Egia, Ezagutza eta Emozioak: Definizioa, Teoriak eta Eragina

Filosofia eta etika11,3 KB

Egiaren Definizioa eta Teoriak

Egia Hitzaren Jatorria

Egia hitzaren jatorria mendebaldeko kulturan eragin handiena izan duten hiru hizkuntzetan ikusiko dugu:

  • Grekoa: Aletheia hitzak ezkutatuta ez dagoena esan nahi du (agerian dagoena). Egia gauzen aurkikuntza da. Gauzak zer diren argitzea da. Aletheia – pseudos (estalketa).
  • Latina: Veritas hitzak esatearen doitasuna eta zehaztasuna adierazten du. Esaten dena esaten duenarekin lotzen duena.
  • Hebreera: Emunah hitzak konfiantza zentzuan adierazten du egia. Espero duguna beteko den konfiantza = emunah.

Egia Hitzaren Erabilera Gaur Egun

Gaur egun, egia hitza esparru askotan erabiltzen da: egia zientifikoa, egia etikoa, egia logikoa... Bestalde, bere esanahiak, gure hizkuntzan, ez genituzke nahastu behar:

  • Batetik, faltsutasunari kontrajartzen denean.
  • Bestetik, gezurrari kontrajartzen denean.

Egia, Ezagutzaren Helburua

Badakigu ezagutzaren helburua egiazko emaitzak lortzea dela. Baina zaila da:

  • Zerbait egiazkoa den ziur egon gaitezkeela esatea.
  • Egia zer den esateko zehaztea zein irizpide erabili behar den.

Egiarekiko Ziurtasun-Egoerak

Egia Irizpideak

Zaila da gure enuntziatuak egiazkoak direla baieztatzea eta, aldi berean, horretaz ziur gaudela baieztatu ahal izatea. Egiaren irizpideak, epaile baten antzera, egiaren eta faltsuaren artean bereizketa egingo du.

Egia Irizpide Batzuk
  • Autoritatea
  • Tradizioa
  • Ebidentzia

Egiaren Teoriak

Egiaren inguruan teoria esanguratsuenetako batzuk:

1) Egia Elkarrekikotasun edo Egokitasun Gisa

Hemen egiaren irizpidea pentsamenduaren eta errealitatearen arteko elkarrekikotasuna da. Subjektuak esaten duena bat etortzen denean objektuarekin, egia baten aurrean egongo gara. Aristoteles: Ez denari buruz badela esatea edo badenari buruz ez dela esatea, gezurra da; badenari buruz badela esatea eta ez denari buruz ez dela, aldiz, egia da.

2) Egia Koherentzia Gisa

Proposizio edo enuntziatu bat egia izango da baldin eta jada egiazkotzat ditugun proposizio multzoarekin bat egin badezake. Eskuratzen dugun ezagutza bakoitza bat badator modu koherentean ordura arte genuen ezagutza sistemarekin, ezagutza berria egia izango da.

3) Egiaren Teoria Pragmatista

Teoria hau bat dator egokitasun teoriarekin, baina dimentsio praktikoa gehituko du bere azalpena ematerakoan. Azalpen bat egiazkoa izango da baldin eta arazoak konpontzeko eta beharrak asetzeko tresna eraginkorra bada. Funtzionatzen duena edo erabilgarria dena egia izango da.

4) Egiaren Adostasunaren Teoria

Teoria honen arabera, behar-beharrezkoa da elkarrizketa-ingurua egotea, proposizioen egia elkarlanean ezagutzeko. Zerbait egiazkotzat dugula esaterakoan, beste solaskideei proposizioa egia dela sinestarazteko nahikoa arrazoi dugula adierazten ari gara. Eztabaida bateko solaskide guztiak (komunitate zientifikoa adibidez), momentu batean, ados jartzen direnean, proposizio baten egia litzateke. Egia guztiak berraztergarriak dira.

Ezagutza: Definizioa, Mailak eta Interesak

Zer da Ezagutzea?

Ezagutzearen helburua gauzen egoera jasotzea edo geureganatzea da, besteekin elkarbanatu ahal izateko. Ezagutzeko prozesuan bi mutur egongo dira:

  • Subjektua: ezagutzeko jarduera egiten duena.
  • Objektua: ezagutzen dena edo geureganatzen duguna.

Hemendik ondorioztatu dezakegu gauza bat dela ezagutzea eta bestea ezagutza:

  • Ezagutzea: ezagutzeko jarduera, egia bilatzearekin dago lotuta.
  • Ezagutza: ezagutzeko jardueraren emaitza. Aurkitutako egiari lotuta.

