Energia-iturri primarioak eta sekundarioak: definizioa, motak eta erabilerak

Teknologia15,23 KB

Energia-iturri primarioak eta sekundarioak

1. Energia-iturri primarioak

Zer dira energia-iturri primarioak? Zertarako erabiltzen ditugu gizakiok?

Edozein energia mota sortzeko gai diren baliabide naturalak dira. Gizakiok energia-iturri primarioak kontsumorako energia erabilgarria edo energia-iturri sekundarioak lortzeko erabiltzen ditugu.

2. Energia-iturri primario ez berriztagarriak (berriztaezinak)

Energia-iturri primario ez berriztagarrien definizioa: energia sortzeko kontsumitu ondoren agortzen direnak.

3. Energia-iturri primario berriztagarriak

Energia-iturri primario berriztagarrien definizioa: energia sortzeko kontsumitu ondoren agortzen ez direnak.

4. Energia-iturri primario ez berriztagarrien izenak

Erregai fosilak (ikatza, petrolioa eta gas naturala) eta nuklearra (uranioa).

5. Energia-iturri primario berriztagarrien izenak

Energia hidraulikoa, eguzki-energia, haize-energia (eolikoa), mareen eta olatuen energia (mareomotriza eta undimotriza), energia geotermikoa eta biomasa-energia.

6. Energia-iturri sekundarioak

Zer dira energia-iturri sekundarioak? Zertarako erabiltzen ditugu gizakiok?

Energia primarioen eraldaketatik sortzen diren energiak dira. Gizakiok energia-iturri sekundarioak kontsumorako energia erabilgarria lortzeko erabiltzen ditugu.

7. Energia-iturrien sailkapena

Sailkatu emandako energia-iturriak primarioetan eta sekundarioetan (hemen agertzen diren energia iturrietatik azterketan batzuk ager daitezke, ez guztiak).

Ikatza, petrolioa, gas naturala, uranioa, biomasa, energia hidraulikoa, eguzki-energia, haize-energia (eolikoa), mareen eta olatuen energia (mareomotriza eta undimotriza), energia geotermikoa, gasolina, gasolioa, kerosenoa, biodiesela, bioetanola, biogasa, hidrogeno berdea eta zentral elektrikoetan sortzen den energia elektrikoa.

Energia-iturri primarioak: ikatza, petrolioa, gas naturala, uranioa, biomasa, energia hidraulikoa, eguzki-energia, haize-energia (eolikoa), mareen eta olatuen energia (mareomotriza eta undimotriza) eta energia geotermikoa.

Energia-iturri sekundarioak: gasolina, gasolioa, kerosenoa, biodiesela, bioetanola, biogasa, hidrogeno berdea eta zentral elektrikoetan sortzen den energia elektrikoa.

Erregai fosilak

9. Ikatza

Ikatza gehienbat karbono-atomoz osatutako erregai fosila da. Solidoa eta beltza da.

10. Petrolioa

Petrolioa hidrokarburoz (karbonoz eta hidrogenoz osatutako molekulak dituzten konposatu kimikoak) osatutako erregai fosila da. Likido likina eta beltza edo kolore arrekoa da.

11. Gas naturala

Gas naturala gehienbat metanoz (CH4) osatutako erregai fosila eta gaseosoa da.

12. Ikatzaren erabilerak

  • Zentral termikoetan energia elektrikoa sortzeko.
  • Industria siderurgikoan altzairuaren ekoizpen-prozesuan.
  • Energia termiko handia behar duten industrietan.

15. Gas naturalaren erabilerak

  • Zentral termikoetan elektrizitatea sortzeko.
  • Ibilgailuetarako erregaia. Gas natural konprimitua (GNC) eta likidotutako gas naturala (GNL) erabil daitezke.
  • Industriarako erregaia.
  • Berokuntzarako erregaia.
  • Ur beroa lortzeko erregaia.
  • Sukaldaritzarako erregaia.
  • Hidrogeno grisa lortzeko.

16. Erregai fosilen errekuntzaren gas kutsagarriak

CO2, SO2 eta NOx.

CO2-k negutegi-efektua sortzen du, eta negutegi-efektuak klima-aldaketa eragiten du. SO2 eta NOx gasek euri azidoa sortzen dute.

Energia nuklearra

17. Uranioaren aberaztea

Uranio naturalak duen uranio-235 isotopoaren portzentajea (%1 baino gutxiago) %3-5 bitarteko portzentajera handitzean datza. Horrela lortzen den uranioa fisiona daiteke.

