Ekonomia: Merkataritza Askea, Protekzionismoa, Ordainketa Balantza, Dibisa eta Globalizazioa
Merkataritza Askea
Merkataritza askea nazioarteko merkataritzan herrialde ezberdinen arteko merkataritzak oztoporik ez izateko aplikatzen den politika mota da, non enpresen arteko lehia askea bultzatzea funtsezkoa den. Egoera honek abantaila konparatiboaren teoria gauzatzen du: herrialde jakin batek abantaila ematen ez dioten produktuak ekoizten baditu, baliabideak xahutzen ari da, produktu horiek merkeago lor ditzakeelako nazioarteko merkatuan.
Protekzionismoa
Protekzionismoa nazioarteko merkataritzan herrialde batean atzerriko produktuen inportazioa edo sarrera mugatzeko hartutako neurrien multzoaz osaturiko politika mota da, non bertako industria babestea eta, horrekin batera, enplegua sustatzea helburu nagusia den. Inportazioak murrizteko produktuei zergak eta kontingenteak ezartzea dira neurri ezagunenak, eta, gainera, zergekin herrialdeak dirua biltzea ere lortzen du.
Ordainketa Balantza
Ordainketa Balantza herrialde batean eta munduko gainerako herrialdeen artean denboraldi jakin batean izandako ekonomia transakzioen ordainketak eta kobrantzak erregistratzen dituen kontabilitate-dokumentua da. Hiru azpi-balantzaz osatzen da: kontu korrontea, kapital-kontua eta finantza-kontua. Ordainketak kobrantzak baino handiagoak badira, defizita agertzen da. Banku zentralaren erreserbak jaisten dira finantzazio beharra agertzen delako. Aldiz, kobrantzak handiagoak badira ordainketak baino, superabita dago, erreserbak igotzen dira eta finantzazioaren gaitasuna agertuz.
Dibisa
Nazioarteko moneta unitateen elkartruke merkatuan edozein atzerriko monetari dibisa esaten zaio. Dibisen merkatuan bi moneta unitate ezberdinen artean ezartzen den elkarren arteko balioa edo prezioa truke-tasa da. Dibisa baten prezioa beste dibisa baten unitateetan igotzen denean, hark balioa irabazi duela esan nahi du (apreziazioa); aldiz, dibisa baten prezioa beste dibisa baten unitateetan jaisten denean, dibisak balioa galtzen du (depreziazioa).
Globalizazioa
Globalizazioa nazioarteko merkataritzan muga geografikorik gabeko mundu merkatua sortzeko gaur egun ematen den prozesua da, non teknologien aurrerapenak, batetik, eta salgaien zein kapitalen mugimenduei oztopoak kentzea xedea duen liberalismo ekonomikoak, bestetik, garrantzi handia duten. Hazkunde ekonomikoa eta kultura zabalkuntza dira prozesu honen abantaila nagusiak; desabantailak, ordea, babes sozial urria, multinazionalen botere handia, kanpo zor handia eta kultura uniformetasuna dira.