Descartesen Filosofia: Arrazionalismoa, Metodoa eta Existentziaren Frogak

Filosofia eta etika5,94 KB

Arrazionalismoaren ezaugarriak

Arrazoiari garrantzia ematen dion korronte filosofikoa da arrazionalismoa, Descartesen filosofiaren oinarria. Descartes XVII. mendean bizi izan zen, Aro Modernoaren hasieran. Descartesen testuingurua aztertzean, kontuan izan behar ditugu eszeptizismoa, arrazionalismoa eta enpirismoa. Eszeptizismoak, XVI-XVII. mendeetan nagusitu zen korronte filosofikoak, egia ezin dela ezagutu defendatzen du. Descartesek eszeptizismoa gainditu eta egia ukaezin bat aurkitu nahi du, horretarako zalantza metodikoa erabiliz. Arrazionalismoa eta enpirismoa elkarren aurkako bi korronte filosofiko nagusi izan ziren. Arrazionalismoaren arabera, arrazoia da ezagutzaren iturria. Enpirismoaren arabera, ordea, ezagutzaren iturria esperientzia da. Descartesek arrazionalismo modernoa garatu zuen, harentzat arrazoiaren buruaskitasuna ezagutzaren iturri nagusia baitzen. Arrazoiak ez du bere gainetik beste irizpiderik onartzen: ez tradiziorik, ez federik. Egia zer den edo zer ez den epaitzea arrazoiari dagokio. Arrazionalismoaren ustez, errealitateari buruzko egiazko ezagutzak arrazoitik eta adimenetik datoz, eta esperientziak aukera baino ez dio eskaintzen arrazoiari.

Arrazionalismoaren ezaugarriak honakoak dira:

  • Konfiantza arrazoian: Ezagutza-iturri garrantzitsuena arrazoia da eta baliozko ezagutzak sor ditzakeen bakarra.
  • Ezagutza sentikorraren gutxiespena: Zentzumenek sarritan huts egitera bultzatzen gaituzte, eta ezagutza sentikorrean ezin dira berezko kasu guztiak esperimentatu, hau da, kasu partikularretatik kasu orokor batera ailegatzea.
  • Zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahitaezkotasuna: Zientzia unibertsala eta nahitaezkoa da. Horrelako ezaugarririk ez duen zientzia ezin da baliozkoa izan.
  • Munduaren arrazionaltasuna: Unibertsoko gertaera orok justifikazioa du; ezer ez da ausaz gertatzen. Kausa edo justifikazio hori arrazoiarentzat ezagungarria da.

Descartesen Metodoa: Indukzioa, Dedukzioa, Analisia eta Sintesia

Descartesek lau arauk osatutako metodoa proposatu zuen.

Lehen araua: Nabaritasuna

Nabaritasunak bi ezaugarri ditu: argitasuna eta bereizgarritasuna. Ideia bat argia izateko, beste ideietatik banandua eta nahastezina izan behar du; eta haren zatiak elkarren artean bananduta badaude, bereizgarria izango da.

Bigarren araua: Analisia (Intuizioa)

Descartesen ustez, ezagutzak egiazko ziurtasuna eskuratu nahi badu, sinpletik hasi behar du. Intuizioak ez du zalantzarako tarterik uzten. Beraz, proposizio korapilatsuen aurrean alderantzizko bidea egin behar dugu: proposizio nahasgarriak sinple bihurtu, sinpletasunean ez baitago huts egiterik.

Hirugarren araua: Sintesia (Dedukzioa)

Ziurtasun osoz ezagutzen ditugun gauza batzuen ondorioz beste batzuk ulertzean datza dedukzioa. Ez du intuizioak adina ziurtasunik, baina huts egin gabe joka dezake, pentsamendua etengabeko mugimenduan darama. Dedukzioak intuizioen segida suposatzen du, eta egia baten ebidentziatik egia berri batera heltzen gara. Dena dela, osotasunari buruzko ziurtasuna lortzeko, maila guztiei buruzko ziurtasuna lortu behar dugu; maila baten hutsuneak arriskuan jar dezake kate osoaren baliozkotasuna.

Laugarren araua: Berrikusketa edo Zerrendaketa

Arau honen helburua oroimenaren ahultasunetik datozen hutsuneez ohartaraztea da. Hutsuneak saihesteko, pentsamenduaren mugimendu etengabea egin behar dugu. Zerrendaketa osoa ez bada eta hutsuneren bat badago, arriskuan jartzen dira loturak eta ondorioaren ziurtasuna.

Jainkoaren eta Munduaren Existentzia Descartesen Filosofian

Descartes iritsi aurretik, pentsalariek munduaren existentzia frogatzen zuten lehenik, eta gero Jainkoaren existentziari buruzko frogak hartan oinarritzen zituzten. Descartesek, berriz, ordena aldatu zuen; nahitaezkoa izan zitzaion lehenik Jainkoaren existentzia frogatzea. Jainko ez-engainatzaile baten existentzia frogatu behar du, eta horrekin ziurtatuko du egiaren irizpidea aplikatzean, argitasuna eta bereizgarritasuna ez direla akatsak.

Jainkoaren existentziari buruzko frogak:

  • Lehen froga: Substantzia infinitua. Ideien artean Jainkoaren ideia dago, eta bere eduki objektiboa substantzia infinitua da. Eduki objektibo horren kausa substantzia infinitua izan behar du, halaber. Ni substantzia finitua naiz. Beraz, Jainkoa existitzen da, ideia horren kausa gisa.
  • Bigarren froga: Izaki perfektua. Tomas Akinokoari jarraituz, Izaki Beharrezko bat ezinbestekoa da izaki kontingenteak egoteko, eta Izaki hori Jainkoa da.
  • Hirugarren froga: Argumentu ontologikoa. Perfektua den izaki perfektuari ezin zaio existentzia falta, existentzia perfekzioa baita. Beraz, Izaki Perfektua, Jainkoa, existitzen da.

Descartesek gauza pentsatzailea (res cogitans) eta gauza infinitua (Jainkoa) aurkitu ondoren, gauza gorpuzdunen existentzia frogatu nahi du. Horretarako, bere baitan dauden ideietara jotzen du. Gauza sentikorren ideiak aurkitu, eta zer-nolako kausak sortu dituen eta nondik datozen galdetzen du. Honi erantzuna ematen dio, bera gauza pentsatzailea baino ez dela esanez, eta beraz, ezin dela bera kausa izan, bere borondatearen aurka agertzen direlako bere baitan ideia horiek sarritan. Jainkotik ere ezin dira etorri, Jainkoak ez baitio eman hori horrela denik ezagutzeko ahalmenik. Aldiz, gauza sentikorrek bidalitako ideiak direla onartzeko joera du. Jainkoa guztiz perfektua eta egiazkoa denez, eta berak sortua denez, ezin du bera engainatu. Beraz, Descartesentzat, Jainkoak bermatzen du ideia eratorriek kanpoko munduarekin korrespondentzia dutela. Ondorioz, Descartesek hiru jatorrizko ideia bereizten ditu: Arima (substantzia pentsatzailea), Jainkoa (substantzia infinitua) eta Materia (substantzia hedatua).

Deskargatu

PDF Word HTML