatzagoa erabiltzen du. Humek pertzepzioak darabil gogamenaren edukiak oro har izendatzeko. Bi motatan banatzen dira pertzepzio horiek:

Inpresioak

Zentzumenen bidezko pertzepzio biziak eta zuzenak dira (ikustea, entzutea, sentitzea...). Esperientziaren datu artegabeak dira.

Ideiak

Adimenean edo arrazoimenean ditugun inpresioen kopia ahulagoak dira (inpresio baten oroitzapena edo irudikapena). Beraz, gure ezagutza osoa esperientziaren datu artegabeetatik (inpresioetatik) eratortzen da.

Bai inpresioak bai ideiak bakunak edo konplexuak izan daitezke, Lockek zioen bezala. Substantziaren ideia kritikatzen du Humek: substantzia ez da inpresio batetik eratorritako ideia, baizik eta ezaugarri-multzo bati (ideia bakunen bilduma bati) batasuna emateko gogamenak sortzen duen ohitura edo sinesmena; errealitatean ez dago inpresio baliokiderik substantziarentzat, edo, gutxienez, ez dugu hori horrela dela ziurtatzeko arrazoirik esperientzian oinarrituta.

Deskargatu

PDF Word HTML