Ezagutzaren Mailak

Kanten arabera, hiru ezagutza maila desberdintzen dira:

  • Iritzia: Subjektuak zerbaiti buruzko iritzia duenean, hori egiazkotzat jotzen du, baina ez du erabateko ziurtasunik izaten. Nire ustez eta antzeko formulak erabiltzen ditu. Ikuspegi subjektiboa.
  • Sinesmena: Subjektua erabat ziur egoten da pentsatzen duena egia dela, baina guztiek onartuko luketen justifikaziorik ez badu, hori egia dela sinesten du.
  • Jakintza: Oinarri subjektiboak eta objektiboak dituen ezagutza maila. Erabateko ziurtasuna daukagunean eta, gainera, besteak objektiboki konbentzitzeko arrazoiak ere baditugu.

Ezagutzaren Interesak

Ezagutza oro interes jakin batek eragindakoa da. Bi interes mota daude:

  • Norbanakoarenak edo talde jakin batenak.
  • Orokorrak edo gizadi osoarenak.

Zein dira interes horiek?

Kanten Arabera

  • Interes teorikoa: Honen sorburua naturaren inguruko ezagutza da. Inguratzen gaituen errealitatea ezagutzea du helburu.
  • Interes praktikoa: Bizitzan zer egin behar dugun eta zuzen jokatuz gero zer lortuko dugun ezagutzea du helburu. (Etika, erlijioa,…)

Apel eta Habermasen Arabera

Ezagutzeko Aukera: Posible al da Ezagutzea?

Ezagutzari buruz sortzen den arazo latzena hauxe da: ezagutu daitekeen ala ez. Gutxienez sei erantzun mota izan ditu galdera horrek:

Dogmatismoa

Korronte filosofiko honetan, errealitatea ziurtasunez ezagutu daitekeela dioten pentsalariak egongo dira. Izan ere, gizakiok ditugun ezagutzeko ahalmenek errealitatea bere osotasunean antzemateko aukera ematen digute.

Eszeptizismoa

Ezinezkoa da ezagutza fidagarriak eskuratzea, zerbait egiazkotzat hartzeko inoiz ez baitago froga nahikorik. (Dogmatismoaren aurka doan erantzuna da).

Kritizismoa

Dogmatismo eta eszeptizismoaren arteko jarrera da.

Kritizismo Kantiarra (XVIII. mendean)

Egia eta errealitatea ezagutu daitezke, baina gure ezagutzeko ahalmenak noraino heltzen diren jakin behar dugu. Arrazoimenaren azterketa edo kritika egitea gomendatzen da.

Arrazionalismo Kritikoa (XX. mendean)

Egia eta errealitatea ezagutu daitezke, baina ezagutza guztiak hutseginkorrak direnez, momenturen batean kale egin dezaketenez, etengabe frogatu egin behar dira.

Subjektibismoa eta Erlatibismoa

  • Subjektibismoa: Subjektu bakoitzaren esku dago egiazko zer den jakitea. Ez dago egia unibertsalik lortzeko aukerarik.
  • Erlatibismoa: Errealitatetik lortuko ditugun egiak kultura, garai historiko edo giza talde bakoitzaren esku daude.

Hizkuntzaren Filosofia Analitikoa

Norberaren hizkuntzaren kontzeptuek, kategoriek, hitzek eta arau gramatikalek pentsatzeko aukera ematen digute, beraz, hizkuntza da gure mundua ezagutzeko aukera ematen diguna, baina baita ezagutza mugak ezartzen dituena.

Perspektibismoa

Errealitatea ezagutu daiteke, baina horretarako dauden ikuspegi ezberdinak batu behar ditugu. Egia gizakiok sortzen ditugun ikuspegien batura da. (Ortega)

Ezagutza Azaltzeko Ereduak

Orokorrean, filosofiaren historian, errealitatea eta egia ezagutzeko aukera dagoela onartzen da. Baina ezagutza hori nola azaldu? Honetarako hainbat eredu daude, baina orain arte landu diren ikuskera handietatik sei azpimarratuko ditugu:

  • Enpirismoa eta Arrazionalismoa
  • Errealismoa eta Idealismoa
  • Fenomenologia eta Hermeneutika

Enpirismoa eta Arrazionalismoa

Enpirismoa

Zentzumen bidezko esperientzia gure ezagutza-iturri garrantzitsuena da. Gizakiok folio zuri baten antzera jaiotzen gara (gure burua hutsik dago) eta esperientzia desberdinei esker ezagutzen (datuak jasotzen) joaten gara. Arrazoimenak, era induktiboan, datuak lotzen joaten da.

