Egiaren Teoriak: Koherentzia eta Elkarrekikotasuna
Egia: Elkarrekikotasun eta Egokitzapen Teoria
Teoria hori gure kulturan sen onekoa iruditzen zaiguna jasotzen duen egia ulertzeko modua da. Egia hau dela baieztatzen du: esaten edo pentsatzen dugunaren eta errealitatearen arteko elkarrekikotasuna edo egokitzapena. Adibidez, norbaitek pentsatzen edo esaten badu «Orain euria ari du» eta ondoren leihotik begiratu eta euria erortzen ikusten badu, onartu beharko dugu esakune hori egiazkoa dela. Hori horrela, teoria horrek defendatzen du egia esakune batzuen ezaugarria dela, eta esakune horiek munduan dagoenarekin edo hartan gertatzen denarekin bat egiten dute. Esakune faltsuek ez dute ezaugarri hori.
Egia elkarrekikotasun gisa lantzen duen teorian aurkitzen dira ezagutzearen jarduera osatzen duten oinarrizko elementuak: ezagutzaren subjektua (zerbait pentsatu edo baieztatzen duena) eta objektua (subjektua zuzentzen zaion hura: den zerbait edo gertatzen den zerbait). Beraz, bai pentsatu edo esaten denak, bai badenak edo gertatzen denak bat egiten dutenean, egia dago; aldiz, beste edozein kasutan, faltsutasuna dago. Baina objektuak ez dira gugan barneratzen ezagutzen ditugunean. Horregatik ez da materiala ezagutza-objektuaren eta ezagutzean lortutako buru-irudikapenaren arteko elkarrekikotasuna, formala baizik.
Teoriaren arazoak eta kritikak
Autore batzuen arabera, teoria hori gainerako teoria guztiek aurresuposatzen dutela dirudi; aldiz, arazo batzuk ere baditu, adibidez:
- Ez du ematen prozedura argirik pentsatuaren eta errealitatearen artean elkarrekikotasunik baden ikertzeko; ezin baitugu gure buruetatik irten, ezta gure hizkuntzatik ere, gure pentsamenduaren eta errealitatearen arteko elkarrekikotasuna frogatzeko. Ezin dugu jakin hizkuntzak benetan gertaerak deskribatzen dituen edo ez.
- Teoria honek berekin dakar faltsutasun irizpide bikoitz bat. Esakune bat faltsua izango da subjektutik esaten den nolakotasunak ez badu bat egiten objektuaren ezaugarri batekin. Adibidez, «Mahai hau berdea da» esakune faltsua izango da, aurrean dugun mahaiak berdea izateko ezaugarria ez duenean. Bestalde, esakune bat faltsua izango da subjektuak ez badu bat egiten inolako objektu errealekin. Hori gertatzen da esakune honekin: «Egungo Frantziako erregea burusoila da»; izan ere, gaur egun ez da «Frantziako errege» izenda daitekeen pertsonarik existitzen.
Egia elkarrekikotasun edo egokitzapen gisa ulertzea Aristotelesi zor diogu. Geroago, ñabardura zenbaitekin, hauek egin zuten bere: Tomas Akinokoak (Italia, 1224-1274), Ludwig Wittgensteinek (Austria, 1889-1951) eta Alfred Tarskik (Polonia, 1902-1983).
Egia: Koherentzia Teoria
Gure ezagutza-ekintzak ez daude isolatuta. Ezagutza berri bakoitza aurretiko multzo egituratu batean txertatzen da, hots, dagoeneko ezarrita dagoen ezagutza sistema batean. Beraz, ezagutza berri baten edo edozein esakuneren egiari buruz galdetzen dugunean, dagoeneko badugun ezagutza-sistemaren arabera egiten dugu. Koherentziaren teoriaren arabera, ezagutza berri hori egiazkoa izango da txertatzen den sistemarekiko koherentea baldin bada, eta faltsua izango da sistema horrekin kontraesanean baldin badago. Adibidez, ametsetan gertatzen dena faltsua dela pentsatzen dugu gehienetan, esnatuta gauden bitartean pilatutako ezagutzekin koherentea ez delako, eta azken horiek lehenesten ditugu amestutako edukiaren aldean.
Teoria horren arabera esakune bat egiazkoa edo faltsua egiten dutenak esakuneen testuingurua edo txertatzen dugun ezagutza multzoaren testuingurua dira. Adibidez, «1 + 1 = 2» esakunea egiazkoa da zenbaki-sistema hamartarrean, baina ez da egiazkoa zenbaki-sistema bitarrean txertatzen badugu —hala ere, sistema horretara itzulgarria litzateke, eta behin itzulitako baliokidea egiazkoa litzateke kasu horretan ere—. Horregatik gaineratzen da egiazkoa dena —koherentziaren teoriaren arabera—, ez dela ezagutza isolatu bat, sistema osoa baizik. Hala esan zuen Hegelek, egia ulertzeko modu horren defendatzaile nagusietakoak: «Egiazkotasuna osotasuna da». Egiara historikoki iristen dela ere defendatzen zuen Hegelek: jakintzaren egia adierazten duen osotasuna historikoa da, eta historiaren amaieran baino ez da agertuko haren handitasun eta zentzu osoan.
Teoriaren arazoak eta kritikak
Egia koherentzia gisa lantzen duen teoriak garapen handia izan du zientzia formaletan (logika eta matematiketan), baina badu aplikaziorik ere zientzia enpirikoetan eta kode moralen analisian. Hala ere, baditu zenbait arazo ere, adibidez:
- Esakune bat faltsua delako baztertzen dugunean alor jakin bateko gure ezagutzekin koherentea ez delako, baliteke sistema osoa irauli dezakeen egia bat baztertzen aritzea. Hots, koherentziazko alderaketan, baliteke faltsua sistema bera izatea, eta ez esakunea.
- Bertrand Russelli (Erresuma Batua, 1872-1970) jarraituz, ohartzen gara bai esakune bat, bai haren aurkakoa koherenteak izan daitezkeela, bakoitza ezagutza-sistema banatan; beraz, biak egiazkoak direla onartu beharko genuke. Adibidez, hori gertatzen da esaten dugunean: «Gizaki bat hiltzea txarra da» eta «Zilegi da norberaren defentsan hiltzea». Bestalde, lehen aztertutako «1 + 1 = 2» adibidean, egiazkoa eta faltsua aldi berean den esakunea dugu.