Digestio eta Arnas Aparatuak: Funtzioak eta Anatomia

Biologia2,58 KB

Digestio-aparatua

Digestio-aparatuak elikagaiak eraldatu eta substantzia soilagoak sortzen ditu, zelulek xurga eta erabil ditzaten. Halaber, digeritu gabeko hondakinak kanporatu egiten ditu.

Anatomia

Bi elementu mota ditu:

  • Digestio-hodia: Atal hauek ditu: ahoa, hestegorria, urdaila, heste meharra eta heste lodia.
  • Digestio-guruinak: Zenbait substantzia jariatzen dituzte digestio-hodira. Listu-guruinak, gibela eta pankrea dira.

Digestio-funtzioak

  • Ahoratzea: Elikagaiak digestio-hodira sartzen dira ahotik. Ahoan, hortzek elikagaiak txikitzen dituzte, eta elikagaiak listuarekin nahasten dira.
  • Digestioa: Elikagaiak eraldatu eta beste substantzia soilago batzuk eratzen dira, zelulek erabil ditzaten. Bi motatako ekintzak daude:
    • Ekintza mekanikoa: Elikagaiak moztu, txikitu eta nahasten dira. Elikagaiak fisikoki eraldatzen dira.
    • Ekintza kimikoa: Elikagaiak eraldatu eta konposatu soilagoak eratzen dira, substantzia kimiko batzuen eraginez. Elikagaiak kimikoki eraldatzen dira.
  • Xurgapena: Digestioan lortutako substantziak digestio-hodiaren pareta zeharkatzen dute; hala, gorputzeko atal guztietara iristen dira, odol-hodietan zehar.
  • Egestioa: Digeritu gabeko substantziak edo elikagaien substantzia ez-baliagarriak kanporatu egiten dira.

Arnas aparatua

Arnas aparatuaren funtzioak hauek dira: kanpoko aireko oxigenoa hartzea, oxigeno hori odolera eramatea eta, aldi berean, odoleko karbono dioxidoa kanporatzea.

Anatomia

Bi atal nagusi ditu:

  • Birikak: Bi organo arol dira. Biriken barrualdean, gas-trukea egiten da atmosferako airearen eta odolaren artean, difusio bidez.
  • Arnasbideak: Airea ibiltzeko hodiak eta barrunbeak dira; hots, airea arnasbideetan zehar joaten da kanpoaldetik biriken barrualderaino, eta alderantziz. Atal hauek dituzte: sudur-hodiak, faringea, laringea, trakea, bronkioak eta bronkioloak.

Arnas funtzioak

  • Birika-aireztapena: Bi prozesu hauen bidez egiten da: arnasa hartzean, kutxa torazikoaren bolumena handitu egiten da, eta airea birikietara sartzen da; arnasa botatzean, kutxa torazikoaren bolumena txikitu egiten da, eta airea biriketatik ateratzen da.
  • Gas-trukea: Albeoloetan egiten da. Aireko oxigenoa odolera igarotzen da; karbono dioxidoa, berriz, odoletik albeoloen barrualdera igarotzen da.

Deskargatu

PDF Word HTML