Arrazionalismoa

Hemen arrazoimenak du lehentasuna. Gizakiok, berez, innatoak eta unibertsalak diren ideiekin eta ereduekin jaiotzen gara. Esperientzia eta zentzumenen datuek errorera eramaten gaituzte, ez dira fidagarriak.

Errealismoa eta Idealismoa

Errealismoa

Ezagutza objektuari ematen dio lehentasuna. Subjektuan, ispilu baten antzera, gauzak islatzen dira. Errealitatea den bezala ezagutu daiteke (ezagutzeko gaitasunekiko jarrera fidagorra dute).

Idealismoa

Subjektuari ematen dio lehentasuna. Errealitate objektiboa bere osotasunean ezagutzeko aukera dudan ipintzen dute. Ezagutzen duguna gure kontzientzian dauden ideiak dira, hau da, gauzei buruz guk sortzen ditugun kontzeptuak.

Fenomenologia eta Hermeneutika

Fenomenologia

Idealismo eta errealismoaren bitartekoa izan nahi du. Batetik, kontzientziari ematen dio lehentasuna, kontzientziaren baitan antzematen baita errealitate objektiboa. Bestetik, errealitate objektiboa subjektuari azaldu egiten zaio, gauzak ez dira subjektura moldatzen. Bukatzeko, objektibotasunez ezagutzeko aurreiritzi, teoria eta interpretazio guztiei uko egin behar zaie.

Hermeneutika

Helburua giza ekintzak eta errealitate historikoa ulertzea da. Errealitatea ulertzeko beti testuinguru batetik abiatzen garenez (egoera historiko batetik, hizkuntza batetik, ohitura batzuetatik,…), horri garrantzia eman behar zaio eta kontuan hartu behar da.

Ezagutza, Adimena eta Emozioak

Ezagutzan ez dute soilik eragile arrazionalek eta intelektualek eragiten; alderdi emozionalek ere eragiten dute. Kasu hauetan, esfortzurik gabe, ia ohartu gabe ezagutzen da. Emozioek ikaskuntza errazten dute. Honen esperientziaren bat daukazue?

Adimen Emozionalaren Aurrekariak

Edward Thorndike (AEB, 1874-1949)

Hiru adimen mota bereiztu zituen:

  • Abstraktua
  • Mekanikoa
  • Gizarte-adimena (gizon-emakumeak ulertzeko eta zuzentzeko gaitasuna, bai eta giza harremanetan jakinduriaz jokatzeko ere).

Howard Gardner (AEB, 1943)

Bere teorian azpimarratzen du pertsona guztiek zortzi adimen mota ditugula. Heziketaren bidez denak garatu daitezke.

Daniel Goleman (AEB, 1947)

Pentsalari hau izan zen adimen emozional kontzeptua zabaldu zuena. Definizioa: emozioak sentitzeko, ulertzeko, kontrolatzeko eta eraldatzeko gaitasuna, bai norbere buruan, bai gainerakoetan. Helburua ez da gure sentimenduak erreprimitzea, baizik eta gure emozio-egoerak bideratzea, zuzentzea eta orekatzea, bai gure pentsaera, bai gure jarrerak egokien deritzogun moduan gidatzeko.

Adimen Emozionalaren Bi Norabideak

  • Barrurantz edo norbere buruarekin: Nork bere burua ezagutzean, autorregulatzean eta automotibatzean datza; horrela, bakoitzak sentitzen duena azaltzeko gai izateko.
  • Kanporantz edo gainerakoekin: Enpatia izatean datza; baita gogoratzeko, eragina izateko, aktiboki entzuteko eta asertiboa izateko gaitasuna izatean ere.

Ondorioak

  • Emozio guztiak dira onak, egoki erabiltzen badira.
  • Gure burua ezagutzeak eta gure emozioak kontrolatzeak mesede egiten digu hainbat esparrutan: ezagutza prozesuan, gizarte-harremanetan, taldean lan egiterakoan, ikuspuntuak onartzeko orduan…
  • Errealitatea ezagutzen dugu sentimendu eta emozioen iragazkitik.
  • Heziketak bizitza intelektuala eta bizitza emozionala kontuan hartu behar ditu. Horrela ez bada, formakuntza edo trebakuntza hutsean geratzen da.

Deskargatu

PDF Word HTML