18. Fisio-erreakzio nuklearra

Fisio-erreakzioan uranio-235 nukleo bat neutroiez bonbardatzen da. Bonbardaketa honen ondorioz uranio-235 nukleoa txikiagoak diren bi nukleotan apurtzen da, bi edo hiru neutroi igortzen dira eta oso energia handia askatzen da. Igorritako neutroiek uranioaren beste nukleo batzuk puska ditzakete eta horrela hurrenez hurren.

19. Energia nuklearraren erabileraren eraginak ingurumenean

  • Erregai fosilen erabilerak sortzen dituen gas kutsagarriak (CO2, SO2, NOx) ez dira sortzen.
  • Milaka urtetako erradioaktibitatea duten hondakinak sortzen dira. Beraz, aldi luze honetan hondakin arriskutsuak bilduta egongo dira eta ihes erradioaktiboak gerta daitezke.
  • Zentral nuklearretan ihes erradioaktiboak arruntak ez izan arren, gerta daitezke.
  • Arma nuklearrak sortzeko aukera dago.

20. Fusio-erreakzio nuklearra

Nukleo arinak elkartzen dira nukleo astunak sortzeko. Fusio prozesuan oso energia handia askatzen da. Izarretan fusio-erreakzio nuklearrak gertatzen dira. Eguzkia izar bat da, eta bertan hidrogenoa helio bihurtzen da. Erreakzio nuklear horretan energia kantitate handia askatzen da.

Energia elektrikoaren sistema

21. Energia elektrikoaren ibilbidea

  1. Sorkuntza: energia elektrikoa zentral elektrikoetan sortzen da.
  2. Garraioa: energia elektrikoa goi-tentsioko garraio-saretik garraiatzen da bero-energia galerak txikitzeko.
  3. Banaketa: kontsumo-lekuetara iritsi baino lehen energia elektrikoaren tentsioa erdi- eta behe-tentsiora jaisten da.
  4. Kontsumoa: energia elektrikoaren tentsioa kontsumitzaile bakoitzak behar duen tentsiora egokitzen da. Adibidez, bizitegi-eremuetara 230 V-ko tentsioko energia elektrikoa iristen da.

22. Sistema elektrikoko agenteak

  • Sortzaileak: energia elektrikoa sortzen duten enpresak.
  • Garraiolaria: Espainia osoan zehar goi-tentsioko elektrizitatea garraiatzeaz arduratzen den enpresa. Red Eléctrica Española (REE) izeneko enpresa bakarra da.
  • Banatzaileak: kontsumitzaileei erdi- eta behe-tentsioko elektrizitatea eramateaz arduratzen diren enpresak dira. Bakoitza bizi den lekuari enpresa banatzaile konkretu bat dagokio.
  • Merkaturatzaileak: kontsumitzaileei fakturak kobratzeaz arduratzen diren enpresak dira. Kontsumitzaileak enpresa merkaturatzailea aukeratu dezake.
  • Kontsumitzaileak: energia elektrikoa kontsumitzen dutenak: bizitegi- eta merkataritza-eremuak, industria eta garraiobideak.

23. Elektrizitatearen prezioa handizkako merkatuan

Merkaturatzaileen erosketa-eskariak (erosi nahi duten energia-kantitatea eta ordaintzeko prest dauden prezioa) prezio handienetik txikienera ordenatzen dira eta eskariaren kurba lortzen da. Sortzaileen salmenta-eskaintzak (saldu nahi duten energia-kantitatea eta saldu nahi duten prezioa) prezio txikienetik handienera ordenatzen dira eta eskaintza-kurba lortzen da. Eskaintza eta eskariaren kurbak mozten diren puntuari kasazio-puntua deitzen zaio. Kasazio-puntuak salduko den energia-kantitatea eta energiaren prezioa (merkatu-prezioa) ematen du. Merkatu-prezioa energia-eskaera betetzen duen azken sortze-teknologiak zehazten du.

Zentral termiko konbentzionalak

26. Galdara

Galdaran erregaia erretzen da eta sortzen den beroak galdaran sartzen den ura presiopeko lurrun bihurtzen du.

27. Lurrun-turbina

Galdaran sortutako presiopeko lurrunak lurrun-turbinaren palak jotzen ditu eta turbina mugiarazten du.

28. Alternadorea

Alternadorea turbinaren ardatzarekin bat eginda dagoenez, turbina biratzean alternadorea ere biratzen da. Alternadoreak, biratzen denean, energia elektrikoa sortzen du.

