Eguraldia eta Klima: Oinarrizko Kontzeptuen Hiztegia

Geologia3,77 KB

Eguraldia

Atmosferaren egoera leku batean eta une jakin batean. Eguraldiak aldakortasun handia du eta zuzeneko behaketen bidez zehazten da. Eguraldia aztertzen duen zientzia meteorologia da.

Klima

Leku bateko atmosferaren batez besteko egoera da. Leku horretan urte osoan gertatzen diren eguraldi moten ohiko segidak eragiten du. Klimak eguraldiak baino ezaugarri egonkorragoak ditu, eta horiek modu estatistikoan zehazten dira. Balio horiek fidagarriak izateko, gutxienez 30 urtez behaketa egin behar da. Klima aztertzen duen zientzia klimatologia da.

Antizikloia

Presio txikiko guneek inguratuta dagoen presio handiko gunea da (normalean 1015 milibaretik gora). Haizea erlojuaren orratzen noranzkoan biraka dabil inguruan, eta atmosferaren beheko geruzetarantz jaisten da. Giro egonkorra ekarri ohi du: eguzkitsua, lehorra, berotsua udan eta hotza neguan.

Depresioa (Zikloia)

Presio handiko guneek inguratuta dagoen presio txikiko gunea da (normalean 1015 milibaretik behera). Haizea beraren inguruan biraka dabil, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Atmosferaren goiko geruzetarantz igoten da. Giro ezegonkorra ekarri ohi du, hodeitsua eta euritsua askotan.

Aire-Masak

Tenperatura, hezetasun eta presioaren ezaugarri jakinak dituzten aire-atalak dira. Adibidez:

  • Aire-masa hotz artikoak edo polarrak.
  • Aire-masa bero tropikalak.

Frontea

Ezaugarri erabat desberdinak dituzten bi aire-masa banatzen dituzten azalerak dira. Fronte baten bi aldeetan airearen propietateen aldaketa bortitza gertatzen da.

Anplitude Termikoa

Leku bateko hilabeterik hotzeneko eta beroeneko batez besteko tenperaturen artean dagoen aldea.

Tanta Hotza (DANA)

Goragoko latitudeetako aire hotzaren masatik bereizi eta aire beroagoaz inguratuta gelditzen den depresio sakona da. Atmosferaren goiko geruzetatik lurrazaleraino heltzen da, eta hondamendiak ekar ditzaketen erauntsiak edo ekaitzak sortzen ditu. Mediterraneo aldean izaten dira udazkenean.

Isobarak

Eguraldi mapa batean presio bereko puntuak lotzen dituzten lerroak dira. Presio arrunta 1013 mb-koa da.

Isotermak

Eguraldi mapa batean tenperatura bereko puntuak lotzen dituzten lerroak dira.

Isogietak

Eguraldi mapa batean prezipitazio kopuru bereko puntuak lotzen dituzten lerroak.

Haizealdeko Isurialdea

Nagusitzen diren aire masek perpendikularki jotzen duten mendietako malda. Bertan geratzen dira lainoak eta hodeiak, prezipitazioak eraginez.

Haizebeko Isurialdea

Nagusitzen diren aire masek jotzen ez duten, babesean geratzen den mendietako malda. Alde honetan aire masak, dagoeneko hezetasuna galduta eta beroagoak, iristen dira, föhn fenomenoa sortarazten dutelarik. Beraz, airearen tenperaturak gora egiten du eta lehortasuna handitu egiten da.

Egutera

Eguzkiak bete-betean jotzen duen mendi hegala. Gure latitudeetan mendietako hegoaldeko isurialdea da. Eguteretan lehortasunera ongi egokitzen diren landaretza dago (adibidez, artea).

Ospela

Orientazioaren eraginez, eguzki izpi gutxien hartzen duen mendi hegala. Eguzkiak jotzen ez duen aldea. Gure latitudeetan, mendietako iparraldeko isurialdea da. Hortaz, alde hotzagoa eta hezeagoa izango da eta bertara egokitzen den landaretza izango dugu (adibidez, pagoa).

Deskargatu

PDF Word HTML