Diagenesia eta Meteorizazioa: Harrien Eraldaketa
Diagenesia
Diagenesia sedimentuak harri sedimentario bihurtzeko prozesuen multzoari esaten zaio. Bost prozesu hauek ditu:
- Trinkotzea: Metaturiko materialek presio litostatikoa eragiten dute. Zenbat eta material gehiago metatu, presio handiagoa izango da beheko materialetan. Bolumena murriztu egiten da eta materialak trinkotzen dira.
- Disoluzioa: Trinkotzen diren sedimentuetatik ura pasatzen da, substantzia batzuk disolbatuz.
- Zementatzea: Gelditzen den uretan disolbaturiko materialen prezipitazioari esker, metakin solteen zementazioa emango da. Zementu ohikoenak kaltzita eta kuartzoa dira.
- Lekualdatzea: Jatorrizko sedimentuen mineral batzuk beste batzuekin ordezkatzea eta, ondoren, ur-fluidoekin erreakzionatzea.
- Birkristaltzea: Azkenik, tamaina handiagoko kristalak eratzen dira.
Meteorizazioa
Meteorizazioa azaleko harrien apurketa edo aldaketa kimikoa da, eragile atmosferikoen eta izaki bizidunen ondorioz gertatzen dena.
Meteorizazio kimikoa
Harrien konposizio kimikoa aldatzen du eta mineral berriak sortzen ditu. Ura da eragile nagusia. Meteorizazioaren prozesu nagusiak hauek dira:
- Karbonatazioa: Karbonatodun harrietan ematen da. Paisaia karstikoen sortzailea da. Harria urarekin elkartzen denean, ura purua bada ez zaio ezer gertatzen, baina azidotasuna badu zuloak egiten zaizkio eta, denborarekin, arrakalak.
- Hidrolisia: Harri magmatiko eta metamorfikoetan ematen da. Ingurune-tenperaturaren eragina du. Arrakaletatik ura pasatzean, hauek borobildu egiten dira.
- Disoluzioa: Ura harriaren gainetik pasatzean, urak harriaren zati bat eramaten du disolbatuta. Azaleko harriak desagertzeko metodoa da.
- Oxidazioa: Burdin materialetan ematen da. Elementuak eta mineralak oxidatzen ditu eta urak oxidatutakoa eramaten du.
Meteorizazio mekanikoa edo fisikoa
Harrien zatikatzea edo apurtzea da, konposizioa aldatu gabe. Mekanismo nagusiak hauek dira:
- Gelibazioa: Harrien apurketa izotzaren ondorioz. Ura arrakala batean sartu eta izoztean, tentsioa eta presioa handitu egiten direnez, harria azkenean apurtu egiten da.
- Termoklastia: Tenperatura-aldaketen ondorioz, mineralak dilatatu edo uzkurtu egiten dira; honek tentsioak eragiten ditu eta, hauek errepikatzean, harria apurtu egiten da.
- Haloklastia: Porositate handiko harrietan gertatzen da. Gatzdun ura arrakaletatik sartzen da eta, hau lurruntzean, gatza kristalizatzen denez, bolumena handitu eta harria apurtu egiten da.
- Bioklasia: Sustraiak pitzaduretan sartu eta loditzen badira, harria apurtu egiten dute.