29. Transformadorea

Transformadoreak zentral elektrikoan sortutako energia elektrikoaren tentsioa (normalean 6 eta 20 kV bitartekoa) garraio-sarearen tentsiorainokoa (220 eta 400 kV bitartekoa) handitzen du. Horrela, energia elektrikoaren garraioan energia termikoaren galerak murrizten dira.

30. Kondentsadorea

Kondentsadorean turbinatik irteten den lurruna ur bihurtzen da eta galdarara doa berriro lurrun bihurtzeko. Lurruna kondentsatzeko hozte-ur gisa zirkuitu ireki baten ura (itsasoarena edo ibaiarena) edo zirkuitu itxi baten ura erabiltzen da. Zirkuitu itxiaren kasuan ura hozteko hozte-dorreak erabiltzen dira.

31. Hozte-dorrea

Dorre honek hozte-zirkuituaren ura hozteko balio du. Hozte-zirkuituaren ur beroa dorrearen goitik sartzen da eta erortzean, dutxa bat balitz bezala, dorrearen behetik sartzen den aireak ura hozten du. Ur hotza kondentsadorera sartzen da lurrunaren kondentsazio-zikloa errepikatzeko.

Ziklo konbinatuko zentral termikoak

32. Ziklo konbinatuko turbinak

  • Gas-turbina: gas naturalaren errekuntzak sortutako gasek mugiarazten dute.
  • Lurrun-turbina: gas-turbinatik irteten diren gasen beroak sortutako lurrunak mugiarazten du.

33. Berreskuratze-galdara

Gas-turbinatik irteten diren gasak berreskuratze-galdarara sartzen dira. Gas horien beroak sartzen den ura presiopeko lurrun bihurtzen du.

Energia nuklearreko osagaiak

34. Fisionatzen den uranioaren isotopoa

U-235.

35. Kontrol-barrak

Fisio-erreakzioetan askatzen diren neutroiak xurgatzeko gai dira. Barra hauek erreaktorean gehiago edo gutxiago sartuz fisio-erreakzioaren erritmoa kontrolatzen da.

36. Moderatzailea

Neutroiak moteltzen ditu, fisio-erreakzioek sortutako neutroien abiadura egokia lortzeko.

Energia eolikoa eta eguzki-energia

38. Aerosorgailuaren biderkatzailea

Engranajeen bidez abiadura txikiko ardatzaren abiadura 50 bider inguru handitzen du.

39. Eguzki-zentral termikoen motak

  • a) Kaptadore zilindriko-parabolikoak dituena.
  • b) Dorre zentralekoa.

40. Eguzki-panelen osaera

Zelula fotovoltaikoz.

41. Alternadorerik erabiltzen ez duen zentral elektriko bakarra

Zentral fotovoltaikoa.

42. Zelula fotovoltaikoak

Zelula fotovoltaikoak siliziozko bi geruzaz eginda daude. Eguzki-erradiazioaren fotoiek zelula fotovoltaiko bat jotzen dutenean, bi geruzen artean tentsio txikiko korronte elektriko bat sortzen da.

Energia undimotrizak

43. Zentral undimotriz baten funtzionamendua

Olatuak aire-kameran sartzen dira eta barruan dagoen airea konprimitzen dute. Aireak turbina mugiarazten du eta turbinarekin konektatuta dagoen alternadoreak energia elektrikoa sortzen du. Ura aire-kameratik irteten da eta kamera berriro airez betetzen da.

Biomasa eta bioerregaiak

44. Biomasa-motak

  • Biomasa naturala: eroritako zuhaitzen adarrak, hostoak…
  • Hondakinezko biomasa: hiri-hondakin solidoak, olio kozinatua, animalien simaurra, zerrategien zerrautsa, inausketa-hondakinak, uztondoak…
  • Laborantza energetikoak: artoa, azukre-kanabera, erremolatxa edo zenbait zereal landatzen dira ibilgailuetarako bioetanola lortzeko. Olio begetal batzuk, hala nola koltzarena eta sojarena, landatzen dira ibilgailuetarako biodiesela lortzeko.

45. Biomasatik ateratzen diren bioerregaiak

  • Bioetanola
  • Biodiesela
  • SAF
  • Biogasa

46. Bioerregaien erabilerak

  • Bioetanola: gasolina konbentzionalean gehigarri gisa erabiltzen da.
  • Biodiesela: diesel konbentzionalean gehigarri gisa erabiltzen da.
  • SAF: hegazkinetarako keroseno konbentzionalean gehigarri gisa erabiltzen da.

