Determinismo motak eta askatasunaren ukapena
Determinismoa
Hainbat teoriak ukatu egin dute askatasuna. Ez gara aske: jaioterria, norberaren sexua eta egoera ekonomikoa, besteak beste, baldintzatzaileak dira. Mugarik egon ez balitz, askatasun kontzeptua ez litzateke existituko.
Determinismo kosmologikoa: patua
Estoikoen eskola zabaldu zen. Haien ustez, badago unibertsoa zuzentzen duen Lege Unibertsal bat. Gizakiak ezin du ezer egin patua aldatzeko; alferrikakoa da gertatzen zaigunagatik asaldatzea. Gugandik kanpoko mundua ez dago menperatzerik. Ez dago askatasunik. Zoriontasuna barneko bakean aurkitu ahal da bakarrik. Barneko ongiak lortu behar dira zoriontsu izateko.
Determinismo teologikoa
Jainkoa orojakilea da, orainaren eta etorkizunaren berri du. Jainkoak badaki gizabanako bakoitzak zer-nolako ekintzak egingo dituen etorkizunean, nola jokatuko duen, eta gizakiok ezin dugu horren kontra ezer egin. Ahalguztiduna den Jainkoa baino boteretsuagoak izango ginateke bestela, eta hori ezinezkoa da.
Determinismo fisiologikoa
Gure gorputzkera eta izaera kode genetikoan finkatuta daude, eta ezin dugu askatasunarekin jokatu. Jaiotzen garenetik "onak" ala "gaiztoak" gara. Beraz, erantzukizun moralak eta legezkoak desagertuko lirateke.
Determinismo psikologikoa eta psikoanalitikoa
- Psikologikoa: W. Leibnizek formulatu zuen. Motibo indartsuenak nahimena determinatzen duela dio, eta ez dagoela askatasunez aukeratzerik.
- Psikoanalitikoa: Freudek asmatu zuen, eta honela dio: pertsona baten bizitza animikoan, senaren eta errepresioaren arteko oposizioa gertatzen da.
Heziketazko determinismoa
Skinner da teoria honen ordezkaririk ospetsuena. Heziketan hobetsitako jokabideak indartu egiten dira sarien bidez. Subjektuak libreak sentituko lirateke libre izan gabe. Ez litzateke roboten mundu bat izango, benetako aukerak egingo lituzketen gizakiak izango lirateke, nahiz eta aukerak hartutako heziketak baldintzatuta egon.
Determinismo ekonomiko marxista
Gizartearen azpiegitura ekonomikoak historiaren aldiak eta horietan gertatzen diren gizabanakoen kontzientzia, pentsaerak eta portaerak baldintzatzen ditu. Sistema ekonomikoak baldintzatzen du kultura; horren ondorioz, kultura horren barruan dagoen guztia, gizakiak barne, baldintzatuta dago.