47. Bioerregaien CO2 isuri garbiak zero direnaren arrazoia

Bioerregaiak lortzeko behar den biomasa sortzean atmosferatik hartzen den CO2 kantitatea eta bioerregaiak erretzean askatzen den CO2 kantitatea oso antzekoak direlako.

48. Erregai sintetikoen lorpena

Hidrogeno berdea atmosferatik hartutako CO2-rekin erreakzionatzen du. Erreakzio honetan CH3OH (metanola) eta ura sortzen dira. Metanola bera erregai sintetiko bat da, eta metanola erabiliz prozesu baten bidez beste erregai sintetiko batzuk lortzen dira.

Hidrogeno berdea

49. Hidrogeno berdearen lorpena

Hidrogeno berdea uraren elektrolisiaren bidez lortzen da, energia iturri berriztagarrietatik (zentral eoliko eta zentral fotovoltaikoetatik) sortzen den elektrizitatea erabiliz.

50. Hidrogeno berdearen erabilerak

  • Erregai gisa energia asko behar duten industrietarako.
  • Bizitegi- eta merkataritza-eremuetan berokuntzarako.
  • Garraiobideetarako elektrizitatea lortzeko.
  • Garraiobideetarako erregai sintetikoak ekoizteko.

51. Hidrogeno-pila

Hidrogenoaren eta oxigenoaren arteko erreakzio kimikoaren bidez elektrizitatea sortzeko gailua da. Erreakzio honetan, energia elektrikoa sortzeaz gain, ur-lurruna ere sortzen da. Beraz, atmosferara ez da CO2 isuritzen.

Energia-trantsizioa

52. Energia-trantsizioaren helburuak

  • Klima-aldaketa gelditzea.
  • Ingurumena kontserbatzea.
  • Segurtasun energetikoa ziurtatzea.
  • Garapen ekonomikoa.

53. Energiaren deskarbonizazioa

Energiaren deskarbonizazioak energiaren sorkuntzan eta erabileran negutegi-efektua eragiten duen gasik (batez ere CO2) ez sortzea esan nahi du.

54. Energiaren deskarbonizazioa burutzeko

  • Energia elektrikoa sortzeko energia-iturri berriztagarriak bakarrik erabiltzea.
  • Energia elektrikoa kantitate handitan biltegiratzeko ahalmena izatea.

Energia-iturri berriztagarrietatik ekoizten den energia elektrikoa aldizkakoa da. Eguneko une batzuetan (haize gutxi dagoenean edo/eta eguzki-erradiazioa txikia denean) ezin da behar beste energia elektriko berriztagarri sortu, eta beste batzuetan (haize asko dagoenean edo/eta eguzki-erradiazioa handia denean), berriz, behar baino energia gehiago sor daiteke. Behar baino energia elektriko berriztagarri gehiago sor daitekeen uneetan, energia soberakin horiek gordetzen badira, behar beste energia elektriko berriztagarri sortu ezin denean erabil daitezke.

Energia elektriko berriztagarrien soberakinak gordetzeko irtenbideak:

  • Bateriak erabiltzea.
  • Ponpaketa-zentral hidraulikoak erabiltzea.
  • Hidrogeno berdea sortzea.
  • Energia-kontsumoa elektrifikatzea. Nekez elektrifika daitezkeen sektoreetan erregai fosiletatik ez datozen beste energia batzuk erabiltzea.

Energia-efizientzia

56. Energia-efizientzia hobetzea

Energiaren sorkuntzan, garraioan eta erabileran efizientzia hobetzeak gure energia-beharrak asetzeko energiaren kontsumoa murriztea da.

57. Etxetresna elektrikoen etiketa energetikoa

Etxetresna elektrikoen energia-efizientzia adierazten du. Hizkiak (A-tik G-ra) erabiliz. A hizkia duten etxetresna elektrikoek efizientzia energetiko handiena dute eta G hizkia dutenek txikiena.

58. Etxebizitzen ziurtagiri energetikoa

Etxebizitza horrek duen efizientzia energetikoa adierazten du. Hizkiak (A-tik G-ra) erabiliz. A hizkia duten etxebizitzek efizientzia energetiko handiena dute eta G hizkia dutenek txikiena. Saltzen edo alokatzen diren etxebizitza guztiek izan behar dute ziurtagiri energetikoa.

Deskargatu

PDF Word HTML